Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak %25 murriztuko du energiaren kontsumoa bere eraikinetan, instalazioetan eta flotetan 2025 urterako

2015.eko urriak 16

Aurrezkia energian 200 milioi euro baino gehiago izango da 

  • Energia iraunkortasunaz diharduen dekretu berria Eusko Jaurlaritzaren mendeko sail, erakunde eta sozietate publiko guztietan aplikatuko da. 
  • Petrolioaren gehiegizko erabilera arian-arian gutxitzen joatea da helburua, energiaren aurrezpenari eta eraginkortasunari lotutako neurrien bidez eta energia iturri berriztagarrien sustapenaz. 
  • Dekretuaren aplikazioa zeharkako eran edo modu transbertsalean aplikatuko da, energia eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien erabileraren eskakizunak edo betekizunak politika publiko guztietan integratzeko xedez, arloa edozein dela ere. 
  • Arau berriaren ezarpenak 90 milioi euroko inbertsioak eskatuko ditu, eta horiei esker ezarriko diren aurrezte neurriek 200 milioi euroko aurrezpena ekarriko diote sektore publikoari.

Eusko Jaurlaritzaren Energia Iraunkortasun Dekretuak erabateko aldaketa ekarriko du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren energia kontsumoaren inguruan. Izan ere, kontsumoa nabarmen murriztu nahi du, haren menpeko erakunde eta sail guztien eraikin, instalazio eta flota guztietan energia birmoldaketa handiaren bitartez. Europako arauetan oinarri hartuta, Euskadin orain arte garatu den beste edozein ekimenetatik harago doa dekretua, aitzindaria eta neurgarria den esparru orokor bat ezarriz, eta helburu gisa, energiaren kontsumoa %25 murriztea jartzen du 2025. urtera begira. Aurrezpen hori ekonomikoki,  200 milioi euro inguru izan daiteke 2025 urteraino. 

Euskadik mendekotasun handi-handia du energia baliabideei dagokienez, batez ere fosilekikoa, %90 baino handiagoa. Horrek eragina du ordainketa-balantzan eta energia faktura horiek ordaintzera bideratzen diren finantza baliabideetan, beste jarduera ekonomiko batzuetara eta enplegua sortzera bideratu ezin diren diru baliabideak, hain zuzen ere. Azken 30 urte hauetan Euskadin aurrera eraman diren energia politikei esker, euskal energia sistema oso dibertsifikatuta dago, bai erabiltzen dituen energia moten aldetik, bai sarrera bide eta jatorrizko herrialdeen aldetik. Interkonexio ugari duen sare egoki horrek bermatu egiten du energia hornidura, kalitate eta lehiakortasun handiz bermatu ere.    

Testuinguru horretan, hurrengo hamarkadei begirako erronka da energia iraunkortasun handiagoa lortzea, eta euskal sektore publikoa bide erakuslea edo aitzindaria izango da langintza horretan. Horretarako, zeharkako eran garatuko ditu jarduera asko Euskadiko administrazio orokor guztian; izan ere, petrolioaren eratorrien ekarpena gutxitze aldera, eraikin publikoetan energia aurrezteko eta eraginkortasuna hobetzeko irtenbide berritzaileak jarriko ditu abian. Horrekin batera, energia kontsumo nulua edo txiki-txikia izango duten eraikin berriak sustatuko ditu, garraio publikoaren eta ibilgailuen flotetan petrolioaren ordezkapena bultzatuko du eta bertako energia berriztagarri lehiakorren erabilera suspertuko du.   

Lidergoa eta eredua gizartearentzat

Energia Iraunkortasun Dekretuaren bidez, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen ditu helburu handinahiak energia aurrezteko instalazio guztietan, haren lidergoa eta jokabide eredugarria nabarmendu nahian, beste administrazio batzuen eta, oro har, gizartearen aurrean. 

Dekretuak sailen arteko koordinazio sakon eta zabala sustatu nahi du, energiari lotutako alderdi oro politika publiko guztietan integratzeari begira, benetako energia iraunkortasuna lortzeko xedez. Hartara, zeharkako eran ezartzen du aurrezkiaren eta eraginkortasunaren integrazioa lurralde antolamenduan eta hirigintzan; baita Eusko Jaurlaritzako sail guztiek aurrera eramango dituzten politika publiko guztietan ere. 

Aurrekoaz gain, dekretua Jaurlaritzaren menpeko erakunde eta sozietate guztietan ere aplikatuko da, baita kudeaketa zentralizatua duten haren jabetzako eraikinetan ere: EITB, Eusko Tren, Osakidetza, hezkuntzaren inguruko zentro publikoak, justizia jauregiak eta epaitegiak, museoak, artxibategiak eta etxebizitzetan. 

Helburuak eta ezarpena

Dekretua hamarkada batean garatzea aurreikusten da, Administrazioan errotu den energia kontsumoaren kultura aldatzeko lan handia egingo den denbora tartean, hain zuzen ere. Kultura hori ordezteko, ezari-ezarian, eraginkortasun handiko teknologia berritzaileak eta energia garbiagoak erabiltzen hasiko dira, 2025. urtera begira ezarri diren helburuak lortu ahal izateko. Hau guzti hau lortzeko beharrezkoak izango diren inbertsioak 90 milio euro izango dira eta hartuko diren neurri eta hobekuntza horiei esker, aurrezkia energia fakturan 200 milioi euro ingurukoa izango dela espero da. 

Tarteko lehen helburu gisa, energiaren kontsumoa %12 murriztea finkatzen du dekretuak  2020. urterako, 2025ean xedea den energia %25 aurreztea lortzeko bidean, euskal sektore publikoaren guztizko energia kontsumoa erreferentziazko oinarria kontuan hartuta. Hain zuzen ere, dekretua onartu ondorengo sei hilabetean garatuko den lan-ildo nagusia izango da Euskadiko Administrazioaren jabetzako elementu guztien inbentario zehatza eta zorrotza egitea, bertan energia iraunkortasunaren aldeko jarduerak egiteko egokitasuna aztertze aldera. Horretaz gain, egungo benetako kontsumoak neurtu eta analizatuko dira, erreferentzia gisa erabiliko direnak, aurrerantzean egingo diren ekintza eta jardueren bitartez lortuko diren aurrezkiak kalkulatu ahal izateko.

Horren ondoren, eta urtebeteko epean, Jaurlaritzaren Kontseiluak jarduteko plan orokorra onartuko du. Plan horretan, besteak beste, hobetu litezkeen eraikin, instalazio eta floten zerrenda zehatza jasoko da. Hiru urteko gehieneko epean, Eusko Jaurlaritzaren menpeko sail guztiek eta berauei lotutako erakunde orok jarduteko plan espezifiko bana ezarri beharko dute, haien kontrolpean dauden elementu bakoitzaren kontsumoa hobetze aldera. Plan hori hurrengo urteetan garatuko da, helburuak erdietsi arte.

Jarduteko ardatzak

Jarduteko plan bakoitzean ezarriko diren jarduera espezifikoen osagarri, bete beharreko esparru orokor bat finkatzen du dekretuak, erreferentziazko oinarria izango den esparrua, hain justu ere, energia eraginkortasuna hobetzeko, aurrezkiak lortzeko eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeari begira. Ardatz edo ildo nagusiak hauexek dira: 

  • Energia eraginkortasuna eta aurrezkia

Gai honen inguruan gauzatuko diren jarduerak funtsezkoak izango dira energia iraunkortasunaren helburuak eskuratu ahal izateko. Hartara, ekintza zehatzak eramango dira aurrera instalazio publikoen energia eraginkortasun maila egokiena lortzeko eta haien kontsumoak hobetzeko, kasu guztietan zeharkakoak edo transbertsalak izango direnak, hala nola kontsumoen monitorizazioa eta kontrola, auditoriak eta energia ziurtapenak, eta eraikin bakoitzak eskatzen duen hobekuntza premiaren arabera, ekintzak edo jarduerak espezifikoak ere izango dira. Azken kasu honen barruan sartzen dira honako jarduera hauek: eraikinen berritzeak (estalkiak, inguratzaileak, leihoak), eraikinen barneko eta kanpoko argiztapenean eraginkortasun handiko teknologiak ezartzea, galdara-geletan hobekuntzak, ordezkapenak eta aldaketak egitea eta klimatizazio sistemen berriztatzea eta zentralizatzea. 

Jarduteko plan espezifikoek finkatuko dute kasu bakoitzerako instalazioen premiei aurre egiteko konponbide egokiena. 

  • Iturri berriztagarrien bidezko energiaren erabilera

Euskal sektore publikoari lotutako eraikinen %32k, gutxienez, energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak eduki beharko dituzte 2020. urtean, eta %40k 2025. urterako. Helburu horiek lortu ahal izateko, zalantzarik gabe, biomasa eta geotermia ustiatzeko teknologiek zeregin berezia izango dute.   

Izaera transbertsalarekin, energia elektrikoa erosteko lizitazio publikoek era berezian balioetsiko dute haren jatorri berriztagarria. 

  • Administrazioaren eraikinak eta babes ofizialeko etxebizitzak (VPO)

Eraikin eta instalazio guztiek energia azterketa edo auditoria bat egin beharko dute hiru urteko epean, eta eraikinen kasuan, dagokien Energia Eraginkortasun Ziurtapena eduki beharko dute. Gainera, egungo eraikien %25ek energia kalifikazioa hobetu beharko dute 2025. urtea baino lehen. Horrekin batera, eraikuntza berriko eraikinek eta egungo eraikin berriztatuek ia energia kontsumo nulua izan beharko dute, hau da, gutxienez A motako energia kalifikazioaren jabe izan beharko dira eta haien energia kontsumoaren %70 energia iturri berriztagarrien bidez ase edo bete beharko dute.  

  • Kontsumoen kontrola

Eraikin bakoitzean kontrolatuko da energiaren kontsumoa eta kontagailuetatik jasoko den kontsumoaren inguruko informazioa aztertzen laguntzeko, ekipo kontsumitzaile guztiek sistema egokiak izango dituzte. 

  • Instalazioen, ekipoen eta ibilgailuen floten berritzea

Petrolioaren eratorriak diren erregaien erabilera murriztea da helburu edo irizpide nagusia instalazioak, ekipoak eta ibilgailuen flotak berritzerakoan. Hala, euskal administrazioak energia aldetik errendimendu handiko produktu, ibilgailu, zerbitzu eta eraikinak eskuratu edota eginaraziko ditu, maila goreneko eraginkortasuna dutenak, hain zuzen ere. Gainera, lizitazioetan, zerbitzuak emateko irizpide horiek kontuan hartuko dituzten hornitzaileak lehenetsiko dira. 

  • Mugikortasun planak

100 langile baino gehiago duten administrazioaren lantokietan garraio plan bana garatuko dute bi urteren epean, lantokira joan-etorrien inguruko kostuak, abantaila ekonomikoak, sozialak eta energetikoak aztertuko dituena.  

Bestetik, egingo diren eraikin berrietan ibilgailu alternatiboak kargatzeko guneak egokituko dira eta bizikleten erabilera errazteko eta aparkatzeko lekuak izango dira bertan. 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau