Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Euskadin bizi diren etorkinek jasotzen dutena baino gehiago ematen diote ekonomiari

2015.eko urriak 21

Immigrazioaren Euskal Behatokiak (Ikuspegi) gaur Bilbon aurkeztu duen «Euskadiko immigrazioaren eragin ekonomikoa eta demografikoa» azterlanaren datuek, beste behin ere, gutxi gorabehera zabalduta dagoen iritzia ezeztatu du, hau da, etorkinek Euskadin dauden baliabide sozialen zati handia hartzen dutela.

 

Krisiaren aurretik (2008) eta atzeraldian bertan (2012) immigrazioak izandako eragin ekonomikoa kuantifikatu du Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetzan diharduten Ikuspegi behatokiaren lanak.

Bi kasuetan estatistikak ezeztatzen du hazkunde ekonomikoari ekarpen negatiboa egiten diola diotenen iritzia, azterlanak barne hartutako aldian positiboak izan baitira beti kolektibo horren saldoak. Lau urtean lan-errentengatiko ekarpenak ia 200 milioi euro handiagoak izan dira –443 milioitik 631 milioira–, batez ere Gizarte Segurantzako eta PFEZeko kotizazioen hazkundeagatik.

Ikuspegik egindako ikerketaren arabera, etorkinek zerbitzuetan egindako per capita gastua bertakoek egiten dutena baino txikiagoa da. Hala, gastu hori 3.906 eurokoa zen atzerritar bakoitzeko 2012an, eta 3.947 eurokoa biztanle guztiak kontuan hartuta; izan ere, gastu handia dago atzerritarrek presentzia oso txikia duten partida jakin batzuetan (osasun-sisteman, mendekotasunerako prestazioetan edota hezkuntzan, esate baterako).

Euskadiko lan-merkatuan etorkinek okupazio-maila handia badute ere, bereziki gogorra izan da krisialdi ekonomikoa kolektibo horrekin. Hori dela eta, azterlan eta estatistika ofizial guztiek berresten dutenez, prestazio ekonomikoen eta gizarte-zerbitzuen bidez jasotzen dituzten zenbatekoek gora egin dute, baina, edozelan ere, etorkinek egindako ekarpena handiagoa da kasu guztietan jasotzen dutena baino.

Azterlanak, azkenik, atzerritarrek euskal demografian, besteak beste, izandako eragin argia nabarmentzen du, horri esker biztanle kopurua ez baita murriztu azken urteotan. Halaber, jaiotza-tasan, mendekotasun-tasan edo zahartze-tasan atzerritarrak iristeak hobekuntza argia ekarri duela ere azpimarratzen du azterlanak.

Gaur aurkeztutako datuak datorren astean eztabaidatuko dituzte Ikuspegi eta Biltzen erakundeek batera antolatu duten Immigrazioa eta integrazioa EAEn izeneko V. jardunaldien barruan; horietan arlo horretako aditu handiek parte hartzea aurreikusita dago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)