Berriak Osasuna
Eu

Bularreko minbiziaren detekzio goiztiarrerako Osakidetzaren Programak 20 urte bete ditu jardunean, eta 7.369 tumore detektatu dira fase goiztiarrean programa honi esker

2015.eko urriak 15

Urriaren 19a, 2015eko Bularreko Minbiziaren Mundu Eguna

 2014an Euskadin 575 kasu berri detektatu ziren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko eta Osakidetzako detekzio goiztiarraren programari esker

 

1995eko azaroan hasi zenetik, baheketari esker bularreko 7.369 minbizi detektatu dira, kasu horietako gehienak fase goiztiarrean, gainera. Estrategia honekin eta beste alderdi batzuekin (programan sartutako baliabide asistentzialak eta aurrerapenak, tratamendu eraginkorrakoak, eskaintzen den diziplina anitzeko arreta eta arreta pertsonalizatua) Euskadiko pazienten biziraupena luzatzea, eraginkorragoak diren zein hain inbaditzaileak ez diren tratamenduak eta bizi-kalitate handiagoa lortu dira.

Egun eta azken datuen arabera, bularreko tratamendu kirurgiko kontserbadore bat jaso dutenen biziraupen-tasa % 80,7koa da: 10 emakumetatik 8k.

Hogei urte hauetan, Osakidetzako Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarraren Programaren (% 80tik gorako partaidetza bikaina izan duen programa honen) bidez, berdintasun-baldintzetan, 2 milioi hitzordu baino gehiago egin dira eta, guztira, 1,6 milioi mamografia egin dira.

Urriaren 19an bularreko minbiziaren mundu-eguna izango denez, bularreko minbiziak eragindako emakumeen Katxalin elkarteak antolatutako prentsaurrekoan parte hartu du Osasuneko sailburu Jon Darpónek. Prentsaurreko horretan, minbiziak eragindako emakumeen elkarte horiek eta emakume horien gertukoek egiten duten lana eskertu du; halaber, programako profesionalei ere eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan egindako lanarengatik.

Osasuneko sailburuak bularreko minbizia detektatzeko programak duen garrantzia nabarmendu du, berdintasun-baldintzetan, bularreko minbiziaren heriotza-tasa jaisten lagundu baitu: «egun gaixotasun honi aurre egiteko dagoen prebentzio-neurri bakarra eta armarik onena da».  Ildo horri jarraiki, adierazi du baheketa-programa honekiko konpromiso sendoa duela eta Osasun Sailak programa honi laguntzen eta baliabideak ematen jarraituko duela, baita Osakidetzak dituen gainerako programei ere. Zeren programa horien guztien helburua minbizia gaixotasunaren hasierako egoeretan detektatzea da, biziraupen handiagoa eta hain inbaditzaileak ez diren tratamenduak bermatzearren.

Hala, 2014an, baheketa faserako 5 milioi euro bideratu ziren; halaber, 2014an eta 2015ean, Osakidetzak, 740.000 euroko inbertsioarekin, belaunaldi berriko 4 mamografo digital erosi ditu. Horrek guztiak hobekuntza nabarmena ekarriko du egiten diren azterketako kalitatean. Egun, programako mamografien % 100 mamografo digitalek egiten dituzte.

Hurrengo urteari begira, Osakidetzaren 2013-2016 aldirako Ildo Estrategikoei jarraiki eta kalitatezko arreta hobetzeko eta bermatzeko helburuarekin, bularreko minbizia detektatzeko programan kalitate-irizpideak aplikatuko dira, nazioarteko estandarren arabera.

Era berean, batetik, diziplina anitzeko arreta-ereduarekin jarraituko da, Bularreko Unitate Funtzionaletan eta Bularreko Batzordeetan oinarrituta, pazienteari arreta integrala emate aldera; horrela, diagnostiko/terapia aukerarik onena eskainiko da eta hainbat baliabide asistentzialen koordinazioa erraztuko da.  Eta, bestetik,test genetikoen bidez, arreta pertsonalizatua eskainiko da hautatutako kasuetan; horrela,kimioterapia aplikatzeak onurarik ekarriko duen jakin ahal izango da.

Arrisku-taldeekiko arreta hobetzen jarraituko da. Horregatik, 40-49 urte bitarteko emakumeen kolektiboan, 1. graduko familiarteko (gurasoek, anai-arrebek, seme-alabek) batek bularreko minbizia izan duen identifikatuko da eta emakume horiek aurrekari horiek izanez gero, programan sartu eta bertan mantenduko dira. Emakumeen ahalduntzea indartuko da, sentsibilizazio-jarduerak eginez eta programa hobetuz, programaren gogobetetzeari buruzko bi urtez behingo inkestako emaitzetan oinarrituta.  Azken inkestan, emakumezko erabiltzaileek oso ondo baloratu zuten programa. 

Eta, azkenik, pazientearen segurtasuna hobetze aldera, instalazioen eta mamografia-ekipamenduen kalitate erradiologikoa bermatzeko programa hobetuko da.

 

 

BULARREKO MINBIZIAREN DETEKZIO GOIZTIARRAREN PROGRAMA

Osakidetzako bularreko minbizia detektatzeko programa 50 eta 69 urte bitarteko emakumeentzat da eta 40 eta 49 urte bitarteko emakumeentzat ere bada, emakume horien lehenengo graduko familiarteko batek bularreko minbizia izan badu. Guztira, Euskadiko 303.000 emakume (38.800 Araban, 101.000 Gipuzkoan eta 163.200 Bizkaian).

Baliabide asistentzialak 

Programaren jarduera egin ahal izateko, Bularreko Unitate Funtzionalak daude. Unitate horien osaera hauxe da: kudeaketa-unitate 1, 10 baheketa-unitate, 14 mamografo eta diagnostikorako zein terapiarako 7 unitate; horiek guztiak bularreko zazpi batzordetan banatuta daude, ospitale garrantzitsu bakoitzeko bana.  Batzorde horiek astero bilera egiten dute dagokien ospitalean, kasuak aztertzeko eta diagnostikoari zein tratamenduari buruzko erabakiak hartzeko.

Txertatutako aurrerakuntzak

Programak bete dituen 20 urte hauetan hainbat aurrerakuntza handi izan dira prozesuaren fase guztietan: bahetzean bertan, diagnosia berresten nahiz tratamenduan.

Besteak beste, hor dira mamografia digitala analogikoa ordeztu baitu, eta biopsia kirurgikoak neurri batean baztertu dituzten diagnostiko-teknika berriak, hala nola mamotomia eta orratz lodi bidezko biopsia. Halaber, Osakidetzak ganglio zelatariaren teknika eskaintzen du, gaixotasuna galtzarbeko ganglioetara zabaldua den jakiteko aukera eta, hala, kasu askotan galtzarbean ebakuntza ez egiteko aukera ere ematen duena, eta gerora arazo gutxiago agertzen dira. Azken berritasuna test genetikoak sartzea izan da eta, ondorioz, hautatutako kasuetan, kimioterapia ematea egokia den ala ez jakin daiteke, eta, horrela, kasu batzuetan ez da ematen kimioterapiarik.

 

 Donostian, 2015eko urriaren 15ean

 

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @DJacomeNorato
    2015.eko urriak 15

    Comentario de Twitter:
    El Programa de detección precoz de cáncer de mama Osakidetza cumple 20 años y ha permitido detectar 7.369 tumores http://t.co/QPsEpaGpmO

  • @HUAospitalea
    2015.eko urriak 15

    Comentario de Twitter:
    El Programa de detección precoz de cáncer de mama Osakidetza cumple 20 años de actividad y ha permitido detecta... http://t.co/yU8b9b4Us0

  • @HUAospitalea
    2015.eko urriak 15

    Comentario de Twitter:
    Bularreko minbiziaren detekzio goiztiarrerako Osakidetzaren Programak 20 urte bete ditu jardunean, eta 7.369 tum... http://t.co/BSZZlD5T2Y

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)