Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Portuen eta Itsas Garraioaren lege-proiektua onartu du

2015.eko azaroak 03

Gobernu-kontseiluak gaur onartu du Euskadiko portuen eta itsas garraioaren gaineko lege-proiektua, Legebiltzarrera igorriko dena eztabaidatu eta berretsi dezan. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik uste duenez, «aspaldian adostasuna lortu ezinik egon ondoren, oraingoan, eragile interesdun guztiek esku hartu duten oinarri legegilea eskainiko da». 

 

Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko portuetan aplikatuko da: Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia, ez ordea interes orokorreko EAEko portuetan, Bilbon eta Pasaian, beraz.

 

«Lege-proiektuaren helburuak honakoak dira: portuetan eta portuko zein itsas instalazioetan aplikagarria den erregimen juridikoa ezartzea; portuko jabari publikoaren kudeaketa arautzea; Euskal Autonomia Erkidegoko portu-administrazioaren egitura eta funtzionamendua zehaztea –KAIAK zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortuta–; portuko jabari publikoaren erabileraren eta portu-zerbitzuak ematearen ondoriozko araubide ekonomiko-finantzarioa arautzea; itsas garraioa ordenatzea, bidariena, salgaiena eta mistoa, EAEren eskumenekoa denean; eta portuko jabari publiko autonomikoko zehapen-araubidea finkatzea, hala nola ikuskaritza- eta kontrol-ahalak», azaldu du Ana Oregi sailburuak.

 

Legeak Portuen Udal Kontseilua sortzea aurreikusten du. Erakundeek eta herritarrek parte hartzeko bitartekoa izango da, portu-administrazioaren eta portua duten udalerrietako udal-administrazioaren arteko harremanak egituratzeko.

 

Portuen plangintzari eta ordenamenduari dagokionez, portu-eremuen gaineko eskumena duten administrazioak koordinatzea eta, portua duten udalerrietan eta hirietan, portuko jarduerak eta egunerokoak bateragarriak izatea lortu nahi da. Horretarako, Portuko Antolamendu Plan Berezietako eta portualdeen hirigintza-antolamenduko plangintza- eta ordenamendu-bitartekoak baliatuko ditu. Portuko guneak eta erabilerak mugatzeko, portuetako zerbitzuguneetako erabilera eta instalazioak arautuko ditu.

 

KAIAKen sorrera

Lege berriak zehazten du Kaiak zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren figura, EAEren eskumeneko portu-instalazio guztiak kudeatuko dituena. Euskadiko portu-azpiegitura guztiak eredu bakar baten arabera kudeatzea da helburua, horien kudeaketa publikoari eustea oinarritzat hartuta eta portu-azpiegiturak kudeatzeko egungo eredu elkarren artean desberdinak atzean uzteko asmoz.

Horretarako, administrazio-ahalak gauzatzea beharrezkoa den eredu guztiak, mugatzekoak, kontrolekoak, esku hartzekoak edo zergapetzekoak kasu, zuzenbide publikoaren mende jarriko dira. KAIAKen barnean egongo dira portuen kudeaketan parte hartzen duten erakunde publikoak.

 

Euskadiko portuen araubide juridikoa

Euskadiko portuen araubide juridikoak eredu orokorreko portuak egituratzen ditu, erabileraren arabera ez daudenak sailkatuta, eta autonomia-erkidegoko portuen ezaugarriak kontuan hartzen ditu. Izan ere, gehienetan, portuko jarduerak eta erabilerak espazio fisiko berdinean gauzatzen dira.

Eusko Jaurlaritzak, onartu duen proiektuan, portu-zerbitzu publikoak eskaintzea eta portuko jabari publikoa modu pribatiboan erabiltzea lehenesten ditu, baldin eta aurretiaz baimena jaso bada eremua ondasun higikorrekin edo instalazio desmuntagarriekin edo horietako batere gabe okupatzeko. Baimen horien indarraldia gehienez hiru urtekoa izango da, luzapenak barne.  

Emakiden kasuan, obra edo instalazio ez-desmuntagarrien bidezko okupazioaren baimenaldia berrogeita hamar urtekoa izango da, luzapenak barne. Amarratzeko lekuen baimenari dagokionez, gehienez bost urteko indarraldia izango dute, beste bost urtez luzatzeko aukerarekin.

 

Enpresen erregistroa

Legearen arabera, Itsas Garraioko Enpresa Operadoreen Erregistroan inskribatu beharko dira pasaiako, salgaien eta mistoen itsas garraiorako enpresak. Informazioa publiko egitea beste helbururik ez du izango erregistroak. Inskripzioan zehaztu beharko dira zerbitzuaren ibilbideak, ordutegiak eta prestazio-aldia, itsasontzia eta bere ezaugarriak eta tarifak eta gainerako baldintza ekonomikoak.

 

Polizia Araubidea eta Zehapen Araubidea

Lege-proiektuaren polizia- eta zehapen-araubideak portuetako jarduerak babesteko bermeak ezartzen ditu, hala nola desjabetzeko eta edukitza-berreskuratzeko ahalak gauzatzekoak, legezkotasun-printzipioan oinarrituta, eta zehapen arinak, astunak eta oso astunak tipifikatzen ditu (arau-hauste arinetan, 12.000 euro arteko zehapenak; arau-hauste astunetan, 12.001etik 500.000 eurora arteko zehapenak; eta arau-hauste oso astunetan, 500.001etik 1.000.000 eurora arteko zehapenak).

 

Portuko tasak

Portuko tasen araudia berrikusi da legean, horien definizioak eta egiturak berrituta. Berritasunen artean dago bidaiarientzako T-2 tasa, Europako edo kanpoko kabotajerako ezarritako kuotak bateratu direna. T-3 tasa. Salgaiak: iragaitzazko salgaien eragiketei salgaien jatorrien arabera aplikatu beharreko kuotak bateratu dira eta egunean jarri da Short Sea Shipping kontzeptua, Europar Batasuneko araudira egokituz. % 25eko murrizketa portuko zerbitzuguneetan trenbidez sartzen diren salgaiek ordaindu beharreko kuotan, edota portutik trenbidez irteten direnek ordaindu beharrekoan, portuak estatuko nahiz nazioarteko kate logistikoetan txertatzeko.

T-5 tasa. Seigarren eta zazpigarren zerrendetako itsasontziak: pentsiodunei aplikagarri zaien murrizketa aldatzea; hau da, lanbidearteko gutxieneko soldata halako bi baino txikiagoak diren urteko diru-sarrerak egiaztatzen dituzten horiei. Era berean, hobari berri bat sartuko da iragaitzazko erabiltzaileek pantalanak berrerabiltzea sustatzeko.

T-6 tasa. Kargak jasotzeko zerbitzuak: kuota bakarra ezarriko da kargak jasotzeko zerbitzu desberdinetan. T-8 tasa. Uraren eta energia elektrikoaren hornidurarengatiko tasa: kuota berdina ezarriko da portu guztietan, zerbitzua ematen duen portuko administrazioak dituen kostuetan oinarrituta.

Okupazio pribatiboagatiko eta portuko jabari publikoaren erabileragatiko tasa: berariazko kuota bat izango dute jada eraikitako edo itsas zein kirol erabileratarako eremuen emakidek, baita jada ekipamenduarekin hornitutako higiezinen emakidek ere.

 

Gai-zerrenda (2015/10/27)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2015.11.03)

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)