Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak ekonomiaren susperraldiaren oinarriak sendoak direla nabarmendu du Gipuzkoako Enpresarien Foroaren aurrean

2015.eko urriak 23

Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-proiektua aurkeztuko du datorren astean; akordioari irekitako dokumentu bat da, eta barruan hartzen ditu berrikuntza sustatzeko eta gazte-enplegua sortzeko helburuak

Lehendakariak, Iñigo Urkulluk, Gipuzkoako Enpresarien II. Foroa inauguratu du gaur. Bilera horretan, nabarmendu du joera ekonomikoa positiboa dela, eta susperraldiaren oinarriak sendoak. Orobat gogorarazi du Euskadiko etorkizun-estrategiak zera eskatzen duela: gaitasun propioak indartzen jarraitzea eta mundura zabaltzea. Gutxika, «atxikimenduak irabazten» doan estrategia bat. Lehendakariak aurreratu duenez, datorren astean aurkeztuko duen aurrekontu-proiektuan –«akordioari irekitako» dokumentu bat– helburu nagusien artean sartuko dira berrikuntza sustatzea eta gazte-enplegua sortzea.

Gipuzkoako Merkataritza Ganberan egin den ekitaldi horretan, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toña izan ditu lagun lehendakariak. Gipuzkoako enpresa-egituraren ordezkarien aurrean, baieztatu du Eusko Jaurlaritzak baikor jarraitzen duela euskal ekonomiaren eboluzioari dagokionez. Izan ere, 2015 honetarako hazkunde eta enplegu aurreikuspenak gainditu dira. Urkulluk azaldu du aurten % 2,7 haziko dela BPGa eta % 1,8 lanaldi osoko enplegua. Horrez gain, esan du datorren urterako helburua langabezia-tasa % 13ra beheratzea dela.

Lehendakariak gogorarazi du bidean aurrera egiteko erronka handienetako bat euskal enpresen egokitzapena dela, lehiakor izaten jarraitu dezaten. Une honetan, Eusko Jaurlaritzak lanean dihardu, Basque Industry 4.0 estrategia landuz industriaren digitalizazioan eta nazioartekotzean sakontzen. Industriak gure Barne Produktu Gordinaren % 23,6 hartzen du, eta % 25era iristea espero dugu» argitu du. Ildo horretan, nabarmendu du zein parada egokia dakar Europak inbertsioarentzat, berrikuntzarentzat eta hazkundearentzat.

Lehendakariak, orobat, iragarri du datorren astean Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-proiektua aurkeztuko duela: «akordioari irekitako» dokumentu bat, erantzukizunez egina, non oinarrizko zerbitzu publikoak mantentzeaz gain, berrikuntza sustatzea eta gazte-enplegua bultzatzea nabarmentzen baitira helburu gisa.

KONTZERTU EKONOMIKOA

Halaber, Kontzertu Ekonomikoa auzitan jartzeak sortzen dion kezka helarazi du lehendakariak, beste behin ere, eta Espainiako Gobernuak Euskadikoarekin negoziatzeari emandako ezezkoa kritikatu du. «Kontzertu Ekonomikoaren sistema auzitan jartzeko bat egin duen ahots-orkestra bat: horixe da gure planteamenduei ematen ari zaien erantzun bakarra» adierazi du. Zentzu horretan, tresna instituzional, ekonomiko eta fiskalei balioa ekartzeko eskatu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)