Berriak Lehendakaritza
Eu

Eskoziako parlamentariak Euskadin bisitan dira hemengo botere fiskalak eta Kontzertu Ekonomikoa ezagutzeko

2015.eko urriak 26
  • Eskoziako Parlamentuko Finantza Batzordea gizarte-ongizate eta fiskalitate arloetan esparru berri bat sortzeko egiten ari den lanen barruan kokatzen da bisita
  • Eusko Jaurlaritzako, Eusko Legebiltzarreko, Bizkaiko Batzar Nagusietako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariekin bilduko dira

Eskoziako Parlamentuko ordezkaritza bat Euskadin da egunotan Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumen fiskalak bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Kenneth Gibson Eskoziako Parlamentuko Finantza Batzordeko presidentea buru duen taldeak interes berezia du Euskal Autonomia Erkidegoak Kontzertu Ekonomikoaren bitartez Espainiako Gobernuarekin duen harremana ezagutzeko. 2014ko irailean egindako erreferendumaren harira Erresuma Batuko agintariek hartutako konpromisoen ondorioz, Eskoziako Parlamentua bertan indarrean jartzeko marko fiskal berri bat lantzen ari da uneotan.

Ordezkaritza bihar asteartera bitarte izango da Euskadin eta Kenneth Gibson Eskoziako Parlamentuko Finantza Batzordeko presidenteaz gain, batzorde horretako beste bi kidek ere osatzen dute: Gavin Brown kontserbadoreak eta Richard Baker laboristak. Euskadin emango duten denboran lan bilerak egingo dituzte Eusko Jaurlaritzako, Eusko Legebiltzarreko, Bizkaiko Batzar Nagusietako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariekin.

Gaur bertan Ricardo Gatzagaetxebarriarekin, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzetako sailburuarekin, bildu dira jada legebiltzarkide eskoziarrak. Bileran Kontzertu Ekonomikoa aztertu dute, haren jatorri historikoa eta oinarri juridikoak landuz. Gatzagaetxebarriak Kontzertu Ekonomikoaren ezaugarri nagusiak azaldu dizkie legebiltzarkide eskoziarrei, besteak beste, Estatuaren eta EAEren arteko aldebiko ituna dela, ahal arauemailea aurreikusten duela, bildutako diru-kopuruaren kudeaketa propioa suposatzen duela eta horrek aldebakarreko arriskua hartzea ere ekartzen duela.

 

Testuingurua

2014ko irailean egindako erreferendumaren harira, Erresuma Batuko lehen ministroak berak eta alderdi unionista nagusietako buruzagiek Eskoziari eskumen gehiago emateko konpromisoa hartu zuten, baldin eta eskoziarrek independentziaren aukerari uko egiten bazioten. Azkenean, erreferendumean independentziaren aurkako jarrera nagusitu zen, eta, orain, Erresuma Batuko Parlamentuko Smith Batzordeari dagokio eskumen horiek nola itzuli aztertzeko ardura.

Zehazki, orain artean honako proposamenak egin ditu besteak beste Smith Batzordeak: Eskoziak errentaren gaineko zergaren maila ezartzeko ardura izatea, hauteskunde legea aldatzea 16 urteko gazteek botoa emateko aukera izan dezaten eta aireportuen gaineko zergaren zein hainbat diru-laguntza estatalen kudeaketa Eskoziaren esku uztea. Proposamenok Edinburgon egoitza duen Holyroodeko Parlamentua osatzen duten bost alderdiekin negoziazio gogorrak izan ostean egin dira, hau da, Eskoziako Alderdi Nazionalarekin (SNP), Alderdi Laboristarekin, Alderdi Kontserbadorearekin, Alderdi Liberal Demokratarekin eta Berdeekin.

Smith Batzordearen proposamenei jarraipena emanez, 2015eko urtarrilaren 22an Eskoziaren autonomia hedatzeko lege proiektu bat ere aurkeztu zuen David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak. Erreformon ondorioz Eskoziak gizarte ongizate eta fiskalitate arloetan marko berri bat izango duela aurreikusten da, eta, horrenbestez, besteak beste, fiskalitate arloan autonomia gehiago bereganatuko duela.

Hori horrela, Eskoziako Parlamentuko Finantza Batzordeak lanean jarraitzeko konpromiso sendoa du, besteak beste akordio fiskalek praktikan nola funtzionatzen duten aztertuz. Hain zuzen ere, hori izan da bertoko kideek Euskal Herriko esperientzia ezagutu nahi izateko arrazoietako bat.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @amaiurinfo
    2015.eko azaroak 01

    Comentario de Twitter:
    RT @uaiartza: Hope Scottish Parliament deputies visit to BasqueCountry was usefull @StephenGethins https://t.co/CSBqPKLEkD

  • @JonInarritu
    2015.eko azaroak 01

    Comentario de Twitter:
    RT @uaiartza: Hope Scottish Parliament deputies visit to BasqueCountry was usefull @StephenGethins https://t.co/CSBqPKLEkD

  • @uaiartza
    2015.eko urriak 31

    Comentario de Twitter:
    Hope Scottish Parliament deputies visit to BasqueCountry was usefull @StephenGethins https://t.co/CSBqPKLEkD

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)