Berriak
Eu

Inkestatutako pertsonen %66ren iritzian, telefono bidezko kontratazioetan eskaintzen eta baldintzen gainean jasotako informazioa nahasgarria eta ez-nahikoa da

2015.eko azaroak 02

(Kontsumobidek telefono bidezko kontratazioaren ezagutza- eta erabilera-mailari buruz egindako azterlan baten arabera)

 

%63k zerbitzuren bat kontratatu du telefonoz.

Telefoniaren eta interneten arloko zerbitzuak kontratatzen dira gehien, eta energiaren eta aseguruen arloetakoak ondoren.

 

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak zerbitzuen telefono bidezko kontratazioaren gaineko ezagutza-maila zehazteko iritzi-inkesta egin du. Inkesta aurtengo otsail eta apiril artean egin da, eta lagina 18 urtetik gorako eta Kontsumobidek Bilbon, Donostian eta Gasteizen dituen prestakuntza- eta informazio-zentroen erabiltzaile diren 1.054 laguni egin zaie (316 Araban, 253 Gipuzkoan eta 485 Bizkaian).

Oinarrizko galdera-sorta baten bitartez, inkestatutako lagunen telefono bidezko kontratazioari buruzko ezagutza-maila aztertu du Kontsumobidek, emaitzak ikusita, institutu horrek arlo horretan eskaintzen dituen prestakuntza eta informazioa modu eta ikuspegi egokien arabera egituratzeko, orain arte egindako inkesta eta ikerlan guztietan legez.

Inkestak telefono bidezko kontratazioaren honako alderdi hauek izan ditu hizpide: kontratatutako zerbitzuak, abantailak eta eragozpenak, segurtasun edo bermeak eta eskubideak.

Datuak aztertu, eta ateratako ondorioen arabera, inkestatu diren pertsonen %66ren iritzian, nahasgarria edo ez-nahikoa da telefono bidezko kontratazioetan eskaintzari, prezioari eta baldintzei buruz jaso duten informazioa. Ia erdientzat, %48, telefono bidezko kontratazioa fidagarritasun edo segurtasun gutxikoa da. %36ren iritzian, ez du abantaila berezirik. Abantailen artean, %28k erosotasuna aipatzen du; eta ondoren azkartasuna eta arintasuna.

Halaber, %87k merkataritza-deiak jaso izan ditu, nagusiki 40 urtetik gorakoek, eta %63k telefonoz kontratatu izan du zerbitzuren bat, gehienbat telefoniaren eta interneten arlokoak. Horien atzetik, energiaren eta aseguruen arloetako zerbitzuak kontratu dituzte.

Kontsumitzaileek dagozkien eskubideen gainean duten ezagutza-maila, galdera guztietan, handiagoa da ikasketa-maila handiagoa dutenen artean. Erdiak baino gehiagok, %55ak, zuzen erantzuten du, eta badaki merkataritza-deiak jaso ditzakeela lanegunetan goizeko 9ak eta gaueko 9ak artean bakarrik. Handiagoa da dei horiek telefono-zenbaki identifikagarrietatik egin behar direla eta deiaren izaera komertziala jakinarazi behar dela dakitenen ehunekoa, %68koa.

Bestalde, inkestatutako pertsona gehienek (%61) badakite, merkataritza-deien kasuan adostutako kontratuak lotesleak direla sinatu edo akordioa idatziz bidalitakoan (papera, posta elektronikoa, faxa edo SMSa).

Azkenik, %45ak badaki aukera dutela 14 eguneko epean kosturik eta arrazoirik eman beharrik gabe kontratuan atzera egiteko.

 

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroak 2

Agiria

'Zerbitzuen telefono bidezko kontratazioa' inkestaren emaitzen txostena (pdf, 3,85 MB)

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau