Berriak Lehendakaritza
Eu

Lankidetzako Euskal Agentziaren eta giza eskubideen aldeko erakundeen arteko hiru hitzarmen onartu dituzte. (2015-10-27(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko urriak 27

Erabakia; horren bitartez, baimena ematen da lankidetza-hitzarmena sinatzeko Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Addameer Prisoner Support and Human Rights Association artean.

Erabakia; horren bitartez, baimena ematen da lankidetza-hitzarmena sinatzeko Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Forum Mulherren artean.

Erabakia; horren bitartez, baimena ematen da lankidetza-hitzarmena sinatzeko Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Comité de Familiares a Detenidos Desaparecidos de Honduras (COFADEH) artean.

LABURPENA

Elankidetza - Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak giza eskubideak babesteko nazioarteko hiru erakunderekin sinatuko dituen beste hainbeste hitzarmenei baimena eman die Gobernu Kontseiluak.

Zehazki, Hondurasen Desagertutako Atxilotuen Batzordearekin (COFADEH) proiektu bat finantzatzeko hitzarmen bat sinatuko du Elankidetzak: Erdialdeko Amerikako herrialde horretan giza eskubideen alde egiten dutenen babesa eta sustapena da helburua.

Bortxaz desagerrarazitako biktimen senideek osatzen dute COFADEH erakundea; 1982an sortu zenetik, eskarmentu handia hartu du Hondurasen giza eskubideen alde egiteagatik esetsiak eta mehatxatuak diren pertsonak babesten eta aldezten. Hala, haien herrialdean erreferente bihurtu dira arlo horretan.

Gaur onartutako hitzarmenak 242.000 euro hartzen ditu guztira, eta giza eskubideen babesle horien segurtasun pertsonala hobetzeko aukera emango du, bai eta haien eta haien erakundeen ordezkaritza eta defentsa legala hobetzekoa ere.

Era berean, Addameer Prisoner Suport and Human Rights Associationekin hitzarmena sinatzea onartu du Gobernu Kontseiluak, zertarako eta palestinar preso eta atxilotuen giza eskubideak babesteko programa bat finantzatzeko.

Palestinako lurralde okupatuan, larria da egoera soziopolitikoaren narriadura, eta palestinar biztanleen giza eskubideen urratze masiboan zertzen da. Testuinguru horretan, Addameer erakundeak giza eskubideak urratu diren kasu ugariri egin die jarraipena. Doako laguntza juridikoa eskaintzen die milaka preso eta atxiloturi eta haien senideei, kartzeletan eta Palestinako nahiz Israeleko atxiloketa-zentroetan. Elankidetzarekin hitzarmenak 200.000 euro bideratzen ditu, guztira, eta pertsona horien eskubideen babesa sendotzeko aukera emango dio erakundeari.

Azkenik, Gobernuak Mozanbikeko Forum Mulher erakundearekin hitzarmena sinatzea ere onartu du; 297.000 euro guztira, Emakumeen Munduko Martxaren Nazioarteko Idazkaritza sendotzeko.

Gaur egun, emakumeen eskubideak defendatzen dituen GKE horrek barne hartzen du Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko Idazkaritza, zeinak 2000 urtean pobreziaren eta genero-indarkeriaren aurkako kanpaina bat abiarazi baitzuen, funtsean, lau jarduera-esparru hauetan eragin nahian: emakumeen ahalduntze ekonomikoa, genero-indarkeria, guztientzako onura eta zerbitzu publikoak, eta bakea eta desmilitarizazioa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau