Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik Lilletik Gasteizerako tren-autobide atlantikoa azkar garatzearen premia nabarmendu du Bordelen, esanez «Euroeskualdearen garapen jasangarriari lagunduko diola»

2015.eko urriak 28
  • Alain Vidalies Frantziako Estatuko Garraioko idazkariaren, Alain Rousset Akitaniako presidentearen eta Carlo Secchi Europako Batzordearen Garraio koordinatzailearen aurrean
  • «Pariseko goi-bileraren bezperetan, XXI. mendeko burdinbidea kudeatzea dagokigu: gure gizarteari onura ekarriko dio, bai eta, haren jasangarritasunari esker, planeta guztiari ere, klima-aldaketaren kontra»

 

Bordele 15/10/28

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, tren-autobide atlantikoa azkar garatzearen premia azpimarratu du gaur goizean, Frantziako Estatuko Garraioko idazkari Alain Vidaliesen, Akitaniako presidente Alain Rousseten eta Europako Batzordeko Garraioko koordinatzaile Carlo Secchiren aurrean. Tren-autobidea, Dourges-etik (Lille) abiatuta eta Landetatik igarota, Jundizeraino iritsiko da (Gasteiz), eta errepideko kamioi-trafikoa burdinbidera eramango duenez, Euroeskualdearen garapen jasangarriari lagunduko dio.

 

Ana Oregi Akitaniako Eskualde Kontseiluan parte hartzen ari da, Atlantikoko tren-autobidearen lantaldearen bileran. Europako Batzordeak sustatua, trenbide-azpiegituren egitasmoak eta muga-igarobideetarako proposatutako soluziobideak aztertzen dabiltza bi egunotan. Bileran parte hartzen ari dira, halaber, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendaria, Almudena Ruiz de Angulo, eta Euskotrenen zuzendaria, Imanol Leza.

 

Oregi sailburuak nabarmendu duenez, «tren-autobide berria zerbitzu ematen hastean, kamioien ehuneko altu batek tren-gainean kargatuta igarotzeko aukera luke, errepidez joan eta Biriatuko igarobidea buxatu ordez. Eusko Jaurlaritzarentzat, lehentasunezko proiektua da hau, eta urrats garrantzitsuak eman ditugu lurralde-antolamenduari eta amaiera-geltokia Jundizen egokitzeari dagokionez».

 

Oregiren hitzetan, Atlantikoko trenbide-korridorea garatzea –lehentasunezko proiektuetako bat Europako ardatz handien TEN-T maparen barruan– estrategikoa da Euskadirentzat. Mugikortasun jasangarriko proiektu hori ona da Euskadirentzat eta ona Europarentzat. Euskadirentzat, ezin zen Y proiektua ordeztu. Ez zegoen beste trenbide-aukerarik, ez eta oinarrizko antolamendu bideragarririk. Aintzat hartzen badugu zer premia dituen Atlantikoaren gisako Europako trenbide-korridore batek, gaur egungo trenbide konbentzionala ez da eraginkorra elkarreragingarritasunaren ikuspuntutik, Europakoaz bestelako bide-zabalera eta XXI. mendeko eskakizunekin bateraezineko diseinua du eta».

 

Ana Oregi sailburuaren arabera, «Euskadiren bizkarrezur eta gizarte-kohesioaren ardatz bihurtuko da trenbide-sare berria, eta oso laster ezarriko dugu hiru hiriburuen arteko Intercity zerbitzuen eskema bat ardatz horren gainean, Bilbo, Donostia eta Gasteizen artean, Baionarako, eta handik Bordelerako, luzapena ahaztu gabe».

