Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Jaurlaritzak 49 milioi euroko lau txoke-abal eman dizkie CIE Automotive, Danobat Railway Systems, Cegasa eta Dominion enpresei

2010.eko uztailak 30

Neurri honi esker, guztira 247 milioi euroko inbertsioak mobilizatuko dira

CIE Automotive enpresari emandako abala 15 milioikoa da eta horri esker 'Ibilgailu Ekologikoa Zero Emisio' proiektua egikarituko da

Danobat Railway Systems enpresaren abala 10 milioi eurokoa da eta tren-sektorerako 62 milioi euroko proiektu baterako izango da

Cegasa enpresak 12 milioi euroko abala lortu du energia biltegiratzearekin loturiko proiektu baterako

Dominion enpresari 12 milioi euroko abala eman dio eta 40 milioi euroko inbertsioa eskatzen duen proiektua finantzatuko da

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak lau abal eman ditu azken egunotan; guztira 49 milioi euroko balioa dute eta euskal enpresen trakzio-proiektuak finantzatzeko baliatuko dira. Neurri horri esker, 247 milioi euroko inbertsioak mobilizatuko dira eta, horretaz gain, enplegua sortzeko eta hornitzaile-sare zabal batean lan-karga handitzeko ere baliagarria izango da.

 

Horrelako neurriak Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu behar zituen, baina otsailaren 16an onartutako dekretu baten bidez euskal ekonomiaren trakzio-proiektuetarako mota horretako abalak arautzen dira. Harrezkero, Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendiari dagokio abal horiek onartzea. Aurten 350 milioi euroko partida bideratu da horretarako.

 

Txoke-abalen politika hiru foru-aldundiekin adostu da eta politika hori erregulatzen duen araua Europar Batasunak ere onartu du, lehiaren arauekin bat datorrelako.

 

 CIE Automotive: 'Ibilgailu Ekologikoa Zero Emisio' proiektua

CIE Automotive enpresari emandako abala 15 milioi eurokoa da eta horri esker, 'Ibilgailu Ekologikoa Zero Emisio' izeneko proiektua egikarituko da 2010-12 aldian. Guztira 68.225.000 euroko inbertsioa egitea eskatzen du proiektuak baina industria-sareari eta enpleguari eusteko oso garrantzitsua izango da. Abalak 36 hilabeteko indarraldia izango du.

CIE Automotive enpresak hainbat urte darama Ibilgailu Ekologikoa proiektua osatzen duten garapen gehienen euskarri diren teknologiak garatzen, betiere Zero Emisio kontzeptua xede izanik. Gaur egun, finantzaketa egokia lortzea da premia nagusia, proiektuen bigarren fasea gauzatu eta merkatura eramateko.

Teknologia berri horietan 22,7 milioi euroko inbertsioa egin da 2007-2009 aldian. Teknologia horiek erabat garatzeko, 2010-2012 aldian inbertsio-ahalegin handiagoa egin beharko da, prozesuko ingeniaritza sartuko baita fase horretan; guztira 68 milioi euroko inbertsioa egin beharko da, bai I+Gko inbertsioetan, bai teknologiak industrializatzeko inbertsioetan.

Danobat: Tren Sektorerako Sistemak Garatzea

 

Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euroko abala eman dio Danobat Railway Systems enpresari. Abalaren helburua Tren Sektorerako Sistemak Garatzeko proiektua finantzatzea da; proiektuaren inbertsioa 62.829.000 eurora iristen da. Abalak 24 hilabeteko epea izango du.

Danobat Group da proiektuaren buru, makina-erremintak egiten dituzten kooperatiba-enpresen multzoa, eta honako enpresa hauek osatzen dute: Danobat, Estarta, Goiti, Lealde eta Soraluce. 2009ko irailean Bergaran instalazio berriak martxan jarri zituztenean ekin zion bideari taldeak. Taldearen egitekoa tren-industriarako ardatz muntatuak -alegia, ardatza, gurpilak eta errodamenduak- fabrikatzea zen, baita egiturak ere. Inbertsio horri nortasun juridiko propioa eman diote, Danobat Railway Systems, eta Mondragón Inversiones sozietateak eta langileek parte hartu dute.

Proiektua honako honetan datza: ardatzak eta egiturak fabrikatzeko muntaketa-ildoak 'erabiltzeko prest' entregatzean, urtean 50.000 ardatz fabrikatzeko gaitasuna duela. Bezeroa errusiarra da.

 Cegasa: Avance proiektua (biltegiratze berde aurreratua)

 

Eusko Jaurlaritzak 12 milioi euroko abala eman dio Grupo Cegasa taldeko Clean Energy Euskadi enpresari, energia biltegiratzearekin loturiko proiektu baterako. Abalak bi urteko iraupena izango du.

Arabako enpresak hainbat urte darama erregai-pilekin eta litio-ioizko bateriekin loturiko teknologiak garatzeko ikerketak egiten; hiru lan-ildotan egituratuta dago, alderdi elektrokimikoak, mekanikoak eta elektrikoak lantzeko. 2007-2009 aldian, bi ikerketa-ildo izan dira nagusi: erregai-pilak eta litio-ioizko bateriak. 2009. urtean lan-ildo berriak sortu (Zn-airea eta energia-moduluak), eta merkatuarekiko hurbilagoko ikerketa-etapei, planta pilotuari eta erakustaldiei ekin zien. Horretan guztian ahalegin ekonomiko handia egin behar izan zuten eta 2007-2009 aldian guztira 12 milioi euroko inbertsioa egin zuten.

Aldi horretan, oinarrizko ikerketako jarduerak burutu zituzten, eta 2010. urtetik aurrera konprometitu dira inbertsioak, materialak erosteko eta produktu eta garapen berriak merkatuan aurkezteko homologazioetarako, baita berrikuntza horiek industrializatzeko fabrikazio-teknologiak erosteko ere. 2010-2012 aldian 56.026.500 euroko inbertsioa egin behar da.

Global Dominion Access: 'Jakintza, Balio Sortzaile' proiektua

Global Dominion Access S.A. enpresak 12 milioi euroko abala jaso du eta 2012. urtera bitarte 40 milioi euroko inbertsioa eskatzen duen proiektua finantzatzeko lagungarri izango da.

Dominion enpresa-talde baten buru da; informazioaren eta telekomunikazioaren teknologietarako konponbideak garatzen dituzte, sektore estrategikoetan aplikatuta: osasuna, hezkuntza, iraunkortasuna, garraioa eta komunikazioak.

2004. urtetik aurrera, Taldea garapen teknologikoko hainbat proiektu gauzatzen ari da, guztira 19,65 milioi euroko inbertsioa eginez. Iaz egindako hausnarketa estrategikoaren ondorioz, sozietateak 2010-2012 aldian 'Jakintza, Balio Sortzaile' izeneko proiektua abiaraztea erabaki zuen, guztira 40 milioi euroko inbertsioarekin.

Finantzaketa-premiak betetzearren, Eusko Jaurlaritzak 12 milioi euroko abala ematea erabaki du, trakzio-proiektuetarako txoke-abalen ildoaren barruan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan