Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak azaroaren 1era arte argentinako Macachín herrian egingo den Euskal Aste Nazionalean parte hartuko du

2015.eko urriak 27
  • Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkoreka, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Maria Ángeles Elorza, Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendari Asier Vallejo eta Euskadiren Argentinako (Mercosur) ordezkari Sara Pagola Argentinako euskal etxe guztietako milaka lagun biltzen dituen urteroko hitzordu horretara joango dira. 
  • Euskal ordezkaritzak honako hauek bisitatuko ditu: Euskadiren Argentinako Bulegoa (Mercosur); irekita dagoen munduko euskal etxe zaharrena, Laurak Bat; eta Euskaditik kanpo curriculumean euskara barne hartzen duen ikastetxe bakarra, Llavalloleko Euskal Echea ikastetxea.
  • Gaur egun, Argentinan 84 euskal etxe daude erregistratuta: horrek kanpoan dagoen euskal gizataldearen erreferente nagusi bihurtzen du herrialdea.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat, Herri Administrazio eta Justiziako sailburu eta eledun Josu Erkoreka buru dela, Argentinako Macachín herrian datorren igandera arte, azaroaren 1era arte, egingo den Euskal Aste Nazionaleko ospakizun-ekitaldietara joango da. Gainera, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi María Ángeles Elorza eta Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendari Asier Vallejo joango dira Argentinara, eta Euskadiren Argentinako (Mercosur) ordezkari Sara Pagolak haiekin bat egingo du han.

Euskal Aste Nazionala atzo, astelehena, hilak 26, hasi zen, Macachín herrian, Panpa probintzian. Argentinako euskal gizataldea osatzen duten pertsona guztien urteroko topaketa handia da. Hitzordu hori antolatzearen ardura herrialdeko euskal etxe garrantzitsuenen artean txandaka hartzen dute. Oraingoan, Macachínekoaren txanda da eta Eusko Jaurlaritza diasporarekiko topaketa garrantzitsu horretan parte hartzera gonbidatu du.

Euskal Aste Nazionalean antolatzen diren kultur ekitaldi ugarien artean, Argentina osoko euskal etxeetako ehunka gazte dantzariren topaketa nabarmentzen da, maila artistiko handiko erakustaldiak egiten baitituzte. 

Bidaia ofizialean, Josu Erkorekak, Marian Elorzak, Asier Vallejok eta Sara Pagolak, halaber, Panpako gobernadore Oscar Jorgerekin, Macachíneko intendente (alkate) Jorge Cabakekin eta Euzko Argentinar Bazkun Alkartasuna (FEVA) osatzen duten pertsonekin bilduko dira.

BUENOS AIRESEKO AGENDA

Euskal ordezkaritzak Buenos Airesera ailegatuko denean, lehenik eta behin, Euskadiren Argentinako Bulegoa (Mercosur) bisitatuko du.

Halaber, hiriburuko Laurak Bat euskal etxea osatzen duten pertsonekin bilduko da (1877an sortu zuten).  Laurak Bat irekita dagoen munduko euskal etxerik zaharrena da.

Azkenik, euskal ordezkaritzak Llavallol herrira joan eta han Euskal Echea ikastetxea bisitatzeko (1904an sortu zuten) baliatuko du Buenos Aireseko egonaldia. 50eko hamarkadara arte, euskal gizataldearen ikastetxea izan zen. Gaur egun, bere funtsari eusten dio: euskal kultura bere hezkuntzaren zehar-lerroa da eta euskara curriculumaren barruan dago, atzerriko hizkuntza gisa, ingelesarekin eta frantsesarekin batera. Ondorioz, Euskaditik kanpo euskara curriculumeko ikasgai gisa duen ikastetxe bakarra da.

ARGENTINAKO EUSKAL DIASPORA

XIX. mendeko bigarren erdian eta XX. mendeko lehen laurdenean iritsi zen Argentinara euskal herritarren uholde handia, Argentinako Errepublikak garai hartan ezarritako immigrazioa sustatzeko politiken laguntzaz. Emigrazio hura, nagusiki, behar ekonomikoek bultzatua izan zen. Geroago, Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoko lehenengo urteen testuinguruan gertatu zen azken uholde handia. Belaunaldi hori ez zen aurrekoak bezain ugaria izan, baina kutsu politiko nabarmena zuen eta kultur arloan oso aktiboa zen.

Emigrazio handi horren eraginez, gaur egun euskal jatorrikoen ondorengo asko daude herrialdean.  Ezinezkoa da zorrotz kuantifikatzea, baina zenbait kalkuluren arabera, Argentinan bizi diren pertsonen % 10ek euskal abizenen bat daukate. Eusko-argentinarrak komunitate oso antolatua dira: Eusko Jaurlaritzak Argentinan 84 euskal etxe aintzatetsi ditu eta horrek kanpoan dagoen euskal gizataldearen erreferente nagusi bilakatzen du herrialde hori. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)