Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 2.842 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du 2016an, egungoa baino %1,53 handiagoa

2015.eko azaroak 05

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak 2016ko kontuak aurkeztu ditu Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean. Sailburuordeak lagun zituela, bere Sailak osatu dituen aurrekontuen alderdirik esanguratsuenak azaldu dizkie Uriartek legebiltzar taldeei.

Aurrekontu Lege Proiektuak 2.842 milioi euroko diru-partida aurreikusten du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarentzat, aurreko urtearekin alderatuta %1,5eko igoera. Indarrean den ekitaldian baino 43 milioi gehiago daude gasturako.

Sail honek lehentasunezko izaten jarraitzen du  Eusko Jaurlaritzarentzat, eta horrelaxe erakusten dute datuek. 2016an Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren aurrekontua Eusko Jaurlaritzak gastura bideratzen duen diruaren %18,3 izango da (zorraren amortizaziora bideratutako dirua kenduta). Portzentaje hau 2015ean izan zuen pisua baino zerbait altuagoa da.

Hezkuntza eremuak lehentasunezko izaten jarraitzen du Eusko Jaurlaritzarentzako. Hezkuntza, Euskadiko giza eta gizarte kapitala eratzeko tresna estrategikoa da. Ongizate estatuaren funtsezko zati izaki, hezkuntzarako egiten den ekarpena gobernuak bultzatzen dituen gainerako gizarte politikei gehituz gero, Eusko  Jaurlaritzak diseinaturiko aurrekontu proiektuaren 4 eurotik 3 gizarte arloko politiketara bideratzen dira.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak aurkezturiko gastu guztian, nabarmentzekoa da lehen kapitulua, pertsonal gastuei dagokiena, aurrekontuaren %43,5 dela. Portzentaje hau %77ra iristen da itunpeko ikastetxeetako eta UPV/EHUko langileen gastuak, eta Sailari atxikitako beste zenbait erakunde publikoren pertsonal gastuak gehitzen baditugu (HABE, Haurrekolak Partzuergoa, EiTB, edo Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, besteak beste). Horiek guztiak kontuan hartuta, pertsonal gastua 2.190 milioi eurora iristen da, 25 milioi euroko hazkundearekin (%1eko soldata igoera, eta 2012ko aparteko ordainsariaren %25aren ordainketa).

 

Kalitatezko hezkuntza inklusiboa bermatzeko asmo sendoarekin, azpimarratzekoa da unibertsitatez besteko beka orokorretara bideratuko den diru-saila. Berriki Eusko Jaurlaritzak beka hauetarako diru-kopurua handitzea onartu ondoren, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egonkortu egin du hazitako kopuru hau, 54 milioi eurokoa, eta gainera bermatu egin du kopuru hori handitu egingo dela –beharrezko balitz- beka-eskubidea duten familia guztien eskaerak bete arte. Era berean, datorren ikasturtean aurreratu egingo dira beka orokorren ebazpenak. Ikasturtearen lehen hiruhilekoan eta urte berriaren hasieran ebatziko dira. Honela, beka horiek jasotzen dituzten 120.000 familiek kostu horiei aurre egin beharra saihestuko da.

Era beran, hezkuntzako zerbitzu osagarriak bermatzeko (eskola-garraioa eta jantoki zerbitzua eskaintzea) 57 milioi euro bideratuko dira; 26 milioi garraiorako eta 31 jantoki zerbitzurako. Egun, 92.000 ikaslek erabiltzen dute jantoki zerbitzua, eta 23.600 ikasle garraiatzen dira egunero.

Hezkuntza beharrizan bereziak dituzten ikasleek Sail honen lehentasun nagusien artean jarraitzen dute, hezkuntza sistema inklusibo eta ekitatiboa bermatze aldera. Helburu horiek lortzea helburu duten programa guztiei eusteaz gain, 2016an ezgaitasunen bat duten ikasleen garraiorako diru-partida indartu egingo da, 150.000 euroko igoerarekin.

Ekitatea eta integrazioa helburu dituen beste partida bat, eta hau ere %21,3ko igoera daukana, itunpeko ikastetxeetan inmigrazioak sortutako beharrei buruzkoa da. Arlo honetan ahalegin handiago baten aurreikuspenak 323.000 euroko aurrekontu-hazkundean du isla.

Teknologia berriei dagokienez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aurrekontu proiektuak 8 milioi euro ditu gordeak ikastetxeen konektibitatea hobetzeko. Aurrekontu honekin, konekatagarritasuna 100 megabytera iritsiko da, eta honi esker, teknologia berrien bidezko formazioa nabarmen hobetuko da, eta ikastetxeei kudeaketa administratiboa erraztuko zaie.

Egokitzapen teknologiko hau beste partida batzuen bidez ere iritsiko da. “Berriztu Planak”, esaterako, 3.750 ordenagailu berri aurreikusten du. Arbel digitalei dagokienez, hauek Batxilergora ere iritsiko dira: 400 arbel digital berri instalatuko dira, 700.000 euro inguruko kostuarekin.

Irakasleen prestakuntzak Sailaren funtsezko elementu izaten jarraituko du. 2016an, 211.000 euroko igoera izango du irakasleen prestakuntzarako eta irakasleen nahiz ikastetxeen hezkuntza berriztapenerako diru-partidak, ia 45 milioi eurora iritsi arte. Kopuru horretatik, 4.900.000 euro (ikasturte honetan baino 277.000 euro gehiago) irakasleen etengabeko prestakuntzarako izango dira (hezkuntza publikoan nahiz itunpekoan).

 

2014an aurkeztu zenetik hona, 2014-2018 aldirako Azpiegitura Planean aurreikusitako lanen %20 amaituta daude dagoeneko. Ezarritako planari jarraitzeko asmoz, 2016an 47,8 milioi bideratuko dira helburu horietara; 38,8 milioi obra handietarako, 6 milioi udalekin elkarlanean finantzatutako lanetarako, eta 3 milioi obra txikietarako. Lan hauetako zenbaitek erabilitako modulu prefabrikatuen kopurua asko jaitsiko dute (30 modulu gutxiago 2015 urte amaieran). Jaitsiera honek, modulu hauek erabiltzen dituen hezkuntza-komunitateari hobekuntza nabarmena ekartzeaz gain, alokairutan 334.000 euroko aurrezpena ere esan nahi du (jaitsiera honek isla du –beste zenbait elementurekin batera- aurrekontuen II kapituluan jaso den jaitsieran).      

Maila eta etapa guztietako ikastetxeen funtzionamendurako gastuei dagokienez, aipagarria da %2,8ko igoera izan dela: 640.000 euroko igoera.

 

Lanbide Heziketaren arloan, sailburuordetza horrek 256,4 milioi euro kudeatuko ditu 2016an. Lanbide Heziketak elementu estrategikoa izaten jarraitzen du euskal ekonomiaren garapenerako, berrindustrializaziorako  eta pertsonen enplegagarritasunerako. Kopuru horretatik 35,7 milioi euro etengabeko ikaskuntzari eta helduen heziketari dagozkie.

Ezarritako helburuei erantzuna emateko, Lanbide Heziketaren IV. Euskal Plana hedatzen ari da, Jaurlaritzak 2014ko abenduan onartutako plana, eta aurrekontu proiektuaren babesa jaso duena.

Alderdirik nabarmenenetako bat Ikas-ekinezko Erregimeneko Lanbide Heziketa Duala hedatzearen eta finkatzearen aldeko apustua da. Heziketa mota hau, enpresek duten langile kualifikatuen beharrari erantzun zuzena eta positiboa ari da ematen. Orain arte izandako emaitzak programa hau indartzeko arrazoi dira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarentzat. Irakasleen eta zuzendaritza taldeen formazioak, erronka berriei heldu ahal izateko ezagutzak eta gaitasunak indartzeko programen bidez,  36.000 euroko diru-zuzkidura berria du.

Sortu berri den Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutuaren funtzionamendurako 110.000 euro bideratu dira.

 

Euskal Unibertsitate Sistemari dagokionez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak osatu duen aurrekontuak 310,8 milioi euroko kopurua jasotzen du, 2014-2018 aldiko Unibertsitate Planaren baitan hartutako konpromisoak betez horrela. Kopuru horretatik, 296 milioi UPV/EHUri dagozkio. Kopuru horrez gain, unibertsitate beka orokorrek 26 milioi euroko kopurua izango dute. Honi, Euskal Unibertsitate Sistemaren eta Ikerbasqueren laguntzarekin egindako deialdi pilotu bat gehitu behar zaio –Ikasiker-, 240.000 eurokoa. Deialdi honen bidez ikasleen zientziarako bokazioa sustatu nahi da. Aurrekontuak, era berean, unibertsitateen eta enpresaren arteko proiektuak finantzatzera bideratutako laguntzan %70eko hazkundea jasotzen du, doktoreak lanean enpresatan txertatzea helburu hartuta.

Ikerketaren aldeko apustuak, azken finean, 34 milioi baino gehiagoko ekarpena dauka. Kopuru horretatik, 12,4 milioi Ikerbasque indartzera bideratuak izango dira: %11,4ko hazkundea esan nahi du horrek. Euskadiko zientzia-estrategiaren ardatz nagusienetako bat da hau. Egun, Ikerbasqueren ekarpena Euskadiko produkzio zientifiko osoaren %15ean kokatzen da.

 

Hizkuntza politikak herritarren bizikidetza harmoniatsuago eta justuagoa eraikitzeko helburuarekin jarraitzen du, baita hizkuntza kontuetan ere. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak zuzenean kudeatzen dituen hizkuntza politikei dagokienez, nabarmentzekoa da aurreko aurrekontuarekiko %6,5eko igoera. Aurrekontu honek Euskararen Agenda Estrategikoa garatzeko beharrezko jarduerak jasoko ditu.

Helduen alfabetatzean aurrera pausoak ematen jarraitzen du. Bide horretan, ikasleentzako laguntza zuzenek 250.000 euroko igoera izan dute, %25eko hazkundea beraz. A1 eta A2 agiri berriak eskuratzen dituzten ikasleek ere diru-laguntza indibidualetako deialdian laguntza jaso ahal izango dute.

Komunikabideetan euskarak duen presentziaren inguruan, hauei zuzenduriko diru-kopuruari eutsi egiten zaio. Era berean, lehen aldiz finantziazio hau epe labur eta ertainean egonkortzeko proposamena egiten da, hiru urterako finantziazioarekin: 4.875.000 euro.

Kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideen defentsan, 250.000 euro bideratuko dira trakzio-enpresen ekimenak bultzatzeko. Kopuru hori bera bideratuko da aisialdian euskararen erabilera sustatzeko. Kopuru hau 2017an ere errepikatuko da.

IKTek 100.000 euroko hazkundea izan zuten 2015eko aurrekontuan, eta ekitaldi berri honetan eutsi egiten zaio kopuru horri.

 

Eusko Jaurlaritzak uste du bere leloa, “pertsona helburu, compromiso con las personas”, bereizezina dela kulturarekiko konpromisoarekin. Kultura, bere jarduna pertsonentzako zerbitzu gisa ulertzen duen Gobernuarentzat, erdigunean kokatutako ardura da, eta hala izan behar du.

Aurrekontu proiektuan jaso diren zenbakietan, nabarmena da trakzio-egiturak eta trakzio-jarduerak indartzeko egin den ahalegina.

Aipagarria da bertan Guggenheim Fundazioarekiko akordioa berritzea. Akordio honek diru-ekarpen handiagoa esan nahi du, milioi bat euro ingurukoa. Tabakaleraren aurrekontua ere hazi egin da, %66 baino gehiago, 1,4 milioi eurora iritsita.

 

Baina 2016, ororen gainetik, Europako Kultur Hiriburutzaren urtea izango da Donostiarentzat. Azpimarratzekoa da egin den ahalegin ekonomikoa, 5 milioi eurokoa, hau da, 2015ean baino 1,3 milioi gehiago.

 

Era berean, beste diru-ekarpen batzuei ere eusten zaie: Donostiako Zinemaldia (hazkunde txiki batekin, Tabakalerarako lekualdatzea dela-eta), Durangoko Azoka, edo Euskadiko museorik inportanteenak.

 

Sormena eta ekoizpena laguntzeko neurri-sorta bat ere aurkezten da. Elkarte profesionalentzako diru-laguntzak mantentzen dira, ekoizpenerako deialdi irekian ere bai, eta baita sorkuntzarako laguntzak ere. Deialdietan egokitzapenak egin dira, guztiak ere dagozkien sektoreekin negoziatu eta adostuta.

Euskadi Digitalaren aldeko apustua nabaria da, Kultur Ondarearen inguruko politikak dinamizatzerakoan. Euskadiko Liburutegi Digitala, eLiburutegia, ez da zerbitzu berri bat bakarrik izan, edo euskal ekoizpen digitalari emaniko bultzada baino gehiago izan da. Euskadiko irakurketa publikoko liburutegi guztiak Sare bakar batean biltzeko gai izan den argumentua ere izan da. 2016an 250.000 euro zuzenduko dira lizentzia berriak eskuratzeko.

 

Gazteria Zuzendaritzan, aipagarria da Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa indartzeko ahalegina. Urtero 100 gazte inguru mugitzen dituen programa honen helburua da gure gazteen artean nazioarteko lankidetzarako bokazioa piztea. Programa honen diru kopurua 60.000 euro gehitu da. Era berean, Gazte BizHitza programa ere indartu da (gazteen emantzipaziora zuzendutako orientazio eta aholkularitza zerbitzua). Kirol Zuzendaritzan, aurrekontu proiektu honetan jaso den erronka nagusia Rioko Joko Olinpikoen ospakizuna da, Fadurako Perfekzionamendu Teknikorako Zentroari eta Basque Team markari ahalegin berezia eskatuko baitie.

Mugiment ekimenaren agerikotasuna ere indartua izango da. Jarduera fisikoa sustatzeko programa honetan Osasun Sailak ere esku-hartzen du. Urtero urtero egiten zaion diru-ekarpenaz gain (300.000€), 25.000 euro gehiago bideratuko dira Jarduera fisikoaren Europako astea Euskadin antolatu dadin. Eremu honetan nabarmentzekoa da kirolean emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko programa.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @anamarti4
    2015.eko azaroak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [PRESUPUESTOS] Educación, Política Lingüística y Cultura gestionará un presupuesto de 2.842 millones de euros ➡ https://t.co/x

  • @PNV_Indautxu
    2015.eko azaroak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [PRESUPUESTOS] Educación, Política Lingüística y Cultura gestionará un presupuesto de 2.842 millones de euros ➡ https://t.co/

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)