Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak gaur arratsalderako alerta laranja aktibatu du kostaldean eta arretaz jokatzeko eskatu du

2015.eko urriak 27

Mareak oso biziak izango dira eta olatuen altuera 3-3,5 metrora irits daiteke

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du gaur arratsalderako kostaldean, 14:00etatik 18:00etara arte. Izan ere, olatuak oso handiak izango ez diren arren, mareak oso biziak izango dira, eta, ondorioz, arretaz jokatzea komeni da.

Gaur eguerditik aurrera 3-3,5 metro arteko olatuak izango direla-eta, kostaldeko lehen lerroari soilik eragingo dion alerta laranja ezarri du Segurtasun Sailak.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Atlantikoan kokatutako depresio sakon bat, hain zuzen ere Britainiar uharteen mendebaldean, hegoalderantz abiatu da, olatu handiak sortuz. Olatu horiek gaur hilak 27 helduko dira euskal kostaldera, arratsaldez, hondoko itsaso gisa.

Depresioaren kokagunea eta ibilbidea kontuan hartuta, baita depresioak gutxika indarra galduko duela ere, euskal kostaldean eragingo duten olatuak ez direla oso altuak izango esan daiteke. Hori bai, marea oso biziekin bat egingo dutenez, kostaldean inpaktua eragin dezakete.

Izan ere, gaur, hilak 27, olatuen garaiera igotzen joango da orduek aurrera egin ahala: goizaldean 1-1,5 metro izatetik, eguerditik aurrera 3-3,5 metro izatera igaroko dira, ia guztia hondoko itsaso gisa. Horrez gain, olatuen maiztasun-aldia ere altua izango da: goizaldean 11 segundo izatetik, goizean 19-20 segundora bitartekoa izatera igaroko da; ondoren, arian-arian beheratuko da, 15-16 segundora arte.

Aldiz, arratsaldeko itsasgora bereziki altua izango da (Bilboko portua: itsasgora 16:16an, 4,9 metroko mailan) eta olatu nabarmenagoak ekarriko ditu: itsasgora betean, 3-3,5 metroko olatuak izango dira, 17 segundo inguruko maiztasun-aldiekin.

Euskalmeten arabera, datu horiekin, balio nahiko altuetan kokatzen dira gainditze-indizeak, abisu laranjatik hurbil; hala, olatuek kostaldeko zenbait gunetan eragin lezakete (adibidez, Zarautzen malekoia gaindi lezakete olatuek).

Bihar asteazkena ere, hilak 28, egunean zehar oso biziak izaten jarraituko dute mareek, bereziki arratsaldez. Hala ere, olatuak txikitzen joango dira, eta, beraz, kostaldeko eragina ere txikitu egingo da. Horrenbestez, Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du eta ez laranja.

Laburbilduz, beraz, marea biziek nolabaiteko indarra duten olatuekin bat egiteak kostaldean eraginak sor ditzakeela esan dezakegu, bereziki gaur arratsaldeko itsasgoran.

 

Oharra: Eguraldi iragarpenak eta abisuak Euskalmeten bidez jarraitzea komeni da ( http://www.euskalmet.net), eta bereziki halako kasuetan, jarraipena Twitter bidez egitea aholkatzen da, #olatu traolan (@Euskalmet)

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko