Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Elikagaien kalitatea defendatzeko Legeak Euskadik nekazaritzako elikagaien arloan dituen eskumen esklusiboak urratzen dituela ohartaraziko dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari. (2015-10-20(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko urriak 20

 

Akordioa, zeinaren bidez baimena ematen baita konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jartzeko, 28/2015 Legearen zenbait aginduren aurka (28/2015 Legea, uztailaren 30ekoa, Elikadura Kalitatea babestekoa).

LABURPENA

Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarri aurretik, bi aldeen arteko sei hilabeteko negoziazio epea irekitzea proposatuko du Jaurlaritzak.
Espainiako Gobernuak oinarrizko erregimen zigortzaile sakon, gehiegizko eta uniforme bat eta informazio sistema zentralizatu bat ezarri nahi ditu, Euskadik nekazaritako elikagaien arloan duen eskumen esklusiboa hustu eta ezerezean utziz.
Eusko Jaurlaritzak gogoratu duenez, Euskadik badu jada elikagaigintzaren arloa arautzen duen lege propioa: 17/2008 Legea, abenduaren 23koa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean Elikagaien kalitatea defendatzeko uztailaren 30eko 28/2015 Legearen hainbat arauren aurkako helegitea jartzea erabaki du, Euskadik nekazaritzako elikagaien arloan dituen eskumenak urratzen dituela uste baitu. Eskumenok Gernikako Estatutuaren 10. artikuluan jasota daude. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari bi aldeen arteko sei hilabeteko negoziazio epea irekitzea proposatuko dio, Auzitegi Konstituzionalaren Lege Organikoaren 33.2 artikuluan ezarri bezala. Behin epea igarota aldeen arteko desadostasunak konpontzen ez badira, Eusko Jaurlaritzak 28/2015 Legearen 12., 13., 14., 15., 17., 19., 20., 21., 22., 23., 24. eta 26. artikuluen aurkako helegitea jarriko du, baita lehendabiziko xedapen gehigarriaren eta xedapen iragankor bakarren aurkakoa ere.

Eusko Jaurlaritzak salatu duenez, Espainiako Gobernuak beste behin ere gehiegikeriaz jokatu du legedia mugarik gabe hedatuz Euskadik Gernikako Estatuak onartutako eskumen esklusiboa duen arlo batean, honakoan nekazaritzako elikagaiak. Ildo horretan, kontuan izan behar da Euskadik baduela jada elikagaigintzaren arloa arautzen duen lege propioa: 17/2008 Legea, abenduaren 23koa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa, zehapeneko erregimen propioa ere aurreikusten duena.

Horri muzin eginez, Espainiako Gobernuak, jarduera ekonomikoaren plangintza orokorra koordinatzeko eta merkatuaren batasuna bermatzeko gaitasuna erabiliz aitzakia gisa, zehapeneko erregimen sakon, gehiegizko eta uniformea sortu du animalien elikaduraren arloan. Onartutako kontrol eta zehapen-sistemak ia erabat hustu eta ezeztatzen ditu Euskadiren eskumen esklusiboak, Estatuko legediak agintzen duena betearazte hutsera mugatuz Euskadiren zeregina.

Gainera, pentsuen eta animalien elikagaien kontrolen gaineko informazio sistema erabat zentralizatua ezartzen du Estatuko legegileak, eskumen autonomikoak errespetatu gabe. Horrek balizko bikoiztasun bat ere eragiten du, inspekzioen gaineko informazioa bi aldiz agertuko bailitzateke, behin administrazio autonomikoan eta beste behin Estatuaren administrazio orokorrean.

Azken batean, Espainiako Gobernuak, beste behin ere, bereak ez diren eskumenak hartzen ditu bere gain Eusko Jaurlaritzak salatu duenez, aitzakia gisa jarduera ekonomikoaren plangintza orokorra koordinatzeko gaitasuna erabiliz.

ALDEBIKO NEGOZIAZIOA

Uneotan, Euskadi-Estatua aldebiko batzordean konstituzio inguruko desadostasunen gaineko negoziazioak abian dira beste 5 lege hauen gainean:

  • 1/2015 Errege Lege Dekretua, otsailaren 27koa, bigarren aukerako mekanismoari, finantza-karga murrizteari eta bestelako neurri sozialei buruzkoa.
  • 10/2015 Legea, maiatzaren 26koa, Kultura Ondare Immateriala babesteari buruzkoa.
  • EAEko 6/2015 Legea, ekainaren 30ekoa, hidrokarburo ez-konbentzionalak erauzteko prozesuan eta fracking edo haustura hidraulikoan ingurumena babesteko neurri osagarriei buruzkoa.
  • EAEko Legea, ekainaren 18koa, Etxebizitzarena.
  • EAEko Legea, ekainaren 25ekoa, EAEko Zuzenbide Zibilarena.

Gaur iragarritako helegiteaz gain, Eusko Jaurlaritzak maila ezberdineko Espainiako beste 18 legeren aurkako helegiteak ere aurkeztu ditu Auzitegi Konstituzionalean legegintzaldi honetan:

  • 16/2014 Errege Lege Dekretua, abenduaren 19koa, enplegua suspertzeko programa arautzen duena.
  • 18/2014 Legea, urriaren 15ekoa, hazkuntzaren, lehiakortasunaren eta eraginkortasunaren aldeko premiazko neurriak onartzen dituena.
  • 1/2014 Legea, otsailaren 28koa, lanaldi partzialeko langileak babesteari eta arlo ekonomiko eta sozialeko beste premiazko neurri batzuei buruzkoa.
  • 8/2013 Lege Organikoa, abenduaren 9koa, Hezkuntza Kalitatea hobetzekoa. (LOMCE)
  • 1/2013 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena.
  • 2012rako Aurrekontuen Espainiako Legea.
  • 2013rako Aurrekontuen Espainiako Legea.
  • Estatuko 20/2012 Errege Lege Dekretua, uztailaren 13koa, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoa.
  • 4/2013 Errege Lege Dekretua, otsailaren 22koa, eta 11/2013 Legea, uztailaren 26koa, ekintzaileari laguntzeko eta hazkundea eta enpleguaren sorrera bultzatzeko neurriei buruzkoa.
  • 14/2012 Errege Lege Dekretua, apirilaren 20koa, hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzkoa.
  • Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta sistemaren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren zati bat.
  • 23/2015 Legea, uztailaren 21ekoa, laneko eta gizarte-segurantzako ikuskatzailetza-sistema antolatzen duena.
  • 1/2015 Legegintzako Errege Dekretua, uztailaren 24koa, medikamentuen eta osasuneko produktuen erabilera arrazionala bermatzeko legearen testu bategina onartzen duena .
  • 1192/2012 Errege Dekretua, abuztuaren 3koa, funts publikoen kargura eta Osasun Sistema Nazionalaren bidez Espainian osasun laguntza jasotzeko asegurudun eta onuradun izaera arautzen duena.
  • 1506/12 Errege Dekretua, azaroaren 2koa, Osasun Sistema Nazionaleko prestazio ortoprotesikoen zorro erkide osagarria arautzen duena eta prestazio ortoprotesikoen finantzaziorako gehieneko zenbatekoak zehazteko oinarriak ezartzen dituena.
  • 126/2014 Errege Dekretua, otsailaren 28koa, Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma ezartzen duena.
  • 1056/2014 Errege Dekretua, abenduaren 12koa, ezgaitasunak dituzten pertsonentzako aparkatzeko txartela igortzeko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak erregulatzen dituena.
  • FOM/710/2015 Agindua, urtarrilaren 30ekoa, Interes Orokorreko Trenbideen eta Trenbide Sareko interes orokorreko bide-zatien katalogoa onartzekoa.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau