Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadiko gazteen erdiek baino gehiagok parte-hartze sozial ertaina edo altua dute

2015.eko urriak 22

Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren laguntzarekin eginiko “Gazteak eta parte-hartze soziala Euskadin” ikerketaren arabera, % 12,5ek parte-hartze sozial altua du eta % 43,3k ertaina

Jon Redondok, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariak, eta Itsaso Anduezak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidenteak, “Gazteak eta parte-hartze soziala Euskadin” azterlana aurkeztu dute gaur goizez Bilbon. Bi erakundeok –Gazteen Euskal Behatokiak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak- elkarlanean burutu duten lehen ikerketa da hau.

Aurtengo urte hasieran, Gazteen Euskal Behatokiak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak diseinatutako inkesta bat erantzun zuten telefonoz 1512 gaztek. Ikerketa horren helburua hauxe izan da: aztertzea eta neurtzea 15 eta 29 urte bitarteko Euskadiko gazteen parte-hartze moduak bai eta beren konpromiso soziala ere.

Ikerketaren emaitza nagusiak aurreratu dituzte prentsaren aurrean Jon Redondok eta Itsaso Anduezak. Txosten osoa urte bukaeran egongo da eskuragarri. Ikerketak, parte hartzeko hiru moduren inguruko galderak egin dizkie gazteei: elkartegintzaz edo elkarteetako partaidetzaz, boluntariotzaz eta ekintza sozialetan parte hartzeaz. Azkenik, hiru parte-hartze mota horiek konbinatuta, parte hartze sozialaren indizea osatu da.

ELKARTEGINTZA. Gazteen erdiak baino gehiago (% 57,3) elkarteren bateko kide dira, batik bat kiroletakoak edo ludikoetakoak. Hamar gaztetik seik sarritan parte hartzen dute eta beste heren batek  noizean behin parte hartzen du.

BOLUNTARIOTZA. Egun, gazteen % 23,6k boluntario lanak egiten ditu. Boluntario lanak definitzean kontuan hartu dira modu egonkorrean (urtean zehar edo udan) egiten direnak, zein momentu jakinetan egiten direnak ere. % 17,3k boluntariotza egonkorra egiten du; neskek mutilek baino gehiago, eta bereziki hezkuntza-aisialdian. % 12,1ek momentu jakinetako lan boluntarioetan parte hartzen du, batez ere kirol arloan.  Boluntariotza egiteko modu hauek ez dira bateraezinak; gazte batzuek bietara jotzen dute.

Boluntario lana modu egonkorrean egiten duten edo egin izan duten gazteak batetik, eta momentu jakinetan egin izan dutenak bestetik gehituz gero, portzentajea %69,8ra iristen da. Beraz, hamar gaztetik zazpik badute boluntariotzako esperientzia. Era berean, boluntario lanak egiten dituzten edo egin izan dituzten gurasoen seme-alaba gazteek neurri handiagoan jotzen dute borondatezko lanera.

EKINTZA SOZIALAK. Ikerketa osatzeko gizartean parte hartzeko beste era batzuk aintzat hartu dira, tradizionalak direlako eta gazteen presentzia handia dutelako, nahiz eta aurrekoak bezain instituzionalizatuak eta formalak ez izan. Aukera zabaletik zortzi hautatu dira eta horietan gazteek azken urtean parte hartu ote duten aztertu da:

-         Kultura, kirol edo jai-ekitaldi herrikoiak: % 62,6

-         Sinadura-bilketak: % 54,5

-         Eztabaidak edo salaketak Interneten, sare sozialetan edo aplikazio mugikorretan: % 53,1

-         Manifestazioak eta elkarretaratzeak: % 50,3

-         Helburu sozialetarako diru-bilketak: % 49,3

-         Batzarrak eta asanbleak: % 41,6

-         Hauteskundeak eta bozketak: % 38,8

-         Odola eta organoak ematea: % 25,7

Bost gaztetik batek eztabaidak edo salaketak antolatu ditu Interneten, sare sozialetan edo aplikazio mugikorretan. Ageri da ziberaktibismoa parte-hartze sozialerako modu berri eta indartsua dela.

PARTE-HARTZE SOZIALAREN INDIZEA: Parte-hartzailea da euskal gazteria?

Aztertutako hiru parte-hartze moduak (elkartegintza, boluntariotza eta ekintza sozialak) eta hauen intentsitatea eta konpromiso-maila konbinatuta, parte-hartze sozialaren indizea osatu da. Indize honek, ikerketaren funtsezko galderari erantzuten dio: parte-hartzailea da euskal gazteria?

Parte-hartze sozialaren indizearen arabera, euskal gazteen % 55,8k parte-hartze sozial altua (% 12,5) edo ertaina (% 43,3) du, hau da, elkarteren bateko kide dira, boluntario-lanak egiten dituzte eta proposaturiko ekintza sozialen bat antolatu dute azken urtean edo horietako gehienetan parte hartu dute.

Informazio zehatzagoa eta grafikoak, atxikitako PDF dokumentuan

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Itsaso Andueza, EGK-ren presidentea