Berriak Segurtasuna
Eu

Behobia-Donostia lasterketak, urriaren 8an, goiz osoan eragingo du zirkulazioaren gain

2015.eko urriak 31

Trafiko Zuzendaritzak arreta mantentzea, zirkulazio-arauak betetzea eta agenteen oharrak errespetatzea eskatu du

Datorren igandea, urriak 8, Behobia-Donostia lasterketaren 51. edizioa egingo dute. Horiek horrela, goizeko 6:30etik eta amaitu bitartean, probak eragin garrantzitsua izango du ibilgailuen zirkulazioan, nahitaezko trafiko-etenak eta desbideratzeak izango dira-eta.
 
Proba goizeko 9:30ean hasiko da, Behobian, nazioarteko zubiaren ondoan, eta GI-636 errepideari jarraituko dio ibilbide osoan: Gaintxurizketa igo eta Errenteria igaro, Pasai Antxora Nafarroa etorbidetik sartu arte; hari jarraiki, Donostian sartu, Mirakruz kaletik, Grosetik eta Zurriolako pasealekutik, eta Boulevarden amaitu. Azken parte-hartzailea 11:35ean aterako da.

Eraginak trafikoan

06:30etik aurrera, trafikoari itxiko zaio GI-636 errepidea Oxin-Biribileko eta Behobiako biribilguneen arteko bide-tartean; beraz, turismo-ibilgailuentzat ordezko bide bat ezarriko dute, Irungo 54 Poligonotik, eta ibilgailu astunak AP-8 autobidetik desbideratuko dituzte.

8:30etatik aurrera, proba Gaintxurizketako gainetik igarotzean, bypass bat ezarriko dute: bidearen zati bat (Irunerako noranzkoan) parte-hartzaileak Errenteriara bideratzeko erabiliko da; bestea (Donostiarako noranzkoan) ibilgailuen zirkulaziorako, GI-2638 errepidearekin lotura eginez (Lezo Gaintxurizketa). 

8:30etatik aurrera ere, GI-636 errepidea bi noranzkoetan itxiko zaio trafikoari, 7,9 kilometro-puntuaren (Gaintxurizketako gainaren hasiera) eta 5,0 kilometro-puntuaren (Altamira) arteko bide-tartean; beste desbideratze bat ezarriko dute GI-2638 errepidean ere (Gaintxurizketa-Lezo-Altamirako Biribilgunea), eta handik berriz konektatuko ahalko da GI-636 errepidearekin, Don Boscoko tuneleko eremuan.

Trafiko Zuzendaritzaren gomendioak

Probaren parte-hartze maila handia dela eta (30.000 pertsonatik gora) eta Gaintxurizketa eta Pasaia bitartean GI-636 errepidearen ardatzean trafikoa etengo denez, gomendagarria da beste errepide batzuk erabiltzea Irunen, Donostiaren, eta lasterketaren eraginpeko gainerako udalerrien artean joan-etortzeko.

Proba egin bitartean, debekatuta dago bidean baimendutakoa ez den beste ezein jarduera egitea: hau da, ezin da oinez joan, zenbakirik gabe korrika egin, bidean sartu, etab. Halakoak arriskua dakarkiete, bai lasterketan parte hartzen dutenei, bai trafikoari, oro har. Horregatik, salatuak ere izan daitezke.

Era berean, proba aurretiko orduetan, lasterketa egingo den bideetatik zirkulatzen duten oinezkoek arreta bereziz gorde beharko dituzte galtzada eta bazterbideetatik oinez zirkulatzeko bete beharreko arauak (kontuz zirkulatzea, zirkulazioa ez eragoztea, ilaran joatea...) Zirkulazioko Araudiaren 122. artikuluan salagarritzat jotako arrisku-jokabideetan erori gabe.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau