Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Josu Erkorekak eskerrak eman dizkio Argentinako euskal komunitateari "bere sustraiei eusteko" konpromisoagatik eta "Euskadi munduan ezagutarazteko" esfortzuagatik

2015.eko azaroak 01
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Argentinako Macachin hirian egin duten “Euskal Aste Nazionalean” eman duen hitzaldian, Eusko Jaurlaritzako sailburu eta bozeramaileak esan du harro dagoela herrialde horretako diasporak duen antolatzeko maila handiarengatik eta munduan euskal kultura zabaltzeko egiten duten lanarengatik.
  • “Euskal Aste Nazionala” urtero ospatzen dute Argentinan, herrialdeko 84 euskal etxeetako batek txandaka antolatuta. 
  • Argentinan dago atzerriko euskal komunitaterik handiena, eta Macachineko “Euzko Alkartasuna” da munduko euskal etxerik handiena.

Argentinan dauden Eusko Jaurlaritzako ordezkariek “Euskal Aste Nazionala” ixteko ekitaldietan parte hartu dute gaur, igandean, La Pampa probintziako Macachin hirian. Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justiziako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailearekin batera joan dira Maria Ángeles Elorza Kanpo Ekintzako zuzendaria, Asier Vallejo Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria eta Sara Pagola Euskadiren Argentinako eta Mercosurreko ordezkaria.

Macachineko “Euzko Alkartasuna” euskal etxean eman duen hitzaldian, Josu Erkorekak eskerrak eman dio Argentinako euskal komunitateari “bere sustraiei eusteko konpromisoagatik” eta “Euskadi munduan ezagutarazteko” lanagatik. “Harro nago Argentinako gizartea eraikitzeko euskal komunitate hau bikain antolatuta eta euskal balioekin konprometituta dagoela ikusteaz. Babesteko eta laguntzeko moduko konpromiso bat da”, gehitu du.

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzako sailburu eta bozeramaileak nabarmendu du Argentinako euskal diasporak bere identitateari, loturei eta euskal nazioarekiko konpromisoari eusteko egiten duen esfortzua dela garrantzitsuena. “Gainera, munduari Euskadi zer den, bere balioak, lan egiteko moduak, enpresak eta abar erakusten dizkio, eta hori garrantzitsua eta aberasgarria da, gizarte moduan proiektatzen eta aberasten gaituelako eta oso bestelakoak diren beste errealitate politiko eta geografiko batzuekin alderatzeko aukera ematen digulako”, adierazi du.

Bestalde, Euskaditik hainbeste kilometrora zenbait ohitura eta tradizio gorde dituztela, Euskadin inoiz egon ez diren pertsonek euskara ikasi dutela eta gure folklorea laugarren eta bosgarren belaunaldiko gazteen artean kalitate handiz zabaldu dela ikustea hunkigarria izan dela.

EUSKAL ASTE NAZIONALA

Argentinan, milaka lagun batzen dira urtero herrialdeko 84 euskal etxeetako batek txandaka antolatzen duen “Euskal Aste Nazionalean”.

Asteburu honetan, Eusko Jaurlaritzako sailburu eta bozeramaileak ekitaldi instituzional askotan parte hartu du. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, ikurriña eta Argentinako bandera igotzea, Felipe Zubizarretaren omenezko murala erakustea, Alejandro Iruretagoyenaren omenezko koadro bat jartzea, Gernikako arbolaren ondoan egindako lore-eskaintza eta jarritako plaka, La Pampako euskaldunei egindako omenaldia eta Macachineko euskal etxeko sortzaileak gogorarazteko ekitaldia.

Halaber, aipagarria da “Euskal Aste Nazionaleko” kultura- eta kirol-erakustaldien maila artistikoa. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek hainbat erakustaldiz gozatzeko aukera izan dute (herri-kirolak, harri-jasotzaileak, kalejirak, danborrada, antzerkia, euskal dantzak, etab.).

BILERA INSTITUZIONALAK

Bestalde, Macachinen, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek hainbat bilera instituzional izan dituzte. Lehenik, La Pampako gobernadore Oscar Mario Jorgerekin bildu ziren, Santa Rosako egoitza ofizialean. Ondoren, Macachineko udalaren egoitzara joan ziren, Jorge Cabak alkatearekin protokolozko bilera egiteko. Azkenik, Euskal Argentinar Erakundeen Federazioaren (FEVA gaztelaniazko sigletan) asanblean izan dira, eta Hugo Andiazabal presidentearekin bilera informala egin dute.

MACACHINEKO “EUZKO ALKARTASUNA”

La Pampa Argentinako 23 probintzietako bat da. Herrialdearen erdialdean dago, eta euskaldunekin lotura historiko handia du. Probintzia horretan hiru euskal etxe daude: Macachineko “Euzko Alkartasuna”, Santa Rosako “Zelaiko Euskal Etxea” eta General Achako “Euzko Txokoa”.
Macachineko “Euzko Alkartasuna” 1959. urtean José León Chaparteguiren, Felipe Zubizarretaren eta Ignacio Garmendiaren ekimenez sortu zuten, euskal komunitatea batzeko, euskal kultura gordetzeko eta zabaltzeko, euskal kirolak eta dantzak praktikatzeko eta euskal sukaldaritza tradizionala egiteko helburuz.

Egun, munduko euskal etxerik handiena da, eta Iñaki Unamuno du presidente. Gainera, kokaleku estrategikoa du hiriko erdigune geografikoan eta sozialean.

ARGENTINAKO EUSKAL DIASPORA

XIX. mendeko bigarren erdian eta XX. mendeko lehen laurdenean, behar ekonomikoek bultzatuta eta Argentinak sustatutako immigrazio-politikengatik, Euskadiko herritar ugari joan zen herrialde horretara. Ondoren, Espainiako Gerra Zibilean eta frankismoko lehen urteetan, beste kopuru handi bat iritsi zen, baina ez aurrekoa bezain handia. Hala ere, azken etorkinek arrazoi politikoak zituzten eta kulturalki oso aktiboak ziren.

Immigrazio horren ondorioz, gaur egun euskaldunen ondorengo ugari daude Argentinan. Zehaztasunez kuantifikatu ezin diren arren, Argentinan bizi direnen % 10ek euskal abizenen bat dutela estimatu dute. Euskal-argentinarren komunitatea ondo antolatuta dago: Eusko Jaurlaritzak 84 euskal etxe errekonozitu ditu; beraz, atzerriko euskal komunitate handiena duen herrialdea da.

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @alainluberriaga
    2015.eko azaroak 01

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Josu Erkoreka agradece a la Comunidad Vasca de Argentina su compromiso con “el... https://t.co/aIrllZ9x2s

  • 2015.eko azaroak 01

    DECIR SOY HIJA DE VASCO ES UN ORGULLO!!!!!!

  • @PNV_Indautxu
    2015.eko azaroak 01

    Comentario de Twitter:
    RT @jerkoreka: Argentinan Euskal Aste Nazionala ixteko ekitaldietan parte hartu dugu @Gob_eus https://t.co/cyhOWst4Sy

  • @jerkoreka
    2015.eko azaroak 01

    Comentario de Twitter:
    Argentinan Euskal Aste Nazionala ixteko ekitaldietan parte hartu dugu @Gob_eus https://t.co/cyhOWst4Sy

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)