Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskalduntze programa batek euskal-amerikarrak euskara irakasle izateko prestatuko ditu

2010.eko uztailak 30

Lehendakaria AEBetako Euskal Zentroen Federazioaren Asanbladara (NABO) joan da

Etxepare Institutuak euskal-amerikarrak euskara irakasle izateko prestatzeko euskalduntze programa berri bat abian jarriko du. Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimen honen helburua erkidego euskal-amerikarrarekiko “loturak indartzea” eta “euskara lurralde horretatik zabaltzea” da. Patxi López lehendakariak horixe azaldu du AEBetako Euskal Zentroen Federazioaren Asanbladan (NABO), Boisen (Idaho).

Patxi López lehendakaria Jaialdia dela eta egin den AEBetako Euskal Zentroen Federazioaren Asanbladara (NABO) joan da Boisen (Idaho) eta bertan, AEBetan euskal-amerikarrak euskara irakasle izateko prestatzeko euskalduntze programa berri bat abian jarriko dela aditzera eman du. “Kosta zaigu lortzea, baina azkenean, zerbitzu hau eskaini ahalko dugu eta zalantzarik gabe, lagungarria izango da gure loturak indartu eta euskara lurralde honetatik zabaltzeko”, adierazi du lehendakariak.

 

AEBetako Euskal Zentroen Federazioaren Asanblada (NABO) bost urtez behin egiten da Boisen (Idaho), Jaialdia egiten den garaian, hain zuzen. Aurtengoan, Patxi López lehendakaria arduratu da gaurko jardunaldiari hasiera emateaz. Ekitaldi horretan Blanca Urgell Kultura sailburua, Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria eta Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia ere egon dira.

Euskal-amerikarren euskalduntze programa abian jarri da dagoeneko 15 pertsonako talde batekin. Estatu Batuetako hainbat estatutatik ez ezik, Kanadatik ere etorritako parte-hartzaileak izango ditu eta laster, euskara irakasle izateko prestatzen hasiko dira. Programa honekin, Jaurlaritzak “loturak indartu eta euskara lurralde honetatik zabaltzeko” helburua daukala azaldu du lehendakariak. “Duela gutxi eratu zen Etxepare Institutuak kudeatuko duen programa berri bat da eta ziur gaude oso harrera ona izango duela” iragarri du Lópezek. Lehendakariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu programa martxan jartzeko kostu ekonomikoak, baita baliabide teknikoak ere, “eta zuek –NABOren Asanbladan egon diren euskal etxeetako kideei zuzenduz- Euskaditik dakargun ahotsaren mezulariak izango zarete, gero eta urrunago eta gero eta ozenago entzun dadin”, erantsi du.

Bere esku-hartzean, Lópezek AEBetako euskal diasporaren lana txalotu nahi izan du Estatu Batuetan euskal identitatea bizirik mantendu dutelako, izan ere, lehendakariaren hitzetan “euskal erkidegoarentzako ezinbesteko erreferentzia” bihurtu dira. “Amerikako Estatuetako euskal herritarren arteko loturak zarete, baita garai desberdinetako euskal herritarren artekoak ere”, esan du. Lehendakariak etorkizuneko belaunaldiek “su hori bizirik mantentzea” nahiko lukeela adierazi du. “Kate horri eusten jarraitzea, arrakastaren finkapena izango baita”, esan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria