Berriak Ogasuna eta Finantzak
Eu

Gobernuak onartu egin du Euskadiko 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren Lege Aurreproiektua. (2015-10-27(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko urriak 27

Lege-proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.

LABURPENA

Gaur, Gobernu Kontseiluak onartu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren Lege Aurreproiektua. Urriaren 30ean (ostirala) erregistratuko da Eusko Legebiltzarrean.

1.- 2016ko Aurrekontuen testuinguru makroekonomikoa

2016ko Aurrekontuen prestaketa sendotze-bidearen testuinguru ekonomikoaren barruan sartzen da, nahiz eta, oraindik ere, beherantz joateko arriskua dagoen.

Munduko ekonomia modu iraunkorrean ari da hazten (+%3,1, 2015eko lehen eta bigarren hiruhilekoetan), baina gero eta pisu handiagoa du ekonomia aurreratuetan, eta apurka-apurka desazeleratzen ari da garapen-bidean dauden herrialdeetan. Bilakaera horretan, zenbait faktorek izan dute eragina; hain zuzen ere, faktore guztietatik, petrolioaren prezioak 2014ko udatik hona izandako jaitsiera izan da esanguratsuena, horrek herrialde garatuenei egin baitie on.

Zehazki, Europar Batasunak bi onura izan ditu: batetik, esandako moduan, petrolioaren prezioa murriztu egin delako, eta, bestetik, moneta-politika hedagarriagoa jarri delako martxan, eta, ondorioz, kredituak zentzuzko prezioetan eskuratu ahal izan direlako eta euroaren balio-galerak esportazioak bultzatu dituelako.

Testuinguru horretan, euskal ekonomiak urtearteko %2,7ko hazkundea izan zuen 2015eko bigarren hiruhilekoan, eta puntu erdian hobetu zuen lehen hiruhilekoko aurrerapena. Ondorioz, 2015ari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak handitu egin ditu urteko batez besteko hazkunde-aurreikuspenak, %2,5etik %2,7ra, hau da, hasieran aurreikusitakoa baino bi hamarren gehiago.

2016. urteari dagokionez, eta munduko hazkundearen itxaropenei erreparatuta, apur bat ahuldu dira azken hilabeteotan. Zehazki, Espainiak 2016rako duen hazkunde-itxaropena ez da 2015ekoa bezain sendoa.

Egoera horretan, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak %2,5eko hazkunde ekonomikorako itxaropena dauka 2016rako, batez beste.

Barneko zein kanpoko eskariek hazkundea bultzatuko dute. Kontsumo pribatua eta inbertsioa hazi egingo dira, baina, aurreikuspenen arabera, lehenengoa apaldu egingo da eta bigarrena, berriz, sendotu. Eskaintzaren ikuspuntutik, ekoizpen-adar guztiek hasieran esperotako mailaren antzeko neurrian ahalbidetuko dute hazkundea.

Lan merkatuari dagokionez, antzeko hazkunde-tasak aurreikusten dira 2015ean eta 2016an (+%1,8 eta +%1,7, hurrenez hurren); ondorioz, batez beste, lanaldi osoaren baliokideak diren 15.000 lanpostu sortuko lirateke urtero, aipatutako epealdi bakoitzean.

Aurreikuspen horiek arrisku-testuinguruaren barruan ulertu behar dira; horien artean, Txinaren moteltze ekonomikoa dago. Ameriketako Estatu Batuetako interes-tasen gorakadak izan dezakeen eragin zalantzagarria ere kezka bihurtu da. Munduko ekonomiaren susperraldiak bizi duen beste mehatxuetako bat da herrialde jakin batzuetako tentsio geopolitikoak larritu egin direla.
Arrisku horiek gauzatuko balira, ekonomia guztiak ukituta geratuko lirateke, merkataritzaren eta finantzen kanalen mugaz gaindiko kutsatze-efektuen ondorioz.

2.- 2016ko Aurrekontuen testuinguru ekonomiko-finantzarioa

Foru Aldundiek Euskadiko Aurrekontuak finantzatzeko egiten dituzten ekarpenek hazkundea izango dute: 2015eko 8.738 milioi euroko zenbatekotik, 2016ko ekitaldiko ia 9.103 milioi eurora. Zenbateko hori aurrekontu arloko diru-sarrera guztien %83,3 da -portzentaje hori %97ra handituko litzateke, euskal "Y"-aren kudeaketaren ardura eta zorpetzea albo batera utziz gero-.

Hala ere, Euskadik datorren urtean bete behar duen defizit-helburua (BPGren %0,3) oraingo ekitaldikoa baino txikiagoa da (%0,7). Ondorioz, zorpetze garbirako gaitasuna ere txikiagoa izango da; hain zuzen ere, 2015ean baino 242 milioi euro gutxiago, aurtengo 580 milioi euroetatik 2016ko 338 milioietara igaroz.

Zorra amortizatzeko 2016ko ekitaldirako aurreikusitako egutegiaren ondorioz, adierazitako gastu-kapitulua 892 milioi eurokoa izango da.

3.- Gobernu-ekintzaren estrategia eta helburuak, 2016ko Aurrekontuetan

Gobernuak berretsi egiten du ordena sozio-ekonomikoaren helburu estrategikoetako batekiko konpromisoa; hain zuzen ere, pertsonen oinarrizko beharrizanen estaldura bermatzearena, ongizaterako eta gizarte-kohesiorako eredua zainduz.

Hori dela eta, 2016rako Aurrekontuen Proiektuak Administrazioaren ardurapeko izaera publikoko politika sozialen hornidurara bideratutako gastuak sendotzen ditu.

Beste ikuspuntu batetik, Gobernuak hazkunde-itxaropenak bermatzeko eta bultzatzeko apustua egin du, eta, ondorioz, jarduera ekonomikoa eta enpleguaren sorrera berreskuratzeko politikak hartu beharko dira.

Hori horrela, Aurrekontuen Proiektuaren bitartez 2016ko ekitaldirako egiten den inbertsio-ahalegina nabarmendu behar da. Inbertsiora bideratutako kapituluen zenbaketaren ondorioz (VI, VII eta VIII. kapituluak), aurreko ekitaldietako zifra finkatu eta apur bat handitu behar da, 1.214 milioitara heldu arte 2016an. Eta "Y" trenbidea eraikitzeari dagokion kudeaketa-aginduaren efektua kontuan hartu gabe, kapitulu horien zifra finkatu egingo da 2016an, 864 milioi euroko zenbatekoarekin.

Era berean, aipatu beharra dago, 2016rako aurrekontuaren gastu osoaren hazkundea 294 milioi eurokoa izango bada ere, I. kapitulutik VIII.era bitartean planteatzen den gastu-hazkundea 113 milioi eurokoa izango dela, %1,1eko hazkundearekin 2015. urteko datuekiko.

4.- 2016ko Aurrekontuen ezaugarri nagusiak

2016rako Aurrekontu Proiektua Sailen arabera aztertuz gero, ikus daiteke Sail guztiek izango dituztela hazkundeak 2015. urtearekiko.

Hornidura handienak izango dituzten Sailak Osasuna eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura dira, 3.422 eta 2.842 milioi eurorekin, hurrenez hurren.

Osasun Sailaren hornidurak, batez ere, Sailak Osakidetzarekin duen Kontratu-Programaren aurrekontura bideratuko dira; hain zuzen ere, Kontratu-Programa horren aurrekontuak 26 milioiko hazkundea izango du, eta, guztira, 2.541 milioiko hornidura izango du, hau da, Osasun Sailaren aurrekontuaren %74.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagokionez, bere aurrekontua, termino absolutuetan, 43 milioi euroan handitu da, euskal hezkuntza sistemaren babesaren konpromisoa jasoz bere maila guztietan.

Gastu sozialaren esparruari amaiera emateko, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak berrikuntza bat du: 7 milioi euroko ekarpena, udal erakundeek eskaini beharreko zerbitzu berriak finantzatzeko. Prestazioen eta gizarte-zerbitzuen zorroaren dekretua finantzatzeko asmoz, funts hori 10 milioi eurorekin hornituko da, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak duela gutxi lortutako akordioan jasota geratu den moduan.

Gainera, 4 milioi euroko hornidura duen partida aurreikusten da, pertsona errefuxiatuen arretatik erator litezkeen beharrizanei aurre egiteko.

Ondorioz, behin euskal gizartearen kohesiora eta ongizatera bideratutako politiken lehentasuna finkatuta, Gobernuak gastu-bolumen handia ere esleitu du gure ekonomia sustatzeko. Horren erakusgarri, 13,7 milioi euroko zenbateko osagarria gehitu da, eta, horri esker, ikerketara, teknologiara eta berrikuntzara bideratutako hornidurak handitu ahal izango dira, 2015. urteko datuekin konparatuta. Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna saila ere igotzen da, 5,5 milioi euro hain zuzen ere, euskal ehun ekonomikoaren sustapen eta garapen gaiak sartuz.

2016rako Aurrekontu Proiektua sailkapen ekonomikoaren ikuspegitik aztertuz gero, I. kapituluaren (Langile-gastuak) zenbatekoak administrazioaren zerbitzupeko langileen ordainsarien %1eko hazkundea jasotzen du, bai eta gizarte segurantzaren kotizaziorako oinarrien hazkundeak ere. Gastuen IV. kapituluak (Transferentziak eta diru-laguntzak) 3.267 milioi euroko bolumena dauka. Antzeko kopurua, 3.285 milioi euro, II. kapitulura (Funtzionamendu-gastuak) egongo da bideratuta; horren barruan, Osakidetzaren Kontratu-Programaren zenbatekoa dago sartuta.

Aipatutako hiru gastu-kapituluak biltzen dituzten ekintzen barruan daude Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) finantziazioa edota euskal hezkuntza sistemaren finantziazioa, gastu-kopuru handienak dituzten ekintzetako batzuk baino ez aipatzearren.

III. kapituluko (Finantza-gastuak) gastuei dagokienez, 5 milioi euro inguruko murrizketa dute, 2015. urtearekin alderatuta.

Inbertsiora bideratutako kapituluen (VI, VII eta VIII. kapituluak) hornidura 1.214 milioi eurokoa da, lehenago jasota geratu den moduan.

Azkenik, 2016ko Aurrekontu Proiektua Funtzioen arabera aztertuz gero, nabarmendu beharra dago gastuaren maila mantendu eta apur bat igo ere egin dela politika sozialetan. Zorraren amortizazioak kontuan hartu gabe, politika horiek gastu osoaren %75,4 izango dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko