Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak bihar aurkeztuko duen aurrekontu-proiektuan ez dela murrizketarik aurreikusi

2015.eko urriak 26
  • Zirriborroan gastu soziala lehenetsi, eta % 1eko igoera aurreikusi da
  • Urkulluk baieztatu du Rajoyk «estatua hautsirik» utzi duela, eta gobernu berriak akordioak bilatzea eta Euskadiko autogobernuarekiko konpromisoa hartzea espero du

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak bihar aurkeztuko du aurrekontu-proiektua. Bertan, % 1eko igoera aurreikusi da, bai eta oinarrizko zerbitzu publikoak mantentzea bermatzea ere, eta berrikuntzari eta enplegu-sorrerari bideratutako aurrekontu-sailak gehiagotu dira; batez ere, gazte-enplegura bideratutakoak. «Ez da inongo sailen aurrekontua murriztuko» ziurtatu du lehendakariak, Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean.

Aurrekontuen berri emateaz gain, eta Ministroen Kontseiluak Gorteak desegiteko agindua eman duen egun berean, lehendakariak Mariano Rajoyren legealdiaren balantzea egin, eta «asalduzko» garaitzat jo du. Lehendakariaren ustez, Espainiako Gobernuko presidenteak «estatua hautsirik» utzi du, eztabaidari uko egiteko eta, gehiengo osoaren babespean, inposatzeko joera direla medio, eta ez dio «bizikidetza politikoari lagundu».

Horiek horrela, lehendakariak bere nahia adierazi du: estatu pluralaren alde egingo duen alderdi bat gobernatu dezala abenduaren 20ko hauteskundeen ostean, eta «nazionalitate horietan gehiengoak dituzten alderdiekin» akordioak bila ditzatela, bai eta «Euskadiko autogobernuarekiko konpromisoa» ere. Ildo horretan, autogobernuari dagokionez, Urkulluk prozesu mailakatu bat gauzatzearen alde egin du: prozesu bat, euskal gizartean atxikimenduak lortuko dituena, Europaren baitan finkatua egongo dena eta legezkotasuna gordeko duena.

BAKEA ETA BIZIKIDETZA

Datozen hauteskunde orokorren osterako igartzen den gobernu-aldaketarekin loturan, preseski, lehendakariak azaldu du bere lehentasunen artean dagoela, autogobernuaren arloan akordioak lortzeaz gain, normalizazioari eta bizikidetzari bide emango dion espetxe-politika baten aldeko aldarrikapena mahaigaineratzea, berriz ere, bai eta ETAren behin betiko armagabetzerako proposamen bat egitea ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)