Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Udalak ikerketa ekonomiko bat egingo dute Errota auzoan, jarduteko epeak finkatuko dituzte eta auzotarrentzako diru-laguntzen zenbatekoak eta baldintzak ezarriko

2015.eko urriak 23
  • Datozen egunotan dei egingo zaie auzotarrei, informazioa emateko eta haien zalantzei erantzuteko
  • Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila eta Gasteizko Udala Visesan oinarrituko dira plan hori garatzeko, erakunde horixe aukeratu baitu Europar Batasunak tokiko proiektuaren buru izateko

Proiektua iragan maiatzaren 5ean aurkeztu zenetik eta, ondoren, irailean, Europako Batzordearen 2020 Horizontearen I+G+Bko esparru-programaren bitartez esleitu zenetik, lanean aritu dira Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila eta Gasteizko udala, bai eta proiektuko gainerako bazkideak ere –besteak beste, Tecnalia eta MCC–, Errota auzoan hiri-birgaitze integratuko proiektua errealitate bihurtzeko.

Aste hauetan proiektuaren oinarriak finkatzen ari dira, Europar Batasunak proiektua esleitu ondoren auzotarren artean sortu den ikusminaren jabe. Helburua hau da: egin daitekeena zehaztea, bai eta zer baldintzetan egin daitekeen ere, erronka garrantzitsu horretan sartutako pertsona guztien kezka eta zalantzei erantzun zehatzak emateko. Besteak beste, auzoaren azterketa ekonomikoa egitea eta proiektuari ekiteko egutegi bat prestatzea, jarduteko epeak finkatzeko eta diru-laguntzen zenbatekoak eta baldintzak zehazteko: auzotarrekin hitz egitera eseri aurretik egin beharreko zereginak dira horiek guztiak.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ángel Toñak, adierazi duenez, Marcos Muro, Visesaren zuzendari nagusia, dagoeneko bildu da Errota Zaharra auzo-elkartearen ordezkariekin. Gaineratu du «aste gutxi barru egingo direla, ziur aski, auzotarrekin lehen bilerak» Bestalde, Gorka Urtaran alkateak esan du bilerara deituko dituela udalbatzako talde politikoak, orain arteko xehetasun guztien berri emateko. Orobat, informazio-bulego bat zabaltzea aurreikusi dute, auzoa birgaitzeko planaren eraginpeko biztanleek nora jo izan dezaten. «Proiektua hain da garrantzitsua, auzotarrekin komunikazioa konstantea izan behar duela, eskutik joan gaitezen bai herritarrak bai erakundeak» esan du.

Errota auzorako plana asmo handiko proiektu bat da. Udalak hainbat urte daramatza egitasmo horri ekin nahian, baina orain ikusi dute hari heltzeko benetako aukera, Smart Cities deialdiari egokitzen baitzaio, Europar Batzordearen 2020 Horizontea proiektuaren barruan. Izan ere, zera eskatzen zen: etxebizitza kopuru jakin batean birgaitze energetikoaren alorrean jarduteko aukera, eta hiri-bilbe bat izatea, haren gainean garapen jasangarria gauzatzeko. Bada, Errota da horretarako apustua. Gasteiz ez ezik, Tartu (Estonia) eta Sonderborg (Danimarka) hiriek ere parte hartzen dute jarduketak garatzeko proposamenean, helburu bertsuekin. Jarduketak hiri bakoitzaren ezaugarrietara moldatu dira.

Proiektuan, birgaikuntza nabarmentzen da ardatz nagusi moduan. Fatxadako inguratzailearen birgaitze energetikoa izango da jarduketen oinarria: hain zuzen, fatxadaren isolamenduaren eta kanpoko arotzeria-instalazioaren gain jardungo dute, bai eta ur-iragazteak murrizteko ere. Halaber, % 50 murriztu nahi dira energia-eskakizunak, eta barrualdea moldatu, eraginkortasun handiko hiriko bero-sareari egokitzeko. Biomasaz hornitutako berokuntzako eta ur bero sanitarioko sistema bat da. Bestalde, hiri-mugikortasunaren arloan energia garbien erabilera bultzatzea aurreikusi dute, ibilgailu eta azpiegitura berdeak areagotuz. Orobat aurreikusi dute informazioaren teknologiak (IKT) asko erabiltzea, proiektuak planifikatzeko eta abian jartzeko garaian integrazioa eta koherentzia lortzeko, herritarren parte-hartzea finkatzeko eta gauzatutako jarduketen azken onuradunak pertsonak direla bermatzeko.

Barrutiko berokuntza-sistema berri bat ere sartu da planean. Biomasaz dabil, eta 1.300 bizitokiko eremu bat hornituko du. Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak 1.300 etxebizitzok finantzazio-baldintza berak izateko konpromisoa hartu dute, nahiz eta, zuzenean Europar Batasuneko diru-laguntzan parte, 750 etxebizitzak hartuko du parte soilik. Koroatze auzoko 6.066 etxebizitzetatik, 1.800 sartzen dira proiektuaren esparruan zehaztutako eremuan –non beste jarduketa sorta bat ere sartuko baita–.

Mugikortasun iraunkorra sustatzeko jarduerei dagokienez, planak gutxienez 73 ibilgailu elektriko (mota ezberdinetakoak) erabiltzea aurreikusten du, bereziki zerbitzuak emateko eta salgaiak banatzeko ibilgailuak eta taxiak. Gainera, ibilgailu horiek kargatzeko guneak aurreikusi dira: 26 gune jarriko dira salgaien banaketarako, 6 taxietarako eta 20 partikularrek publikoari zerbitzuak emateko. Bestetik, Udalak 2 milioi euroko aurrekontua du Errotaren inguruan zenbait ekintza egiteko, eta une honetan lehentasunak aztertzen ari dira.

Finantzazioa

Finantzazioari dagokionez, SmartEnCity proiektuak 75.565.000 euroko aurrekontua du guztira (hiru hiriak sarturik: Gasteiz, Tartu eta Sonderborg). Europako Batzordeak, orotara, 27.890.136 euroko diru-laguntza eman du hiru hirietarako.

Gasteizko proiektuaren aurrekontua 29.566.798 euro da, honela banatuta:

a) Errota auzoko jarduketak: 24.166.377 €

b) Kudeaketa, ikerketa, koordinazioa, zabalkundea, monitorizazioa, zeharkako kostuak, eta abar: 5.400.421 €

Europak emandako diru-laguntzari dagokionez, Gasteizek 10.879.960 € jasoko ditu, honela banatuta:

a) Errota auzoko jarduketak: 6.208.803 €

b) Kudeaketa, ikerketa, koordinazioa, zabalkundea, monitorizazioa, zeharkako kostuak, eta abar: 4.671.157 €

Bestalde, Visesak jasoko du Europak eraginkortasun energetikoaren alorrean birgaitzeko emandako diru-laguntza. Aldi berean, Gasteizko udalak eta Eusko Jaurlaritzak osatuko dute Europak emandako dirua. 

Udala eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila ez ezik, Energiaren Euskal Erakundea eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila ere sartu dira proiektuan: berokuntza-sarerako, ingurunerako eta etxebizitzei diru-laguntza emateko, orotara, bi milioi eta erdi eurotik gorakoa izango da ekarpena.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @anibalmeltor
    2015.eko abenduak 14

    Comentario de Twitter:
    RT @ERROTAZAHARRAAE: Gobierno Vasco y Ayuntamiento realizarán un estudio económico en Errota/Coronación, fijarán plazos de actuación y... h…

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urtaran, Alcalde de Vitoria-Gasteiz