Berriak
Eu

Berdintasunerako Gunearen autobusa Legebiltzarrera heldu da

2015.eko urriak 27

Gaurko egun osoan zehar Berdintasunerako Gunearen autobusa Eusko Legebiltzarraren aurrean izango da. Autobusa bisitatu dute 10etan Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko Lehendakariak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Parlamentuko Mahaiko kideek. Ondoren, ikastxetxe ezberdinetako ikasleak pasatu dira.  Arratsaldeko zazpietan Amelia Barquinek gazteak eta berdintasunari buruzko hitzaldia eskainiko du Legebiltzarrean bertan. Irekita dago hitzaldia gazteen hezkuntzari buruz interesa duten guztientzat.

Berdintasunaren aldeko politika publikoak bultzatu eta gizartea sentsibilizatzea du helburu Emakundek, eta testuinguru horretan urtero jartzen du martxan Berdintasunerako gunea. Hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzeko asmoz sortu zuen Emakundek 2004. urtean Berdintasunerako Gunea. Azkeneko edizioetan ardatz edo gai nagusi bat du guneak eta antolatzen diren ekitaldi guztiek, edozein esparru edo arlokoak izanik, ardatz horrekin lotura izan behar dute.

Aurtengo leloa “Gizartea aurrera doa berdintasunerantz, ez dezagun atzera egin”da eta honen bitartez gogoratzen da azken hamarkadetan gizarteak aurrera egin duela berdintasunerantz, eta aldi berean ohartarazten da atzera egitearen arriskua egon badagoela. Honekin batera, Beijingeko Adierazpen eta Akzio Plataformaren 20. Urteurrena gogoratzen du, eta baita Berdintasunerako Legearen 10. Urteurrena. Lehenengoa emakumeen eskubideen lanean mugarri bat izan zen, 1995.ean Emakumeen Mundu Konferentzian onartu zenez geroztik, eta bigarrenaren onartzeak ere iragana eta oraina bereizi zituen alderdi askori dagokionez.

Gai hau ardatz hartuta 124 entitate ezberdinek 144 ekintza antolatu dituzte Euskal Herriko herri eta hiriburu ezberdinetan  urriaren 5a eta abenduaren 18a bitartean. Antolatzaileen artean erakunde publikoak, enpresak, elkarteak, fundazioak, sindikatuak eta abar, daude. Eta antolatu diren ekintzak era askotakoak dira: hitzaldiak, mintegiak, erakusketak, mahai inguruak, tertuliak eta abar.

Autobus ibiltaria

Aurten ere, iazko esperientzia ona ikusita, autobus ibiltari bat erabiltzen ari da gunearen egoitza ibiltari moduan. Entitate ezberdinen ekintzak programatuta ez dauden orduetan, autobusa eskoletako ikasle taldeekin eta bestelako taldeekin antolatu diren ekintzetarako sentsibilizaziorako ikasgela izaten ari da.  Espezializatutako bi monitore daude autobusean eta une oro gidatuzen dute bisitarien egonaldia.

Gunearen programa osoa.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Bakartxo Tejeria, Gorka Urtaran