Berriak Lehendakaritza
Eu

ESS-Leioa eta SLAC elkarlanean arituko dira neutroien azelerazioaren prozesuan

2010.eko uztailak 29

Euskal zentroko zientzialariak beren kide kaliforniarrekin bildu dira urrirako lankidetza-eskema bat ixteko

ESS-Leioako Neutroien Espalazio Zentroak San Franciscoko SLAC laborategi entzutetsuarekin batera lan egingo du urritik aurrera neutroien azelerazioaren programan. Lankidetza konpromiso hori da Bizkaiko zentroko zientzialariek Kaliforniako konpainiaren egoitzara egin duten bisitaren helburu nagusia. Bisitan parte hartu duen pertsonetako bat Javier Bermejo zentroaren zuzendaria izan da. Patxi López lehendakariak ere SLACen instalazioak bisitatu ditu eta hain maila altuko erakunde batek Bizkaiko zentroarekin batera lan egitea oso garrantzitsua dela azaldu du. Urrats honi esker, etorkizunean lankidetza prozesu "egonkor eta erreal" bati ekingo zaio eta horrela, zientzialariak Leioako zentrora mundu osotik etorri ahalko dira.

Lehendakaria AEBetan egiten ari den bisitako bosgarren egunean, San Franciscon igaroko duen azken egunean, alegia, Silicon Valleyko eremuan dauden enpresak ikustera joan da. Goizean goiz Google bisitatu ondoren, lehendakaria SLAC laborategiaren instalazioetara joan da. Bertan, zentro horretako zientzialariek nanotektonologia eta protoien azelerazioaren arloan gauzatzen duten lana zertan datzan ikusi du. ESS-Leioako Neutroien Espalazio Zentroa kudeatzen hasi den lanaren "osagarria" da, hain zuzen. Bisita honen helburua bi zentroetako zientzialariak harremanetan jartzea izan da "etorkizunean lankidetza egonkor eta errealak gauzatu ahal izatea eta mundu osoko zientzialariek gure zentroan parte hartu ahal izatea lortzeko bidea prestatzen hasteko", azaldu du lehendakariak.

Patxi López lehendakariarekin batera Europako Neutroien Espalazio Iturriaren Espainiako egoitzaren zuzendaria, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren arloko Euskal Planeko Aholkularitza kontseiluko kide den José Antonio Maiz aditua, Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Pedro Luis Arias Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Juan Ignacio Goicolea Berrikuntza eta Teknologia sailburuordea ere SLAC laborategiko bisitara joan dira.

Bi laborategien arteko hartu-emanak emankorrak dira, are gehiago, ESS-Leioa eta SLACen arteko lankidetza-eskema urrirako ixtea espero da eta horri esker, besteak beste, informazioa, ikerketak eta ikertzaileak trukatu ahalko dituzte. ESS-Leioak zerotik heltzen dien arloetan zentro ospetsu honen laguntza jasotzea espero du, neutroien espalazioaren esparruaren barruan. Javier Bermejok, ESS-Leioa zentroko zuzendariak, Kaliforniako laborategiak garatu duen lana "erreferentzia gisa hartzeko adibidea" dela eta Bizkaiko lanera "ezin hobeto" egokitzen dela azpimarratu du.

Auto miragarria

SLAC laborategira egin duten bisita honen ostean, lehendakaria eta AEBetara joan den Jaurlaritzaren ordezkaritza Stanford unibertsitatera joan dira. Bertan, lehendakaria John Etchemendy Provostarekin batzartu da. Lópezek bisita honen helburua goi-mailan egoteko, unibertsitatearen kudeaketa eta antolamendua ezagutzea dela azaldu du. Izan ere, irailean EHU bikaintasunerako hautagai izateko aurkeztuko da. Horrez gain, lehendakariak "unibertsitate batek sortzen duen ezagutza enpresara eta gizartera nola helarazten den jakiteko" interes berezia agertu du.

Ikerketa eta berrikuntzatik sortutako ezagutzaren aplikazio praktikoaren adibide bat izan da lehendakariaren bisitaren hurrengo geldialdia, Centro Cars Automotive Innovation Facility - Volkswagen Automotive Innovation Lab-era egin duen bisita, alegia. Zentro horretan oso ezaugarri bitxiak dauzkaten ibilgailuen prototipoekin lan egiten da, hala nola auto elektrikoekin, eguzki-energia erabiltzen dutenekin, baita izerdia detektatzen eta gidariari bere urduritasun egoeraren berri ematen diotenekin ere.

Lehendakaria prototipo horietako batera igo da, zehazki, gidaririk behar ez duen eta autonomoki gidatzen duen auto batera. Lehendakariak "unibertsitatean gehiago ikertzearen eta unibertsitateko ikerketa eta jakintza sorkuntza hori Euskadiko enpresa eta industria sareekin lotzen saiatzearen aldeko apustua" berretsi du. Hartara, lehendakariak krisi garaian ere, Eusko Jaurlaritzak ikerketa horren alde apustu egiteko eta "gure enpresa sarean aplikatzearen aldeko konpromisoa" azpimarratu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari