Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Deustuko Unibertsitateak hainbat jarduera garatuko dituzte itsaso eta portuetako gaietan trebatu eta ikertzeko, eta horiei buruzko informazioa jendarteratzeko

2015.eko urriak 21

Ana Oregi´k, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko sailburuak, eta José María Guibert´ek, Deustuko Unibertsitateko errektoreak, hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, itsas-garraioari eta itsaso eta portuetako enpresei lotutako trebakuntza-, ikerkuntza- eta zabalkunde-proiektu eta -jarduerak garatzeko, eta sektorearen lehiakortasuna sustatzeko, kalitatearen eta eraginkortasunaren barruan. Bi erakundeok elkarrekin sustatuko dute Itsas eta Portu Enpresen Kudeaketako eta Itsas Zuzenbideko Masterra.

 

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari dagokio itsas-garraioaren arloko jarduera sozioekonomikoan jarduten duten enpresa, korporazio, erakunde eta entitateen administrazioan, kudeaketan eta antolaketan adituak diren teknikariak prestatzeko eta bikaintzeko zerbitzuak emateko ardura. Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak Itsas Zuzenbidearekin eta Itsas Ekonomiarekin lotutako esparrua garatu du. Gai horiek, hain zuzen, ikasleei irakatsitako Merkataritza Zuzenbidearen edukien barne daude.  2000ko irailean, hitzarmen bat sinatu zuten orduko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eta Deustuko Unibertsitateak, Itsas eta Portu Enpresen Kudeaketako Masterra irakasteko, eta 2009an eguneratu zen.

 

Ana Oregi sailburuaren ustez, Euskadik jarduera eremu zabal bat du itsas-kudeaketaren arloan, bere industria eta logistikari esker, eta, horretarako, ondo trebatuak egon behar dute gure profesionalek. Horiek horrela, Deustuko Unibertsitatearen ahalbideak direla eta, trebakuntza-, ikerkuntza- eta zabalkunde-jarduera berriak garatzen ditugu itsas-garraioaren eta itsas- eta portu-enpresen kudeaketaren arloan, Itsas eta Portu Enpresen Kudeaketa eta Itsas Zuzenbideko Masterraren gisako jarduerekin, bai eta Deustuko Itsas Foroaren antolaketarekin ere. Alor horretako gaurkotasun-gaien inguruko jardunaldi bat da, hain zuzen, non sektoreari lotutako esparru profesional eta akademikoak eragiten baitira. Halaber, etorkizunean garatzeko aintzat hartzeko moduko ideia, proposamen eta proiektuen erakustoki gisa balio du.

 

Eusko Jaurlaritzaren Itsas Administrazioko Eskolak eta Deustuko Unibertsitateak master bat irakasteari ekin zioten 2000 urtean (2000/01 ikasturtea). Sektoreko 35 profesionalez osatutako talde batek zuen saioak irakasteko ardura. Jasotako prestakuntza osatzeko, itsas- eta portu-jarduerarekin nahiz itsas-zuzenbidearekin lotutako enpresetan praktikaldi bat egiten zen. Hamabost urteotan, hogeita hamar enpresak baino gehiagok jardun du gurekin lankidetzan praktikaldiak egiten. Masterraren 15 edizio egin dira, eta 400 bat pertsonak ikasi dute bertan. Gutxi gorabehera ikasleen % 33 beste herrialde batzuetatik etorri da: Txile, Txina, Brasil, Mexiko, Argentina, Errusia, Frantzia, Italia eta Greziatik, kasu. Masterrak ANECAren  (kalitatea ebaluatzeko eta ziurtatzeko Espainiako agentzia) ziurtagiria lortu du. Itsas-komunitatean eta ikasleen artean, balio handia ematen zaio masterrari, laneratze maila altua du-eta.

 

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eta Deustuko Unibertsitateak elkarlanean jardungo dute itsas-garraioarekin eta itsas- eta portu-enpresen kudeaketarekin lotutako trebakuntza- eta ikerkuntza-proiektu eta -jarduerak diseinatzen eta garatzen, bai eta Masterreko jardueren zuzendaritza- eta jarraipen-lanetan ere. Orobat, Master amaierako lanen oinarri izango diren esparruak identifikatuko dituzte, sektoreko ikerketa, garapena eta berrikuntza bultzatzeko hala. Sailak 75.000 euro emango ditu, urtero, 2017ra arte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • J. M. Guibert