Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadiko Lanbide Heziketa Estatu Batuetan

2015.eko urriak 23

Jorge Arévalo, Lanbide Heziketako sailburuordea, Estatu Batuetako Minnesota estatuan da egunotan, bi gobernuon arteko harremana sakontzeko asmoz. Minnesota puntako estatu bat da industriaren eta fabrikazio aurreratuaren esparruan Estatu Batuetan.

Astean zehar izan dituzten bileretan, nabarmentzekoa da Arévalok Steven Rosenstonekin, Minnesotako Estatuko Unibertsitateetako eta Lanbide Heziketako kantzelariarekin, egindakoa. Iragan ekainean, Rosenstonek lehen eskutik ezagutu zuen Euskadiko Lanbide Heziketa, bisita batean, zeinean Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarekin bildu baitzen. Bileran, bi gobernuek adierazi zuten lankidetza sustatzeko interesa; hain zuzen, fabrikazio aurreratuaren alorrean hartutako eskarmentua trukatzeko eta esparru horretako etorkizuneko planak dinamizatzeko aukera emango dien lankidetza bat. 

Fabrikazio Aurreratuak teknologia konplexua darabil produktu are aurreratuagoak fabrikatzeko: hori du elementu bereizlea. Produktuok, bestalde, balioa dakarkiote gure enpresen lehiakortasunari. Aldi berean, horrek espezializazio eta prestakuntza handiagoa eskatzen die enpresotan lan egiten duten pertsonei.

LHko sailburuordearen bisitak akordio hori abiarazi nahi du. Jorge Arévalok hainbat zentro teknologiko bisitatzeko aukera izan du, bai eta fabrikazio aurreratuko zenbait enpresa eta ikasleak fabrikazio mota horretan prestatzen dituzten lanbide-heziketako prestakuntza-zentro batzuk ere.  LHko zentroen arteko lankidetza da, hain zuzen ere, akordioaren helburuetako bat. Halaber, baterako berrikuntza-proiektuak sustatzea, ikasleen trukea eta irakasleen prestakuntza dira xede.

Irakasle trukea

Irakasleen prestakuntzari dagokionez, eta bisitarekin bat etorriz, Euskadiko Lanbide Heziketako sei irakaslek hamabost eguneko egonaldia hasi dute Minnesotan, fabrikazio aurreratuko prestakuntza lantzen duten zentroetako metodologia ezagutzeko. Aurrerago, Minnesotako sei irakasle Euskadira etorriko dira, xede berarekin. Hamabi irakasle horiek beste hainbeste zentrotatik datoz, eta baterako esperientzia horrek elkarrekin harremanak eratzeko aukera emango die zentro guztiei, sare bat sortuz hala. Arian-arian, gehitzen joango da trukean parte hartzen duen irakasle eta zentro kopurua. Oso aberasgarria eta konstruktiboa izango den itxura duen harreman bat. 

TKNIKA – Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa ere protagonista izan da asteburuan zehar egin dituzten bileretan. Estatu Batuek epe motzeko helburu estrategiko gisa ezarri dute fabrikazio aurreratuan prestatzeko zentro berriak irekitzea; Euskadira egindako bisitaren ostean, Minnesotan antzeko zentro bat sortzeko interesa agertu dute.

Jorge Arevalo sailburuordearen ustez, «Minnesotarekin Lanbide Heziketaren arloan dugun harreman estua sendotu du bidaiak, eta aukera emango digu bi aldeontzako interesgarri diren proiektuetan elkarrekin aurrera egiteko. Fabrikazio aurreratuari buruzko ezagutzen trukea dagoeneko hasi da fruitu ematen. Horrez gain, Euskadiko Lanbide Heziketako nazioarteko campusa bultzatzeko aukera emango digu harremanak: helburua da lanbide-heziketaren alorrean indartsuen diren herrialdeekin harremanak eratzea. Haiengandik ikasiko dugu, baina gure lan egiteko modua –gure mugez haratago aintzat hartutako metodologia bat– helaraziko diegu orobat». 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @urrutibeaskoa
    2015.eko urriak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @IkaslanBizkaia: La Formación Profesional de Euskadi en Estados Unidos https://t.co/Cw9SQs6C6P

  • @maria_meijide
    2015.eko urriak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @IkaslanBizkaia: La Formación Profesional de Euskadi en Estados Unidos https://t.co/Cw9SQs6C6P

  • @IkaslanBizkaia
    2015.eko urriak 28

    Comentario de Twitter:
    La Formación Profesional de Euskadi en Estados Unidos https://t.co/Cw9SQs6C6P

  • @SPRIUSA
    2015.eko urriak 23

    Comentario de Twitter:
    La Formación Profesional de Euskadi en Estados Unidos https://t.co/Xpoz5Fm5dp

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)