Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak ETA premiatu du, egiteke dituen urratsak aldebakarki egitera

2015.eko urriak 20

ETAk jardueraren etena iragarri zuenetik lau urte igaro direnean, Euskadiko Gobernuak adierazi du atzo Gogora – Memoriaren Institutuan ateratako batasun-irudiak islatzen duela hoberen gaur egungo egoera

Gaur, ETAk jardueraren etena iragarri zuenetik lau urte igaro direnean, Eusko Jaurlaritzak adierazi du hartzeke dauden erabakiek ez dituztela bake eta bizikidetzaren arloan egindako urrats garrantzitsuak ilundu behar. Talde terroristak hartu behar ditu erabakiok, aldebakarki hartu ere. Hauek dira, hain zuzen: armagabetzea iragartzea, eragindako kalte bidegabekoa aitortzea eta taldea guztiz desegitea.

Hala baieztatu du gaur Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak, Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, non gogorarazi baitu euskal gizartea lasaiago sentitzen dela terrorismoaren amaierari esker. Euskadiko gobernuaren ustez, atzo Gogora – Memoriaren Institutua irekitzeko ekitaldian ateratako argazkiak islatzen du Euskadik gaur egun bizi duen unea; izan ere, alderdi politiko nagusien ordezkaritza eta parte hartzearekin ekin zaio proiektu horri.

Kupoaren inguruan sortu den eztabaidari eta zenbait alderdi politikok egindako kritikei buruz galdetu diotenean, Erkorekak berriz esan du beharrezkoa dela kontu hori hauteskunde garaiko eztabaidetatik at uztea. 

MUGAZ GAINDIKO LANKIDETZA

Gobernu-kontseiluak gaur onartu du Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) Partzuergoa sortzeko mugaz gaindiko lankidetza-hitzarmena beste hamar urtez berritzea. Pirinioetako Lan Elkartea 1983an sortu zen, eta Pirinioen bi aldeetara dauden eskualde eta erkidegoek eratzen dute; Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak tartean.

Ituna sinatu zenetik hamar urte igarota, lortutako emaitzen balantze “oso positiboa” egin du Eusko Jaurlaritzak, Josu Erkoreka bozeramaileak azaldu duenez. “Izan ere, eskualdeen arteko mugaz gaindiko lankidetzak integrazio ekonomiko handiagoa lortzen laguntzen du, eta gizarte eta lurralde mailako kohesioa indartzen ditu”, esan du.

HELEGITEA ESPAIKIAKO AUZITEGI KONSTITUZIONALEAN

Gobernu Kontseiluak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean Elikagaien kalitatea defendatzeko uztailaren 30eko 28/2015 Legearen hainbat arauren aurkako helegitea jartzea erabaki du. Helegitea gauzatu aurretik, Espainiako Gobernuari sei hilabeteko negoziazio epea irekitzea proposatuko dio Eusko Jaurlaritzak, 28/2015 Legeak nekazaritzako elikagaien arloan egiten dituen “eskumen-inbasio larriak saihesteko”, Erkorekak azaldu duenez.

Eusko Jaurlaritzaren esanetan, Legea egiterakoan, Espainiako Gobernuak alde batera utzi du, berariaz utzi ere, Euskadik eskumen esklusiboa duela nekazaritzako elikagaien arloan, Gernikako Estatutuaren 10. artikuluan aitortua. “Espainiako Gobernuak, beste behin ere, beretzat hartzen ditu bereak ez diren eskumenak, «jarduera ekonomikoaren plangintza orokorra» koordinatzeko eta «merkatuaren batasuna bermatzeko» gaitasuna erabiliz aitzakia gisa”, esan du Erkorekak.

Ildo horretan, nabarmendu egin behar da Gobernu Kontseiluak gaur bertan onartu duela laguntza deialdi bat elikagaigintzarekin, nekazaritzarekin eta arrantzarekin lotutako gazte ikertzaileak formatzeko. Guztira 700.000 euro bideratuko dira.

LHL-AREN ERREFORMA

Bestalde, Gobernu Kontseiluak bere iritzia plazaratu du PSEk egindako proposamenari buruz: hain zuzen, Lurralde Historikoen Legea (LHL) erreformatzeko egin duenari buruz. Ildo horretan, esan du ez duela aurkatzen Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko barne-antolaketa instituzionalari buruzko gogoeta sakonari heltzea. 

 

Gai-zerrenda (2015-10-20)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2015.10.20)

 

 

 

Iruzkin bat
  • 2015.eko urriak 21

    Hasta que todos, incluida ETA, no veamos la bandera de España usada con normalidad en los actos y sitios oficiales del Parlamento y Gobierno Vasco (como el suyo en Twitter, https://twitter.com/jerkoreka) faltará el primer y principal paso pendiente que debe darse, pues no hay #PazConvivencia fuera de la Constitución y sin la bandera de España que la representa.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak