Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

2016an Herri Administrazio eta Justizia sailaren aurrekontua 227,9 milioi euroraino handituko da

2015.eko azaroak 05
  • Gobernuak % 14,8 handitu du inbertsioa, justiziaren esparruko oinarrizko zerbitzu guztietan, eta programa hauek ondo funtzionatuko dutela bermatuko du horrela: Gazte Justizia, Familia Elkarguneak eta Doako Laguntza Juridikoa.
  • 2016an instalazio judizialak hobetzeko inbertsioekin jarraituko dute, orobat, eta Bilboko Familia Elkargune berriaren, Bizkaiko Fiskaltzaren egoitzaren, eta Euskadiko Justizia Jauregien instalazioak berritzeko eta hobetzeko lanak bultzatzeko kontu-sailak sartu dira aurrekontuan.
  • Azkenik, Jaurlaritzak 581.6000 euro inbertituko ditu gardentasunerantz eta gobernu onerantz aurrera egiteko aukera emango duten tresnetan. 

Herri Administrazio eta Justizia Sailak 227,9 milioi euroko aurrekontua izango du guztira 2016an; hau da, 2014an baino % 1,2 gehiago. Sailaren aurrekontu osoaren hiru laurden (% 76,2) Justiziako eta Justizia Administrazioko arloei dagozkie: 2016an, 173,6 milioi euroko aurrekontua izango dute guztira, 2014an baino 6 milioi euro gehiago, alegia.  Horrenbestez, justizia arloan funtsezko diren programa eta zerbitzu sozial guztiak finkatzeko eta bermatzeko konpromisoa berresten du Eusko Jaurlaritzak.

JUSTIZIA ARLOKO GIZARTE-GASTUA

Justiziaren arloko gizarte-gastua 1 milioi (% 14,8) handitu da 2015eko aurrekontuaren aldean, eta 33,7 milioi eurora iritsi da.

Esparru horretan, sail handienak Doako Laguntza Juridikoa eta Gazte Justizia finantzatzeko bideratu dira. Hain zuzen, justiziaren esparruko gizarte-programa eta -zerbitzuak finantzatzeko eskuragarri dagoen aurrekontuaren % 82 hartzen dute horiek. Ildo beretik, hauek dira aurreko urtearen aldean gehien hazi diren zerbitzu eta programak: gizarteratzekoak eta laneratzekoak, batetik, eta Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzua, bestetik. Hurrenez hurren, % 25 eta % 20 hazi dira.

  • 14,5 milioi €, Doako Laguntza Juridikoko Zerbitzurako: 2015ekoaren aldean, bertsu mantenduko da. Aurrekontu sail horrekin, baliabiderik ez duten edo egoera bereziki ahulean diren pertsona guztiek justizia-zerbitzuak doan jasotzeko gastua finantzatuko da: inputatuta, atxilotuta edo preso daudenak, ez badituzte baliabide ekonomikorik; genero-indarkeria, sexu-erasoaren eta etxeko indarkeriaren biktimak, terrorismoarenak, adingabeak, atzerritarrak, desgaitasun psikikoa dutenak, abusuen edo tratu txarren biktimak eta abar....

Horretaz gain, Orientazio Juridikoko Zerbitzua abian jartzeko gastuak finantzatuko dira partida horrekin. Zerbitzu horrek prozesu judizialaren aurretik aholkularitza eta orientazioa eskaintzen du, doan. 

  • 13,1 milioi €, Gazte Justiziarako: Gobernuak % 1,08 handitu du epaileek eta auzitegiek gazte delitugileei ezarritako neurrien betearazpena finantzatzeko aurrekontua. Eusko Jaurlaritzak zortzi zentroko sare bat du hiru lurraldeetan, baina, horrez gain, neurriok «Ingurune Ireki»an betetzen ari diren adingabeak gizarteratzeko programa guztiak kudeatzen eta finantzatzen ditu. Ingurune irekia honetan datza:adingabea bere familia-eremuan geratzen da, baina eguneko zentroetara joanda; tratamendu anbulatorioa jasotzen du, zaintzapeko askatasun erregimenean eta zeregin sozioedukatiboekin; komunitatearen aldeko lanak egiten ditu; asteburuan etxean geratzen da, eta abar.
  • 1,5 milioi €, Familia Elkarguneetarako: aurrekontu-sail hori iazkoaren antzekoa da. Eusko Jaurlaritzak, guztira, epailearen aginduzko bost Familia Elkargune finantzatzen ditu Euskadin. Araba (Gasteizen), Gipuzkoa (Donostian), Portugalete/Zalla (egoitza bikoitza), Barakaldo eta Bilbo. Eusko Jaurlaritzaren doako zerbitzu hori darabilten familien % 96,86k seme-alaben trukea egiteko eta/edo epaitegiek agindutako tutoretzapeko bisitetarako erabiltzen dute. Gehienak (% 88,6) familia-epaitegietatik eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegietatik datozen familia-gatazkak dira, eta % 35,68k urrutiratzeko edo babesteko agindua dute. Arreta emandako adingabe gehienak 3 eta 11 urte artekoak dira; horien tutoreek, berriz, 35 eta 44 urte bitartean dituzte.

Kontu-sail horretan, Eusko Jaurlaritzak 2016an inbertituko dituen beste 500.000 euro gehitu behar dira; Bilbon –zehazkiago, Santutxun– beste Familia Elkargune bat ekipatzeko eta abiarazteko erabiliko dira. Uribarri auzoan dagoena ordezkatuko du lokal berriak, eta epailearen aginduz zerbitzu hori darabilten Bilboko eta Bizkaiko beste zenbait gunetako familiei zuzenduko zaie. Instalazio berriek 390 metro koadro izango dituzte. Hala, Bilboko familia-elkargune berria gaur egungoa baino zabalagoa eta modernoagoa izango da, eta hobeto hornituta egongo da.

  • 829.600 €, Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzurako: Eusko Jaurlaritzak zerbitzu hori indartuko du, eta 100.000 euro gehitu dizkio aurrekontu-sailean: hau da, % 20,56 handitu da 2015eko aurrekontuaren aldean. Emendioari esker, hiru pertsona gehituko dira zerbitzu horren arduran. Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuak, hain zuzen, espetxe-zigorrak komunitatearen aldeko lanengatik aldatzeko edo bestelako gizarteratze-programetan parte hartzeko aukera ematen die astuntasun txikiagoko delituak egin dituzten pertsonei.
  • 609.600 €, Biktimari Laguntzeko Zerbitzurako: zerbitzu hori Jaurlaritzak eskaintzen du, biktima guztientzat, egoitza judizialean bertan. Zerbitzu horri dagokio biktimei beren erasogilea kartzelatik atera dela jakinarazteko ardura.
  • 585.800 €, Bitartekaritzako Zerbitzuetarako:zigor arloko eta arlo zibileko auzitegi barruko bitartekaritza-zerbitzuak dira, baita Ekonomisten Euskal Elkargoak arazoak dituzten eta hipoteka ordaintzeko aholkularitza behar duten hipoteka-bitartekaritzako zerbitzuak ere.
  • 500.000 €, Gizarteratzeko eta Laneratzeko Programetarako:Euskadin preso daudenak berriz gizarteratu eta laneratzeko programetan ere goratu du inbertsioa Eusko Jaurlaritzak. Hala, 100.000 euro gehiago bideratuko ditu horretarako; hau da, % 25 gehiago.

HOBEKUNTZAK JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAN

Justizia Administrazioaren esparruan, nabarmengarria da 17,9 milioi euroko balioko aurrekontu-sail multzo bat. Informatika-sistema judiziala kudeatzera eta mantentzera xedatu da, Euskadiko auzitegietako judizio-aretoetako grabazio-sistemak berritu eta hobetzea barne.

Orobat, 1,1 milioi euroko beste aurrekontu-sail bat ere aurreikusi dute, Euskadiko Justizia Jauregietako altzariak eta aire-girotzea hobetzeko.

Esparru horretan ere, 720.000 euroko inbertsioa xedatu dute Herri Administrazio eta Justizia Sailaren aurrekontuetan, hain zuzen, Bizkaiko Probintzia Fiskaltzaren etorkizuneko egoitza, Bilboko Henao kalean, berregituratu eta egokitzeko. Aurreikusi dutenez, 2016ko lehen hiruhilekoaren amaieran deituko dute lan horiek esleitzeko lehiaketa publikoa. Barrualdeen berregituraketa datorren urtearen amaiera aldean hasiko dela kalkulatu dute; halako moldez, non bi urte eta erdian amaituko baitira lanak (hasi ziren datatik zenbatuta), eta, horrenbestez, 2019 erdialderako prest legoke eraikina.

HERRITARREKIN ELKARRERAGINA

Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza eta Administrazio Elektronikoko arloak 13,8 milioi euroko aurrekontua izango du 2016an: horietatik 7,3 milioi euro (hau da, % 53) herritarrekin elkarreragiteko tresnetan inbertituko dira.

Gobernuak 581.6000 euro inbertituko ditu gardentasunerako eta gobernu onerako bidean aurrera egiteko aukera emango duten tresnetan. Iaz, 2015ean, baino 100.000 euro gehiago dira (% 21 gehiago, alegia); beraz, esparru horretan gehien handitu den kontu-saila da.

Arlo horretan sartzen dira, gainera, 5 milioi euroko zenbait zuzkidura, zertarako eta Euskal Administrazio Publikoaren zerbitzu elektronikoen eredua eta beste erakunde batzuekin elkarreragina finantzatzeko, bai eta zerbitzu elektronikoen baterako plataformaren bilakaerarako ere. Sail horretan, % 6 gehitu da aurrekontua.

Eta herritarrei Euskadiko Administrazio Publikoarekin elkarreragiteko eskubidea ez ezik, administrazioarekin euskaraz erlazionatzeko eskubidea ere bermatzen die Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, Herri Administrazio eta Justizia Sailak 11 milioi euro inbertituko ditu 2016an, herri- zein justizia-administrazioan lan egiten duten langile guztiak euskaldundu eta hizkuntza-normalkuntzan aurrera egiteko.

ARAUBIDE JURIDIKOA

Eusko Jaurlaritzaren araubide juridikoaren arloak 4,8 milioi euro izango ditu eskuragarri 2016an, honako helburu hauetarako: auzitegietan Eusko Jaurlaritzaren defentsa bermatzeko, eskumenak babesteko, Gernikako Estatutua egokitu eta garatzeko, arauen kontrola egiteko, eta abarrerako. 2015eko kopuru bera da.

Horrez gain, Aholku Batzorde Juridikoaren finantzazioari eutsi zaio, eta ia 1,1 milioi izango ditu baliagarri. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko guztientzako kontsulta-organo hori zuzenbidearen arloko 14 profesionalek osatzen dute.

ERAKUNDEEN ARTEKO HARREMANAK

Gobernuak 2,2 milioi euro bideratuko ditu 2016an erakundearteko harreman eta komunikazioak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren kudeaketa eta argitaratzea, fundazioen kontu eta aurrekontuen azterketa, etab. finantzatzera. 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @OrrantiaTar
    2015.eko azaroak 06

    Comentario de Twitter:
    Irekia - El presupuesto del Departamento de Administración Pública y Justicia se eleva en 2016 a... https://t.co/1rt3WVDsv1

  • @Gob_eus
    2015.eko azaroak 06

    Comentario de Twitter:
    [PRESUPUESTOS] El presupuesto del Dpto. de Admin. Pública y Justicia se eleva en 2016 a los 227,9 millones de euros➡ https://t.co/HyQjikXCSR

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)