Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak datu irekien berrerabilera sustatzeko bi lehiaketa publiko deituko ditu. (2015-10-20(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko urriak 20

 

LABURPENA

Datu publikoak berrerabiliz herritarrentzako zerbitzuak sortzeko bi aplikazio eta bi ideia onenak sarituko dituzte.
Epaimahaiak proiektu eta ideien erabilgarritasuna, bideragarritasuna, gizarte-balioa eta kalitatea balioztatuko ditu, besteak beste. Gainera, herritarren iritzia izango dute kontuan, www.euskadi.eus webgunearen bidez proiektuak eta ideiak bozkatzeko aukera emango baita.
Ekimen horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak hurrengo hauek lortu nahi ditu: Open Data Euskadi ezagutaraztea, aberastasuna eta gizarte-balioa sortzeko datu irekien erabilera sustatzea eta datuen berrerabiltzean interesa dutenek gehien erabiltzen duten datuak zein diren jakitea.

Gobernu Kontseiluak bi lehiaketa publikoaren deialdia onartu ditu gaur Open Data Euskadin (http://opendata.euskadi.eus) eta datu irekien beste iturri batzuetan eskuragarri dauden datu publiko eta irekien erabilera eta berrerabilera sustatzeko. Lehiaketen xehetasunak asteazkenean, urriak 21an, publikatuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Proiektuak edo ideiak originalak izan beharko dute eta aurretik saritu gabekoak. Hona hemen Eusko Jaurlaritzaren helburuak bi lehiaketa horietan:

Open Data Euskadi eta EAEn abiarazitako antzeko ekimenen eta datu katalogoen potentzialaren berri ematea.
Datu irekien erabilera eta horietatik deribatutako zerbitzuen sorrera sustatzea.
Sektore berrerabiltzailea sortzen laguntzea, aberastasuna eta gizarte-balioak eragiteko.
Sektore berrerabiltzaileak gehien erabiltzen dituen datuak zein diren jakitea, horiek irekitzeko ahalegin gehiago egiteko.

Lanen kalitatea balioztatzeko, profesionalez osatutako epaimahai bat osatuko da. Gainera, Eusko Jaurlaritzak bozkatzeko aukera emango die herritarrei. Eta epaimahaiak kontuan hartuko du bozketaren emaitza.

BI LEHIAKETA

Alde batetik, Open Data Euskadiko datu irekiak berrerabiltzeko lehiaketa abiarazi du Eusko Jaurlaritzak, iturri horretako datuekin sortutako bi zerbitzu, azterlan eta web edo mugikorrerako aplikazio onenak saritzeko. Lehen saria 3.000 eurokoa izango da eta bigarrena, 2.000 eurokoa. Lehiaketa hau datu publiko horiek erabiltzen eta balio erantsia sortzen dakiten teknologia berrien arloko adituei zuzenduta dago.

Hurrengo irizpide hauek balioztatuko ditu epaimahaiak, besteak beste: itxura, erabilgarritasuna, konpontzen duen arazoaren zailtasuna, balizko hartzaileen kopurua, negozioa sortzeko bideragarritasuna, gizarte-balioa, originaltasuna, sormena, izaera berritzailea, erabiltzeko erraztasuna, irisgarritasuna eta kalitate-teknikoa.

Bestalde, Open Data Euskadiko datu publikoak berrerabiltzeko ideien lehiaketa deitu du. Honetan, Open Data Euskadiko edo euskadi.eus atariko datuak edozer arlo profesional edo sozialetarako tresna erabilgarrietan erabiltzeko ideiak eman ditzaketen herritarrek har dezakete parte, aplikazioak garatzen aritu ez arren. Lehiaketa honetan ere bi sari emango dituzte: 1.500 eta 1.000 euroko bana.

Epaimahaiak hurrengo hauek hartuko ditu kontuan: erabilgarritasuna, konponduko duen arazoaren zailtasuna, balizko hartzaileen kopurua, ideia horretatik zerbitzu bat sortzeko bideragarritasuna, azterlana, web edo mugikorretarako aplikazioa, gizarte-balioa, ideiatik negozioa sortzeko potentziala, balio ekonomikoa, originaltasuna, sormena, izaera berritzailea, kalitatea eta proposamenaren argitasuna.

OPEN DATA

Open Data Euskadi Eusko Jaurlaritzak bere esku dauden datu publikoak argitaratzeko konpromisoaren ondorio da, betiere berrerabiltzeko asmoarekin. Hala, eragileek edo herri-administrazioek horietatik eratorritako zerbitzuak eskaintzea ahalbidetu nahi da.

Open Data Euskadiren helburuak honako hauek dira:

datu horietatik deribatutako produktuekin edo zerbitzuekin balioa eta aberastasuna sortzea.
Herri-administrazioaren gardentasuna hobetzea eta handitzea, datuak argitaratzeak kudeaketa publikoa aztertzeko eta ebaluatzeko aukera ematen baitu.
Administrazioen arteko elkarreraginean laguntzea, herri-administrazioko datuekin herritarrentzako zerbitzuak sortzen.
Administrazioaren informazioa ordenatzea, edukien dokumentazioa eta sailkapena hobetzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau