Berriak
Eu

Martuteneko zubia eta El Pilarreko oinezkoentzako pasabidea azaroan eraitsiko dira

2015.eko urriak 22
  • Eneko Goia alkateak eta Ana Oregi Sailburuak bisita egin diete Martutenen ur goraldiei aurre egiteko proiektuaren lehen faseko lanoi
  • Oregi:”lanok erritmo onean doaz Martutenen; eta hurrengo ur handiko sasoian, ez ditugu izango aurreko goraldietan buruhauste nabarmen sortu dizkiguten bi oztopo hidrauliko: Martuteneko zubia eta El Pilarreko pasabidea”
  • Goia: “aukera paregabea dugu hobekuntza urbanoa  lortzeko; izan ere, lanok posible egingo dute ibaiarekiko jarraitasuna,  eta, ondorioz, auzoa egoera urbano hobera ekartzea”
  • Eguraldia eskasten ez bada, Martuteneko zubia azaroaren bigarren astean eraitsiko da (aldez aurretik, El Pilarreko pasabide berria irekita) eta El Pilarreko pasabide zaharra azaroaren azkenerantz eraitsiko da

DSS 15.10.22.

Eneko Goia alkateak eta Ana Oregi Sailburuak bisita egin diete Martutenen ur goraldiei aurre egiteko proiektuaren lehen faseko lanoi; hartara, negua hasi aurretik, lanon egoera eta aurreikuspenak ezagutze aldera. Ana Oregi sailburuaren hitzetan: ”lanok erritmo onean doaz Martutenen; eta hurrengo ur handiko sasoian, ez ditugu izango aurreko goraldietan buruhauste nabarmen sortu dizkiguten bi oztopo hidrauliko: Martuteneko zubia eta El Pilarreko pasabidea”

Iñigo Ansola Uraren Euskal Agentziako (URA) zuzendari  nagusiak azaldu duenez “azken hilabeteetan ibaiaren Martuteneko tartearen bideratze eta zabaltze lanotan egin dugu lan,  ibilguaren zabalera gutxieneko 45 metro eta gehienezko 50 metro bitartean izatea lortzeko: orain arteko zabalerarekin alderatuta, nabarmen handiagoa, ur goraldiak husteko ahalmen handiagoarekin”.

Eneko Goia Donostiako alkatearen iritziz, Urumean abian diren lanok “aukera paregabe ematen digute hobekuntza urbanoa  lortzeko; izan ere, lanok ahalbidetuko dute ibaiarekiko jarraitasuna,  eta, ondorioz, auzoa egoera urbano hobera ekartzea”

Eguraldia eskasten ez bada, datozen asteetan, URAk Martutenen Urumearen ur-hustuketarako ahalmena handitzeko ezinbesteko ekintzak egingo ditu:  Martuteteneko zubia azaroaren bigarren astean eraitsiko da (aldez aurretik, Okendotegiko oinezkoentzako bide berria atondu, eta horraino heltzeko,  El Pilarreko pasabide berria irekiko da) eta El Pilarreko pasabide zaharra azaroaren azkenerantz eraitsiko da

Martuteneko zubi berria eraikitzen den bitartean, oinezkoentzako trafikoa Okendotegitik atondutako bide batetik desbideratuko da, El Pilarreko pasabide berria tarte; eta ibilgailuen trafikoa ahalbidetzeko, Sarrotetan bi noranzko ibilbidea atondu da.

Ana Oregiren aburuz “lanok erritmo onean doaz Martutenen; eta hurrengo ur handiko sasoian, ez ditugu izango aurreko goraldietan buruhauste nabarmen sortu dizkiguten bi oztopo hidrauliko: Martuteneko zubia eta El Pilarreko pasabidea. Era berean, lanok begi bistan uzten dute ibaien eremuak aintzat hartu behar ditugula, beren-beregi, geure herri eta hirietako lurraldea kudeatzerako orduan”.

“Erakundeak eta herritarrak ibaiekin bizi behar gara; ibaien ur goraldien errepikatze naturalari egokitu behar gatzaizkio; ur goraldiak ezinbestean zabaltzen diren uholde arriskuguneak errespetatu behar ditugu. Izan ere, era horretara, pertsonon eta azpiegituren segurtasuna handitzen dugu;  balio ekosistemiko paregabea duen eremu horri,  behingoz, aurrez aurre begiratuko diogu; eta ur goraldiei aurre egiteko babes lanak — eta horiek ibaiei egindako erasanak — egin beharra saihestuko genuke, eraikitzeke liratekeen eremu urbano berrietan”

Ibilgua

Oregik azaldu du “lehen fase honetan, uholdeei aurre egiteko lanon xedeen artean, ibai ohe naturala mantentzea dago; baita erriberen naturalizazioa ahalbidetzea: hartara, erribera basoari eustea ahalbidetuko duten ezpondak eraiki dira. Izan ere, zeharkako helburua da lan horiek ahalik eta kalte gutxien eragitea Urumea ibaiari”.

Oregi sailburuak adierazi du “zabaltze, bideratze eta Martutene eta El Pillarreko zubien ordezkatze-lan hauek beharrezkoak dira, oso, Donostian ur-goraldien aurrean segurtasuna handitze aldera. Bai Martutenen 500 urteko errepikatze denborako ur-goraldiak ibai ibilguan eutsiko dituelako, bai uretan gora ur-lamina nabarmen jaitsaraziko duelako, Urumea ibarrean zehar  segurtasuna zabalduz”.  Era berean azpimarratu du “lanok erantzuna ematen diote Martutenen arazo errepikakor bati. Horren jatorria agerikoa eta etorkizunean saihestu beharrekoa: herriak eta hiriak sortzean, ibairen behar izenak aintzat ez hartzea,   era ez jasangarri batean jardutea”.

Oregik gogorarazi du “Martuteneko auzo donostiarra uholdeetatik babesteko lanon lehen fasearen aurrekontua 19 milioi euroko da, eta 30 hilabete irautea aurreikusten de; halere, eguraldiak laguntzen badu, aurreikuspen hori zeharo murriztu litzateke”. Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) finantziazioa jasotzen du.

Lanon lehenengo fasea Martuteneko zubitik (bera barne) uretan gora doa, 30 hilabeteko iraupenarekin. Bigarren fasea Martuteneko zubitik uretan behera GI-131 errepideko Lugañeneko zubiraino, 12 hilabeteko iraupenarekin.  Oregik esan duenez, “nahiz eta, tamalez, 0 arriskua ezin da bermatu, lanok nabarmen handituko dute segurtasuna Martutenen ibai aldamenean bizi diren auzokideentzat”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Eneko Goia