Berriak
Eu

Jonan Fernandezek Autokritikaren balioei buruzko jardunaldiak ireki ditu

2015.eko urriak 30

Bihar eta etzi izango dira jardunaldiok Donostiako San Telmo museoan, eta ordezkari politikoak, biktimak eta ETAko preso ohiak elkartuko dira

Globernance erakundeak antolatu ditu jardunaldiak, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiarekin eta Donostia 2016rekin lankidetzan

Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak, Jonan Fernandezek, Autokritikaren Balioak izeneko jardunaldiak inauguratu ditu. Gobernantza demokratikorako Globernance erakundeak antolatu du hitzordua, Eusko Jaurlaritzaren eta Donostia 2016ren lankidetzarekin. Gaur ostirala eta bihar larunbata izango dira, Donostiako San Telmo museoan.

Fernandezek adierazi du normalizazio politikoan aurrera egiteko oztoporik handiena iragana dela. Terrorismoak, indarkeriak, suminak edota banaketak zailtasunak sortzen dituzte bizikidetzarako adostasuna topatzeko garaian. Fernandezen esanetan, iraganeko autokritikak balio dezake gaur egungo bizikidetzak dituen trabak gainditzeko. Bere ustez, .tankera honetako espazioei esker, orainari eta etorkizunari begiratzeko konfiantza sortuko da, iraganari buruzko balioespen kritikoa eta partekatua eginda.

Jardunaldiek autokritika izango dute muin, gaikako hiru bloketan antolatutako ponentzien eta hitzaldien bidez: «autokritikaren teoria eta etika» eta «autokritikaren erabilera bakegintzako prozesuetan» jorratuko dute ostiralean, eta larunbatean, berriz, «biktima gisa izandako dimentsio pertsonala eta bizipenak». Haietan, ordezkari politikoak, elkarteetako zein unibertsitateko eragileak, biktimak eta ETAko preso-ohiak izango dira. Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak eztabaidetako ondorioak irakurriko ditu larunbatean, eta Iñigo Urkullu lehendakariak amaituko du ekitaldia.

Zuzendu programa

Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak azaldu duen moduan, Eusko Jaurlaritzak sustatu du ekimen hau, Zuzendu programaren espirituarekin bat; hain justu, giza eskubideen alorrean autokritikaren pedagogia sustatzea, aurtengo apirilean lehendakariak aurkeztu zuen bezala. Zuzendu programak, halaber, konfiantza, lankidetza eta adostasuna sustatu nahi ditu esparru politikoan, bizikidetza normalizatzeko helburuz.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau