Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Lehendakariak 2015 Merkataritza eta Turismo sariak banatu ditu

2015.eko urriak 20

Urkulluk bi sektore hauek euskal ekonomiaren errekuperazioaren adierazleak direla azaldu du

Eusko Jaurlaritzak 2015eko Merkataritza eta Turismo sariak banatu ditu gaur, jarduera horietan dihardutenen berrikuntza, lehiakortasuna eta ibilbide profesionala nabarmenduta. Iñigo Urkullu lehendakariak berak eman ditu sariak, eta adierazi du sektoreak nabarmen erakusten duela Euskadiko ekonomiaren berroneratzea.

Honela banatu dituzte aurtengo sariak: Enpresa Lankidetzarako Merkataritza saria Ekobelargik irabazi du; merkataritzako berrikuntza-saria, Teresa Bustok; ibilbide profesionalarena, Bizkarrak; Zuloa Irudia etxeak hiri-inguruak dinamizatzeko saria eskuratu du; Arbe hotelak berrikuntza sustatzeko turismo saria; Jazzaldiak, lehiakortasunarena; Matilde Elexpuruk, ibilbide profesionalaren saria, eta turismo-sariko epaimahaiaren errekonozimendu berezia, berriz, Juan José Lekuonak irabazi du.

Hitzaldian, lehendakariak goraipatu du zer-nolako ekarpena egiten dioten saritutako guztiek turismoaren eta merkataritzaren sektoreari, Euskadiko BPGaren %20 sortzen duen aldetik. Adierazle horiek, Urkulluren esanetan, ederki erakusten dute Euskadiren ekonomia berroneratzen ari dela, bai eta enplegua sortzen ere. Urkulluk sektorerako hainbat datu positibo ekarri ditu gogora: merkataritzako establezimenduen %87k negozioari eustea edo handitzea espero duela, edota azken bost urteetan turismoarekin lotutako enplegua %3 handitu dela.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, Arantxa Tapiak, adierazi du sektoreari laguntzeko urratsak ematen jarraitu beharra dagoela, eta urrats horien artean aipatu du Eusko Legebiltzarrak joan den astean sortutako ponentzia, Euskadiko Merkataritza Jarduerari buruzko Legea eztabaidatzeko. Era berean, Turismoaren lege berria ere aipatu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)