Berriak Lehendakaritza
Eu

Aizkolariak AC/DCren erritmoan Boisen

2010.eko uztailak 30

Lehendakaria Boisen (Idaho) euskal diasporaren presentziaren ikur eta erreferentziaz beteta dagoen "Basque block"etik ibili da

Lehendakariak Estatu Batuetan igaro duen bosgarren egunak kultura-ekitaldiz betetako egitaraua izan du. Hasteko, euskal izaera gehien daukan AEBetako kaletik ibili da, Basque Blocketik, alegia, ondoren, esku-pilota erakustaldi batera joan da eta bukatzeko, Jaialdiaren batzordearekin eta Boiseko erakundeen eta NABOren ordezkariekin afaldu du, eta bihar, lehendakariak NABOren egoitzan ekingo dio jardunaldiari.

Aizkolariak AC/DCren erritmoan aritu dira, NBAko izarrak bailiran, eta AEBetako himnoaren ostean, Gernikako Arbola entzun da. Horrelaxe hasi da Boisen herri-kirol erakustaldi bitxia. Hiri honetan eta Idahoko Estatuan egunero kultura estatubatuarraren eta Euskal Herrikoaren artean bizi den sinbiosiaren erakusgarri izan da. Patxi Lopez lehendakaria erakustaldi horretara joan da mundu osoko kalterik euskaldunenetik ibili ostean, "Basque Block"etik, alegia. Euskal izaera argia daukan inguru bat da, ikurrinaz eta euskal erreferentzia geografiko, kultural eta gastronomikoz beteta dagoena. Hantxe daude Basque Museum and Cultural Center, bi ostatu zahar (horietako bat Boiseko etxerik zaharrena da, 1864an eraikia), eta noski, bi jatetxe, Leku Ona eta Gernika Bar, baita denda bat (The Basque Market), frontoi bat eta euskal elkartearen eraikina (Euzkaldunak) ere.

Horixe da Boisen egun hauetan egiten ari den Jaialdiaren jarduera zentroa. AEBak oso urrun dauden arren, munduko hainbat eremutako milaka euskal herritar barne hartzen dituen euskal diasporari esker euskal kultura bertan mantentzen dela erakusten duen ospakizun bat da. Lehendakaria eta Euskadiko ordezkaritza kale horietatik ibili dira garagardoa eta kalimotxoa ere edaten ari ziren euskal herritarrez betetako terrazetatik, trikitiaren soinu artean eta txistorraren usaina nabarituz.

Bertan, esku-pilotaren historiari buruzko erakusketa bat inauguratu da. Han, lehendakariak Boiseko euskal herritarrak erakusketa horretaz gozatzera eta beren burua bertan islatuta ikustera animatu ditu, "hemen euskal herritarron historiaren zatitxo bat dago, orainarena eta, ziur aski, etorkizunarena". "Geure zatitxo bat dago", adierazi du.

Azkenik, lehendakariaren bosgarren eguna lehendakariak Jaialdiaren batzordeari, Boiseko erakundeei eta NABOri eskainitako afari batekin bukatu da eta bihar, lehendakariak NABOren egoitzan ekingo dio jardunaldiari.

 

Iruzkin bat
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari