Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik zera proposatu die Euskadiko eragile sozial eta ekonomikoei: «parte hartzea, Euskadin eta Europan trenbide-sare berriarekin ezarriko den mugikortasun berria modu optimoan kudeatzeko»

2015.eko urriak 22

 

  • «Europako trenbide-korridore atlantikoak eskainitako efikaziaren eta erosotasunaren barruan»
  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Expansión egunkariaren jardunaldi tekniko batean parte hartu du
  • «Azpiegitura egokiak edukita besterik ez dugu mantenduko kokaleku abantailatsua Europako hego-mendebaldeko garraioan»
  • «Urrunerako garraioan izango da nabarmenen Euskal Y-aren eragin modala, Madril eta Bartzelonarekin: izan ere, gaur egun % 6,2 hartzetik, % 20 eta % 28 bitartean hartzera igaroko da trenbidea»
  • «Euskal herritarrek hautabide jasangarri, fidagarri eta azkarra izango dute beren joan-etorriak egiteko»
  • BI 15/10/22

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik zera proposatu die euskal eragile sozial eta ekonomikoei: «parte hartzea, modu optimoan kudeatzeko Euskadin eta Europan ezarriko den mugikortasun berria, zeinak tokiko garraio-sistemen eta euskal trenbide-sarearen arteko loturari bide emango baitio, trenbide-korridore atlantikoak eskainitako efikaziaren eta erosotasunaren barruan».

 

Expansión egunkariak Bilbon antolatutako lan-jardunaldi batean parte hartu du Oregik. Hain zuzen, trenbide-korridore atlantikoa izan da jardunaldiaren ardatza; Oregiren ustez, «euskal Y-ak (euskal trenbide-sare berriak) aukera paregabea dakarkie gure herritarrei eta ekonomiari, ingurunea ingurumen-aldetik hobetzeko premien erantzun gisa eta mugikortasun integratu, efikaz eta jasangarriagoa lortzeko». 

 

Lurraldeak bere azpiegiturekin duen harremanari jasangarritasun-printzipioa aplikatzea, jasangarritasunaren ikuspegi ugarietatik: ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik. Horra hor Ana Oregi sailburuaren gomendioa. Sailburuarekin batera, honako hauek izan dira ekitaldian: Julio Gómez-Pomar, Azpiegituretako estatu-idazkaria; Imanol Leza, Euskotrenen zuzendaria; Antonio Aguilar, Renfe Mercancías-en zuzendaria; Luis Gabiola, Bilboko Portuko Eragiketetako, Merkataritzako eta Logistikako zuzendaria; José Antonio Sebastián, Transitia-ko Zirkulazio Segurtasuneko zuzendaria; Iñigo Ezquerra, Estructured Finance BBVAren zuzendaria; Osborne Clarkeko Luis Castro, eta Salvador Arancibida, Expansión egunkariko zuzendaritzaren ondokoa.

 

Hitzaldian, honako hau gogorarazi du Oregik: «Iberiar penintsularen eta Europako iparraldearen arteko tradiziozko igarobidea da Euskadiko lurraldea, baina errealitate historiko horrek ezin digu pentsarazi gurearen moduko kokaleku geografiko bat berme askia dela gaur egungo komunikazio-bideetan irauteko; izan ere, azpiegitura egokiak izanik besterik ezingo dugu mantendu kokagune hori». «Elkarrekiko harreman eta mendekotasun handiko mundu batean, lurralde mugakideekin partekatu eta eraiki behar da asmo hori, haien erakundeekin eta eragile ekonomiko eta sozialekin» gaineratu du Oregik.

 

Garraiobide kolektiboak

Oregik adierazi du «garraiobide kolektiboak –hiri barrukoak, hiri artekoak zein nazioartekoak– kokaleku ziurra dutela etorkizun hurbileko gizartearen eta ekonomiaren diseinuan, bai eta oraingoan ere. Mugikortasun-eskari hori ingurunean integratuagoa dago eta gai da jende-samaldak hurbiltzeko eta erlazionatzeko, ondoriozko eragin ekonomikoarekin. Bada, eskari berri horri, erantzun berriak eman behar zaizkio».

 

«Herrialde gisa, gure bizilagunekin erlazionatzeko eta historikoki gozatu dugun kokalekuan irauteko beharrezko diren azpiegiturak gauzatu behar ditugu. Horretarako, bitarteko kolektiboak sustatu behar ditugu pertsonak eta salgaiak garraiatzeko: halakoek, gure lurraldea barrutik egituratu ez ezik, politikoki eta administratiboki partaide gaituen errealitate zabal eta konplexuago batean ere –Europan, hain zuzen– integratu behar gaituzte. Horiek horrela, gizabanakoak garraiatzen dituzten bitartekoen erabilera eta hari lotutako azpiegiturak modulatu behar ditugu, ingurune fisikoan eta klima-aldaketaren prozesuan duten eragina gutxitzeko. Erabaki horren alderdi garrantzitsu bat da «euskal trenbide-sare berri» delakoa, erantsi du Euskadiko garraioaren arduradun instituzional nagusiak.

 

Euskal trenbide-sare berria errealitate bat da, eta orain dugu gure bizitzak hobera aldatuko dituen azpiegitura hori kudeatzeko erabakietan pentsatzeko garaia. Eta hortxe, lankidetzan, interes orokorra eskumen edo politika arloko lehiaren gainetik jartzeko gai garenean, orduan erakusten dugu administraziook emaitza herritarrek eskatutakoa izan daitekeela» nabarmendu du sailburuak.

 

Hiriburuetarako sarbideak

Ana Oregik logistika eta garraioaren arloko profesionalen aurrean adierazi duenaren arabera, «euskal trenbide sarearen inguruan eratutako erakundearteko harremanak erronka bat du aurrean: hiriburuetarako sarbidearen inguruko zehaztapenak eta akordioak finkatzea. Sarbideok gure hiriburuen errealitatea eraldatzeko ahalmena dute; prozesu konplexua da, baina etorkizunerako potentzialtasunez betea». 

 

«Gure herrialdeko jende-multzo handienak modu azkarrean konektatzeko gaitasuna» azpimarratu du sailburuak, «izan ere, hiri horiek, haien eraginpeko inguruneekin batera, elkarrekin lotzeko tresna berri bat izango dute, erlazionatzeko modua goitik behera aldatuko duena, eta gaur egun ezagutzen dugunaz bestelako agertoki sozioekonomikoei bide emango diena. Bada, baliatu beharreko errealitatea berri bat da, eta trenbide-sare berriaren konfigurazioaren gainean taxutuko da, intercity gisa. Garrantzitsuak dira irekitzen dizkigun aukerak.

 

Etorkizuneko euskal trenbide-sareak bi alderdi izango ditu, elkarren osagarriak eta gure etorkizuna zehazteko erabakigarriak biak ala biak: batetik, barrura begira, gure herritarren arteko harremanen eta komunikazioen sistema goitik behera aldatuko duena; bestetik, kanpora begira, Euskadi TEN-T egitasmoaren oinarrizko sarean (Core Network) sartu, eta Europa osoarekin lotuko duena» argitu du Ana Oregik.

 

«Eusko Jaurlaritza garen heinean, euskal trenbide-sare berria diseinatzen dugu, eta bertatik zerbitzuak eskaintzen ditugu. Lanen egikaritzan engaiatu gara eta horiek kudeatzen parte hartu nahi dugu, Euskotrenen operazio-gaitasunaren bitartez» azpimarratu du sailburuak.

 

Oregik erreferentzia egin dio «ingurumen-faktura» deitu duenari ere, «izan ere, Euskadin, bitarteko mekanikoak erabiliz egindako joan-etorrien % 38,8 ibilgailu pribatuarekin egiten da; gure herrialdetik kanpora egiten diren joan-etorrietan, berriz, trenak % 0,3 hartzen du, hegazkinak % 1,4, eta kotxeak % 90. Horrek zera adierazten du: gaur egun garraio-sektoreari egoz dakizkiekeen CO2 isurien % 80 errepidetik datorrela».

 

Ingurumenaren eta ekonomiaren hobekuntza

«Errealitate hori aldatu beharra dago, eta trenbide-sare berria martxan jartzeak ondorio hauek ekarriko ditu: Euskadiko hiriburuen arteko joan-etorrietan gaur egun % 1 hartzetik, % 10etik gora hartzera igaroko litzateke trena; Euskadiko eta Gaztela eta Leongo eta Aragoiko hiriburuen arteko distantzia ertaineko joan-etorrietan, berriz, gaur egungo % 4,3tik % 10 ingurura igaroko litzateke; eta urrunerako garraioan izango litzateke nabarmenen Euskal Y-aren eragin modala, Madril eta Bartzelonarekin loturan: gaur egun % 6,2 hartzetik % 20 eta % 28 bitartean hartzera igaroko litzateke trenbidea, zer-nolako jokaleku pentsatzen ditugun» azaldu du. «Garraiobideen artean, trenak sortzen ditu kanpo-kostu gutxien: autobusak kostu horiek bikoizten ditu, hegazkinak hirukoizten, eta, trenbidearen aldean, errepideak ia boskoiztu ere egiten ditu kanpo-kostuak. Beraz, argi dago zein den ingurumenaren aldetik gure apustua».

 

«Trenbidea ustiatzeak izango duen eragin ekonomikoari dagokionez –aztertu du sailburuak– Euskal Trenbide Sare berria abiarazteak efektu biderkatzailea izango du ekoizpenaren, familiako errentaren eta enpleguaren gainean, eta ekonomia-ehun osora hedatuko da. Ustiapenak eragina izango du, bada, Euskadiko ekonomian: 2,2 milioi euro ekarriko ditu Y trenbide-sarearen etorkizuneko ustiapenean inbertitutako milioi bakoitzeko.» kalkulatu du Oregik.

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak argudiatu duenez, «gizarte-mailako onuran ere eragingo du euskal trenbide-sare berriak: euskal herritarrek hautabide jasangarri, fidagarri eta azkarra izango dute joan-etortzeko, eta denbora aurreratuko dute; izan ere, automobilez, hegazkinez edo ohiko trenez baino denbora gutxiagoan egingo dituzte bidaiak, eta txikiagoa izango da, halaber, istripu-arriskua».

 

Intercity

«Euskadiko mugikortasuna garraio integratuko sistema baten bitartez taxutuko da. Barruan hartuko ditu intercity garraio-sistemak eta tokiko garraio-sistemak, gure mugikortasuna ahalik eta hoberen antolatzeko aukera emango digun txartel bakarraren sistemaren bitartez» azpimarratu du Ana Oregik.

 

Sailburuak argudiatu duenez, «trenbide-sare berriak gure herrialdea eta bertako ingurunea dinamizatuko ditu, eta pertsonak izango dira sare berriak ekarriko dizkigun hobekuntza sozialen onuradun. Horrez gain, ohituren aldaketa bat eragingo du gure garraio-sisteman: ibilgailu pribatutik, garraio publikoko bitarteko kolektiboetara».

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Julio Gómez-Pomar, Antonio Aiz, Imanol Leza,Antonio Aguilar, Almudena Ruiz de Angulo, Luis Gabiola,José Antonio Sebastián, Íñigo Ezquerra, Luis Castro, Salvador Arancibia, Marco Boronat