Berriak

Eusko Jaurlaritzak ETE-etarako kreditua arintzea defendatu du Bruselan

2015.eko urriak 12

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak Eusko Jaurlaritzaren zazpi proposamen eraman ditu Eskualdeetako Lantaldearen Osoko Bilkurara

 Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza Eskualdeetako Lantaldearen Osoko Bilkuran parte hartzen ari da egun hauetan. Eusko Jaurlaritzako Sailek proposatutako zazpi zuzenketa defendatuko ditu, lehendakariaren izenean, bilkura horretan. Proposamen horietatik gehien nabarmentzen dena enpresa txiki eta ertainentzako kreditua aritzeari buruzkoa da. 

Osoko bilkura gaur, urriaren 12an, hasiko da EBko hiriburuan urtero egiten diren Open Days edo ate irekien jardunaldien inaugurazioarekin. Bihar (asteartea) eta asteazkenean lantalde hori, Europar Batasuneko Aholku Batzorde bat den heinean, ohiko legegintza-jardueran arituko dira bertako kideak.

Hori dela eta, Europako ekimenak eztabaidatuko dituzte eta Eusko Jaurlaritzak, guztira, zazpi zuzenketa aurkeztuko ditu finantzaren, klimaren eta merkatu digitalaren arloan.

Ildo horri jarraiki eta «Lurraldearen garapenerako tresna finantzarioei» buruzko txostenari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak eskatu du epeak ahalik eta gehien gutxitu daitezela enpresen eskura tresna finantzarioak jartzen direnean; izan ere, erantzunak berehala ematea funtsezkotzat jotzen da ETEen krediturako sarbidea errazteko eta arintzeko.

«Paris 2020an klimari buruzko mundu-akordio bat lortzera bidean» izeneko txostenari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak herri-administrazioak izan behar duen paper bultzatzailea eta eredugarria indartzea proposatu du. Horretarako, administrazioaren jarduera propioa garatzeko efizientzia energetikoa sustatuko litzateke, produktu eta zerbitzu berdeak erosiz eta kontratatuz. Horrez gain, Jaurlaritzak uste du garrantzitsua dela tokiko zein eskualdeko administrazioen ingurumen-proposamenei ikusgaitasun handiagoa ematea, esaterako proposamen hauei: berotegi-efektuko gasak murriztea, energia aurreztea edo energia berriztagarriak erabiltzea. Horretarako, Nazio

Batuen «Compact of States and Regions» izenekoan dagoen erregistroaz baliatzea proposatu du Jaurlaritzak.

Eusko Jaurlaritzak, gainera, «Merkatu digital bakarrari» buruzko txostenari zuzenketa bat egin dio. Horrela, merkatura transferitzen diren aurrerapen teknologikoen ondorio gisa agertzen diren produktu digital berriei buruzko aipamena sartu da, baita zerbitzu pertsonalizatuei buruzko aipamena ere, balio erantsi handiagoa eskaintzen baitute.

Azkenik, Jaurlaritzak eskatu du, udalerri txikien defentsa moduan, merkatura sartzeko aukera emango dieten tokiko administrazio handiagoekin edo zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeekin lankidetza-forma berriak sustatzeko beharra dagoela adierazten duen aipamena txertatzea.

Kasu honetan, Eskualdeen Lantaldearen Osoko Bilkura honetan, Europar Batasuneko ordezkari garrantzitsu hauek parte hartu dute: Kanpo Harremanetarako eta Segurtasun Politikarako EBko goi-ordezkari eta Europar Batasuneko lehendakariorde Federica Mogherinik, Europar Parlamentuko lehendakariorde Ramón Luis Varcárcelek, Eskualde Politikako europar komisario Corina Cretuk, Ikerketa, Zientzia eta Berrikuntzarako komisario Carlos Moedasek, Nekazaritzako eta Landa Garapenerako komisario Phil Hoganek, Gizarte eta Ekonomia Digitalerako komisario Günther H. Oettingerrek eta Energia eta Klima Aldaketarako komisario Miguel Arias Cañete.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)