Berriak Segurtasuna
Eu

Delinkuentziak beherabidean jarraitzen du Euskadin 2015eko hirugarren hiruhilekoan

2015.eko urriak 28
Arau-hauste penalak % 3,91 beheratu dira urtearen lehen bederatzi hilabetetan, 2014ko datuen aldean
 
Delinkuentzia % 3,91 beheratu da EAEn 2015eko lehen bederatzi hiletan, 2014ko aldi beraren aldean, Ertzaintzaren estatistika-datuetan jasotakoaren arabera. Aurten ikertutako arau-hauste penalen guztizkoa 63.008 da: hau da, 2.561 gutxiago 2014ko datuen aldean; bestalde, arau-hausteen tasa, 1.000 biztanleko, 29,95tik 28,78ra jaitsi da. Hala, 2012an hasitako joera beherakorra finkatu, eta azken hamar urteetan izandako delinkuentzia-datu baxuenak lortu dira. Delinkuentziaren bilakaera positibo horren atzean, faktore hauek dautza: Ertzaintzak prebentzio-planak martxan jarri, ikerketa bultzatu, eta agenteen espezializazioa hobetu izana. Horiek guztioriek, arau-hausteen kopurua jaitsi ez ezik, ustezko delitugileen erruztatze kopurua ere goratu dute, eta 16.631 izatetik 17.056 izatera igaro da.
 

Hiru lurraldeetan jaitsi da

Arau-hausteen guztizko kopurua jaitsi, bai guztizko globalean, bai lurralde bakoitzekoan jaitsi da. Bizkaian, 38.422tik 36.427ra igaro dira (–% 5,19); Gipuzkoan, 17.901etik 17.398ra (–% 2,81), eta, Araban, 9.246tik 9.183ra (–% 2,81). Jaitsiera ia tipo penal guztietan zertu da: lesioen tipo orokorrean (–% 4,40), tortura-delituetan eta osotasunaren aurkakoetan (–% 2,17), ondarearen aurkakoetan eta ordena sozioekonomikokoetan (–% -2,82), segurtasun kolektiboaren aurkakoetan (–% 7,84), ordena publikoaren aurkakoetan (–% 24,92) eta «bestelako delitu» gisa multzokatutakoetan (–% 6,66). Askatasun sexualaren aurkako delituak, bestalde, egonkortu dira; nolanahi ere, larrienak (eraso sexualak) jaitsi dira, eta abusu eta ukitzeak apur bat igo. Tipo bakar bat goratu da: giza erailketa eta haren formak (+% 45,16). Dena dela, erregistratutako kasu gehienak saiakuntzak izan dira. Burutu diren hamar giza erailketak, berriz, horietan nahastutako ustezko errudunen atxiloketarekin itxi dira gaurdaino.

Lapurreta gutxiago etxebizitzetan

Bederatzi hil hauetan erregistratutako arau-hausteetatik, % 73 ondarearen aurkako egitateak eta ordena sozioekonomikokoak dira. Bada, tipo horretan, 47.163 izatetik 45.832 izatera igaro dira (% -2,82). Delitu-mota horren barruan, behera egin dute indarbidezko lapurretek (–% 14,83), eta horien barruan, etxebizitzatan lapurretek (–% 26,78), hala etxebizitza barrukoek nola garajeetakoek eta erantsitako ataletakoek.

Etxebizitzatan egindako lapurretak beheratzeko, Ertzaintzak hainbat neurri abiarazi ditu azken hilotan: esaterako, udalerrietan lapurreta kasu gehien dauden guneak aztertzea eta oinezko patruilak, «korrika» delakoak, gehitzea. Orobat, ikerketa-taldeak eta analisten lana indartu dituzte –delitugile-talde antolatuak aurkitzera bideratua– bai eta beste poliziekin –bereziki tokikoekin–, fiskaltzarekin eta epaileekin aliantzak ere, eta informatzeko mintzaldi publikoak egin dituzte. Enpresetan egindako lapurreten kasuan, patruilak emendatu dira industrialde eta industria-guneetan eta lapurtutako materialak erosten dituztela susmatzen diren lokalen gaineko kontrola gehiagotu da.

Indarkeriaz zein larderiaz egindako lapurretetan (–% 15,21), uniformezko nahiz kaleko jantziko poliziaren zaintza indartu da merkataritza-guneetan eta jende-samalda handiak biltzen dituzten ekitaldi publikoetan, bai eta garraio publikoko geltokietako sarbide eta irtenbideen gaineko kontrola eta errekisitoriak dituzten pertsonen eta susmagarrien identifikazioa ere, armen eta lapurtutako objektuen bila, etab.

Delitu esanguratsuei dagokienez, behera egin dute lesioek (–% 8,07), familia-barruko tratu txarrek (–% 9,50) eta alkoholaren nahiz drogen eraginpeko gidaritza-kasuek (–% 5,30). Giza erailketak kenduta, delitu esanguratsu hauetan besterik ez dira izan gorakadak: ibilgailuen lapurretetan eta mauletan, bereziki, Internet bidezkoetan. Ertzaintza lanean da jada, prebentziozko neurriak indartzeko asmoz.

Delitu estrategikoak

Hala, beherako joera finkatu da Europar Batasunak, gizartea asaldatzen dutelako, estrategiko gisa jotako delituetan (giza erailketak, indarbidezko lapurretak, ibilgailuen lapurretak eta droga-trafikoa), harik eta 1,61/1000 biztanleko tasaren azpitik geratu arte (salbu eta etxebizitzak ez diren beste lekuetan egindako lapurretak: 3,51).

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2015.eko urriak 29

    Comentario de Twitter:
    La delincuencia continúa su descenso en Euskadi durante el tercer trimestre de 2015... https://t.co/9fIPuDbSB7

Komunikabideek behera kargatzeko