Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

URA Tresponden edukiera hidraulikoari eusteko lanak egiten ari da

2015.eko urriak 30
  • Hemendik egun batzuetara, zubiaren begietan metatutako lohiak eta sedimentuak kenduko dituzte
  • Uraren Euskal Agentziako zuzendari Iñigo Ansola eta Josean Galera foru-diputatuak gainbegiratuko dituzte lanak
  • Oinarrietan trabatuta zeuden zenbait enbor kendu dituzte

 

Vitoria-Gasteiz, 2015-10-30

URA Uraren Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Foru Aldundiko ingurumeneko sailekin batera, Trespondeko Zadorra ibaiaren gaineko zubian mantentze-lanak egiten ari da egunotan, neguko euriak hasi aurretik edukiera hidraulikoa hobetzeko eta handiagoa dela bermatzeko.

 

URAko ibilguei eusteko zerbitzua Trespondeko zubiaren edukiera hidraulikoa berreskuratzeko lanetan ari da, sastrakak eta oztopoak kentzen. Hala, duela zenbait hamarkadakoa berreskuratu nahi dute, Zadorran egindako hainbat jardueraren ondorioz txikitu egin baita.

 

«Aste honetan, zubiaren ostean, ibaian behera, sastrakak kendu eta eskuineko aldean zeuden bi sahats handi moztu dituzte. Gainera, hurrengo egunetan, zubiaren begietan metatutako lohiak eta sedimentuak kenduko dituzte», azaldu du Iñigo Ansola URAko zuzendariak. Hark eta Ingurumeneko foru-diputatu Josean Galerak lanak gainbegiratuko dituzte.  

 

«Halaber, zubiaren oinarrietan trabatuta zeuden zenbait enbor kendu dituzte, baita ibaian gora zeuden adar batzuk ere. Zubiaren forma dela eta, askotan geratzen dira gauzak trabatuta. Jarduera hauek proiektu zabalago baten parte dira. Horren bidez, zubiaren eskuineko aldeko begietan metatuta dauden lohiak kenduko dituzte, azpiegituraren edukiera hidraulikoa handitze aldera», azaldu du Ansolak. 

 

Aurretik, ibaian gora eta behera, ertzetatik gertuen dauden begietan metatutako lohiak sailkatu dituzte. Lohiak kentzeko baimenak lortzen direnean kenduko dituzte sedimentuak, Zadorra ibaian ahalik eta eragin txikienak sortuz.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Josean Galera