Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Boiseko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Programa 2015era arte berritu du

2010.eko uztailak 30

Blanca Urgell Kultura sailburuak aurrerantzean bost urteko indarraldia izango duen hitzarmen baten luzapena sinatu du

Boiseko unibertsitatean gaur goizean sinatu da Boiseko unibertsitatea eta Eusko Jaurlaritza Euskal Herriarekin lotutako ikerketa eta gaien azterketa-lanetan lotzen dituen Euskal Ikasketen Programa luzatzeko hitzarmena. Patxi López lehendakariak hitzarmen honen garrantzia azpimarratu du, bere hitzetan, Gasteizko Gobernuaren xedea “garen bezala ezagutu gaitzatela eta gure kultura eta gure hizkuntza mugarik gabe heda daitezela” da.

Eusko Jaurlaritzak Boiseko unibertsitatearen Euskal Ikasketen Programa babesten jarraituko du euskal kulturarekin lotutako ikerketa eta gaien sustapena bultzatzeko. Kultura Sailburuak 60.000 euroko ekarpena egingo du bost urteko indarraldia izango duen eta 2015eraino iraungo duen hitzarmenetarako. Patxi López lehendakariaren hitzetan, hitzarmen honen luzapenarekin Gasteizko Gobernuak lortu nahi duena da “mundura irekitzen jarraitzea, garen bezala ezagutu gaitzatela eta gure kultura eta gure hizkuntza mugarik gabe heda daitezela”.

Hitzarmenaren luzapena Boiseko unibertsitatean sinatu da, bertako futbol amerikarreko estadiotik oso hurbil. Patxi López lehendakariak ekitaldia zuzendu du eta bertan, AEBetara joan den Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak ere parte hartu du. Blanca Urgell Kultura sailburuak sinatu du hitzarmena. Sona Andrews Boiseko unibertsitateko Provosta izan da Boiseko unibertsitateak hitzarmena sinatzeko hautatu duen pertsona.

Hitzarmenaren luzapenak bi aldaketa garrantzitsu dakartza aurrekoarekin alderatuta. Bata, hitzarmenaren iraupena, izan ere, 2015erainoko indarraldia izango du, baina bost urtez behin berrituko da, hau da, lehen baino urtebete gehiagoko indarraldia izango du. Eta bestea, programa honetara 10.000 euro gehiago bideratuko dira, hortaz, 60.000 euro esleituko zaizkio. “Zuhurtasunez jokatzea beharrezkoa den garai honetan ere, ahalegin hau egitea beharrezkoa dela uste baitugu krisiak edo beste edozein gertakizunek dagoeneko herrialdearen konpromisoa den ekimen hau geldiaraztea ekiditeko”, azaldu du lehendakariak. Lehendakariaren arabera, Eusko Jaurlaritza ziur dago “Boiseko Unibertsitatearekin eta hemen finkatuta dagoen euskal erkidegoarekin daukagun konpromisoa Euskadiko Gobernuen kolorea baino garrantzitsuagoa dela”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria