Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak Ertzaintza berritzen jarraituko du, eta 6 milioitik gora bideratuko ditu 25. promozioko 250 ertzaina trebatzen eta 26. promoziorako 250 ertzaina aukeratzen

2015.eko azaroak 05

Ertzaintzaren 25. promozioa azaroaren 16an hasiko da trebakuntzako bederatzi hilabeteak egiten Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian

2016ko aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Eusko Legebiltzarrean, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagarekin, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Iñaki Gurtubayrekin, Polizia eta Larrialdi Zerbitzuen Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenarekin eta Kudeaketa Ekonomikoko eta Baliabide Orokorren zuzendari Guadalupe Caminorekin batera. Orotara, 633.482.000 milioi eurokoa izango da 2016ko aurrekontua, iazkoa baino % 2,7 handiagoa (16 milioi gehiago).

Segurtasun Sailak aurkeztu dituen aurrekontuetan, Ertzaintzaren belaunaldiak berritzeko apustua egiten du, horretarako bitarteko ekonomikoak ipinita. Hala, alde batetik, 25. promozioa osatzen duten 250 ertzain trebatuko dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Eskolak azaroaren 16an hasiko dituzte, astelehenez. Eta, bestetik, 26. promozioa osatuko duten beste 250 ertzain aukeratuko dira. Horretarako, 6 miloi eurotik gora bideratuko dituzte.

«Azkeneko hiru aurrekontu-ekitaldietan ahalegina egin da urtero-urtero hautaketa- eta trebakuntza-prozesu bat egiteko, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente-kategorian sartzeko; guztia ere Segurtasun Batzordean adostutako agente kopurua izateko eta batez beste 47 urte dituen plantilla berritzen joateko», nabarmendu du Estefanía Beltrán de Herediak, Segurtasuneko sailburuak. Era berean, adierazi du legegintzaldi honetan hiru hautaketa- eta trebakuntza-prozesu deituko direla; hau da, guztira 620 ertzaina. Kopuru hori 2001-2005 legegintzalditik izan den handiena da, orduan 650 plaza deitzeko bi promozio izan baitziren.

Langileen gastuei dagokienez, 478,3 milioi euro bideratuko dira Ertzaintzaren ordainsarietarako, baita Segurtasun Saileko funtzionarioen eta langileen ordainsarietarako ere. «Kopuru horrek ederki erakusten du zeinen garrantzitsua den guretzat giza kapitala kudeatzea», adierazi du EAEko segurtasunaren arduradun nagusiak.

Funtzionamendu-gastuen kapitulurako partida 105,4 milioikoa izango da eta poliziaren ibilgailuen parkerako, uniformeetarako, Ertzaintzako polizia-zenbatekorako, mantentzerako eta informatikako nahiz telekomunikazioko sistemetarako izango da, baita helikopteroetarako eta Polizia Zientifikoaren Unitatearen eguneroko lanerako tresneriarako ere.

Inbertsio berriei dagokienez, 21,9 milioi euro bideratuko dira; hau da, iaz baino % 23,45 gehiago. Hor barruan, nabarmentzekoak dira polizia-instalazioak egokitzeko proiektuak eta obrak, bi helbururekin: batetik, poliziaren egungo beharretara egokitzea instalaziook eta, bestetik, instalazioak polizia-eredu lagunkoiaren eredura moldatzea.

- Adibidez, zaharberritze- eta egokitze-obrak egitea.

  • Arrasateko Herritarren Arretarako Bulegoa eta Tolosako ertzain-etxea (1.003.560 euro).
  • Zabalburuko Herritarren Arretarako Bulegoko lanak, Ondarroako ertzain-etxea berritzea eta Getxokoa berritzeko proiektua (848.780 euro).

Eguneroko martxan zerbitzua eskaintzera bideratutako gastuen atalean, nabarmentzekoa da 4,7 milioi euroko partida orokor bat, ertzainen jantzietarako. Unitate berezien materialetarako eta ekipamenduetarako (Interbentzioa, Zaintza eta Erreskatea, Trafikoa eta Brigada Mugikorra), aurrekontuak 927.000 euro bideratzen ditu.

Berritzeko plana

Ertzaintzaren ibilgailu-parkea berritzeko, 2016ko aurrekontuak polizia-ibilgailuak jabetzan erostea aurreikusten du (lur orotarikoak eta trafikoko furgonetak) 1.566.000 euro bideratuta. Partida horri gaineratu behar zaizkio 2015ean bideratutako hiru milioi euroak, renting bidez bereizgarririk gabeko 600 ibilgailu berri eta patruilarako 120 auto erosteko (horietatik 80 datozen hilabeteetan jasoko dira eta beste 40 2016an).

Aurrekontuko beste alderdi nagusietako bat informatikarako eta telekomunikazioetarako zenbatekoa da. Izan ere, 2016. urtean 30 milioi eurokoa izango da.

Partida horrekin beste hainbat proiektu jorratuko dira: Ertzaintzaren APPa berritzea, polizia-lanetarako tabletak erabiltzea mugikortasun-proiektuetan, dokumentazioa partekatuta kudeatzeko Elkarlan proiektua, SAP berria garatzea erosketen kudeaketa ekonomikoa egiteko, biltegi-hornidura, zerbitzu-eskaera edota Enbor Sarea berritzea (komunikazioetarako Tetra sarea, ahotsarekin eta datuekin) 9.000 erabiltzailerekin, 2 milioi dei hilean eta bost milioi datu-truke segurtasunerako eta larrialdietarako euskal sistemaren eskura.

Hauteskunde-prozesuetarako partida handitu da

Ertzaintzaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planak, 2015ean abiarazitakoak, milioi bat euroko partida aurreikusten du 2016rako, ertzainak euskara ikasteko liberatzeko.  

Gainera, 2016ko ekitaldirako 11,7 milioiko zenbatekoa bideratuko da Trafikoko Zuzendaritzarako, 7,7 milioiko zenbatekoa Larrialdien eta Meteorologiaren Arreta Zuzendaritzarako, 1,8 milioiko zenbatekoa Jokoa eta Ikuskizunak atalerako eta 5,2 milioi Hauteskunde Prozesuetarako.

Hain justu, 2016an hauteskunde autonomikoak izango dira EAEn, eta horrek hauteskunde-prozesuetarako 6 milioi euroko partida eskatzen du, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak antolatzeko eta kudeatzeko. Kopuru horri gaineratu behar zaizkio: ohiko gastuetarako alderdi politikoei eman beharreko diru-laguntzak (4.536.000 euro) eta hauteskundeetarako legeek aurreikusten duten 4.900.000 euroko diru-laguntza.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarako aurrekontu-proiektuak, halaber, 14.567.000 euroko zenbatekoa aurreikusten du; hain justu, 2015ean baino % 6,5 gehiago. Izan ere, 2015eko azaroaren 16an Ertzaintzaren XXV. promozioa hasiko da, 250 ikasle guztira, eta, horrez gain, 2016 amaieran XXVI. promozioa ere jarriko da abian.

 

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @OrrantiaTar
    2015.eko azaroak 05

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Seguridad profundiza en la renovación generacional de la Ertzaintza destinando más de 6... https://t.co/R5yo6IE0jv

  • @kalamua
    2015.eko azaroak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [PRESUPUESTOS GENERALES] Seguridad profundizará en la renovación generacional de la Ertzaintza ➡ https://t.co/eN8shoWqAW

  • @PNV_Indautxu
    2015.eko azaroak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [PRESUPUESTOS GENERALES] Seguridad profundizará en la renovación generacional de la Ertzaintza ➡ https://t.co/eN8shoWqAW

  • @Gob_eus
    2015.eko azaroak 05

    Comentario de Twitter:
    [PRESUPUESTOS GENERALES] Seguridad profundizará en la renovación generacional de la Ertzaintza ➡ https://t.co/eN8shoWqAW

  • @rgartzia
    2015.eko azaroak 05

    Comentario de Twitter:
    Seguridad profundiza en la renovación generacional de la Ertzaintza destinando más de 6 millones a la formación... https://t.co/Nc9GzNL0q6

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)