 

Kudeaketa

«Orain, trenak burdinbide berritik igaroko diren unea igartzen dela, Eusko Jaurlaritzak operazioan parte hartu nahi du. Intercityak dira lehentasun, baina, Europako Batzordearen trenbide-paketeek sustatutako liberalizazioaren esparruan, Euskotren euskal operadorea, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren mende, beste zerbitzu batzuk aztertzera behartuta dago, are gehiago Euskadi–Akitania Euroeskualdea lotuko badute. Hasiera batean, Astigarragatik edo Lezotik Hendaiarako hirugarren errailaren bitartez egingo da: lehen fase horretan, horixe litzateke Euskadik eta bertako inguruek –trenbideei dagokienez– Europarekiko duten isolamendua hausteko modua, UIC zabalerako sarbide bat genukeenez» gaineratu du Oregik.

 

«Oso denbora gutxi barru gertatuko den kontu bat da: lehen urrats bat izango da, elkarreragingarritasunaren esparruko beste arazo batzuk ere konpondu beharko dira, aritzeko erak hobetu beharko dira, baina argi dago euskal Yak penintsularen eta Europa barrualdearen arteko isolamendua apurtuko duela, abiarazten den unetik beretik» zehaztu du sailburuak.

 

Sailburuak Europako ordezkariari eta Frantziako eta Akitaniako gobernuetakoei azaldu dienez, «aukera handiak zabaltzen zaizkigu burdinbideak korridore barruko mugaz haraindiko trafikoan duen garrantzia areagotzeko: gaur egun, trena ez da Irun eta Hendaia arteko trafikoaren % 2 ere hartzera iristen. Europako Batzordeak proposatutako eta sustatutako kontu bat da».

 

«Korridore guztia dugu kezkabide, ez euskal Ya soilik. Ondo dakigu kate-maila bat garela, eta korridore osoko jarduera guztiak dagozkigula. Korridore inguruko eskualde eta herrialdeek Europako azpiegitura berriaren onurak jasoko ditugu, gizartearen, ekonomiaren, ingurumenaren eta jasangarritasunaren alorretan. Horrenbestez, 2017an Tours-Bordele arteko lerro berria zabaltzea positiboa izango da, hala Euskadi penintsularrarentzat nola kontinentalarentzat. Parisetik hurbilago izango gara. Beste aurrerapauso bat Europako trenbide-integrazioari dagokionez» arrazoitu du Oregik Bordelen.

 

Lankidetza

Euskadik Akitaniari «lerro horren eraikuntza sustatzen batera lan egiteko» laguntza eskaini diola nabarmendu du Ana Oregik. Frantziako Gobernuaren erabaki horrek korridoreari bulkada eman, eta agerian utzi du zein garrantzitsua den TEN-Ten oinarrizko sarean (Core Network) egotea. Bruselak dio lehentasun garela, eta azpiegitura eraikitzeko laguntzak ematen ditu. Orain laguntzok baliatzea dagokigu guri; argi dago Europaren kohesiorako duen garrantzi egiaztatuari erantzuten diola proiektua abiarazteak. Etorkizunera hedatzen den ikuspuntu batetik egiten da».

 

«Orain, preseski, Pariseko COP 21 goi-bileraren bezperetan, XXI. mendeko burdinbidea garatzea eta kudeatzea dagokigu: gure gizarteari onura ekarriko dio, bai eta, haren jasangarritasunari esker, planeta guztiari ere, klima-aldaketaren aurkako baterako ekintzan» ondorioztatu du Ana Oregik bere hitzaldian.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @INTERREGTweets
    2015.eko urriak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @v_en_c: Oregi destaca la necesidad del rápido desarrollo de la Autopista ferroviaria Atlántica de Lille a Vitoria-Gasteiz. https://t.co

  • @v_en_c
    2015.eko urriak 28

    Comentario de Twitter:
    Oregi destaca la necesidad del rápido desarrollo de la Autopista ferroviaria Atlántica de Lille a Vitoria-Gasteiz. https://t.co/Vq5wzDmTNV

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Alain Rousset, Carlo Secchi, Alain Vidalies, Julio Gómez-Pomar