Berriak Lehendakaritza

Herritar gehienek egokitzat jotze dute eusko jaurlaritzak gastu publikoa murrizteko hartutako neurria

2010.eko uztailak 29

Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen arduradunak, Victor Urrutiak, krisiari eta fiskalitateari buruz telefonoz egindako azterlan bat aurkeztu du gaur goizean.

Telefono bidezko ikerketa honek maiatzeko 42. Soziometroak aurreratutako krisiaren inguruko zenbait gaitan sakontzen du. Halaber, fiskalitateari eta euskal erakundeen funtzio eta konpetentzia banaketari buruzko beste galdera batzuk ere planteatu dira.

 Ikerketa honen zehaztasun teknikoak banatutako dosierrean kontsulta daitezke. 18 urte edo gehiagoko biztanleriaren laginak 1200 elkarrizketa bildu zituen Euskal Autonomia Erkidego osorako. Informazioaren bilketa uztailaren 12tik 14ra bitartean egin zen.

 Emaitzak

 KRISIARI AURRE EGITEKO NEURRIEN EZAGUTZA

 *Krisiarena urka borrokatzeko Gobernu Zentralak hartutako lan erreforma neurrien ezagutza zabala egiaztatu da (%82). Biztanleriaren heren batek (%32k) "beharrezkoak" ikusten ditu neurri horiek eta ehuneko berak "ez beharrezkoak" (%32). Gainerakoek ez dute lan erreformari buruz ezer entzun (%18) edo ez dakite gai horri buruzko iritzirik ematen edo ez diote galderari erantzun (%18).

 *Gehiengoak (%56k) dio egokia dela Eusko Jaurlaritzak gastu publikoa murriztea, krisi ekonomikoaren aurka borrokatzeko eta zerbitzu publikoen kalitatea mantentzeko, eta %32k, aldiz, ez dela egokia.

 *Beste erakunde batzuek hartutako neurriei dagokienean (Foru Aldundiak eta udalak), inkestatutako hamar lagunetik lauk "ez dakite" edo "ez diote erantzun" galderari. Biztanleriaren herenak bakarrik dio badakiela erakunde horiek Eusko Jaurlaritzaren neurrien modukoak hartu edo hartuko dituztela (%29 Foru Aldundien kasuan eta %33 udalen kasuan).

 PROIEKTU EZAGUNAK KRISIAREN TESTUINGURUAN

 * Zazpi proiekturi buruz (bi lurralde historiko bakoitzekoak eta bat komuna) herritarrek duten ezagutza eta emandako garrantzia jaso da. Horietatik Abiadura Handiko Trena (AHT) da ezagunena (%96) eta jendeak garrantzi handiena ematen diona (6,5). Urdaibaiko Guggenheim museo berria inkestatuen %89k ezagutzen dute eta horri ematen dio jendeak garrantzi gutxien (3,2). Horrekin batera, San Mamesgo futbol zelai berriak ere antzeko emaitzak jaso ditu.

 FISKALITATEA

 *Presio fiskalaren balorazioari buruzko iritzi zatiketa. Inkestatuen %45i presio hori gehiegizkoa iruditzen zaio eta %42ri, aldiz, nahikoa. Usterik zabalduena da Euskadin Espainiako gainerako lekuetan baino presio fiskal handiagoa dagoela (%44). Beste konparaketa ikuspuntu batetik, %13k bakarrik uste dute Euskadin presio hori Europako herrialde garatuenetan baino handiagoa dela.

 *Gehiengoaren iritziz Euskadin iruzur fiskal asko edo nahikoa dago (%59). CISen datuen arabera, iritzi hori bera Espainiako biztanleen %83k daukate, Espainiari buruz.

 EUSKAL ERAKUNDEAK

 *Zergak arautu eta biltzeko erakundeek dituzten funtzioen ezagutza argirik ez da antzeman. Inkestatuen %34k diote Foru Aldundiek dutela zerga-arauak ezartzeko ardura, eta beste %44k beste erakunde batzuei dagokiela (%27k Eusko Jaurlaritzari, %14k Gobernu Zentralari, %3k Udalei). %22k ez dakite edo ez diote galdera horri erantzun. Pertzepzioa oso antzekoa da zerga bilketa funtzioari dagokionean, kasu honetan erantzun zuzena eman dutenen ehunekoa altuagoa bada ere (%45ek diote ardura hori Foru Aldundiena dela eta %32k beste erakunde batzuei dagokiela).

 *Oro har, inkestatuen gehiengoak dio erakundeen artean (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak) eskumenen bikoizketa gertatzen dela (%48) eta koordinazio txarra dagoela (%51).

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Víctor Urrutia