Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak ohartarazi du gora egin duela biktimaren irudi intimoak zabaltzearen mehatxupeko Internet bidezko estortsio kopuruak

2015.eko urriak 15
Euskadin 22 «sextortsio» salaketa jaso dira azken hilotan
 
Ertzaintzak hauteman duenez, Euskadin gora egin dute azken hilotan estortsio ekonomikoko delituengatiko salaketek: hau da, biktimaren irudi intimoak edo eduki sexualekoak zabaltzeko mehatxupean, dirua eskatzen dutenak. Ziberdelitu hori, «sextortsio» izenez ere ezagutua, 20 eta 30 urte bitarteko gizon-emakumeei eragiten die bereziki. Ertzaintzak aurrez neurriak hartzea gomendatzen du: sare sozialetan ezezagunekin erlazionatzeko garaian, edota irudi intimoak nahiz eduki sexualekoak zabaltzerakoan.
 
Ez bada ere delitu-modalitate berria, Ertzaintzak 22 salaketa jaso ditu orotara Euskadi osoan azken hilotan, eta horien erdiak Bilboko ertzain-etxean jaso dira. Hogeita bi salaketa horietatik, hamaika irailean jaso ziren.

Delitua hasi, biktimak sare sozialen batean ezezagun baten lagun izateko eskaera onartzen duenean hasten da. Estortsiogile bat izan liteke, eta talde antolatu baten barruan aritu. Biktimaren uste ona bereganatu eta haren kontaktu-zerrenda eskuratu ondoren, harremanak aurrera egiten du, bideodei bidez edo Skype bidez komunikatu arte. Estortsiogileen aldetik, biktima biluzteko edo jarduera sexual bat edo beste egiteko konbentzitzen duen emakume bat agertzen da.

Behin irudi horiek lortu dituztenean, 1000-2000 euro artean eskatzen dituzte irudiok ez argitaratzearen truke. Larderia larritzeko, estortsiogileek grabazioaren zati batzuk erakusten dizkiote biktimari; zenbaitetan, kaltetutako pertsonaren lagunartean zabaldu izan dituzte, halaber.

Ertzaintzak ikertzen ditu delitu horiek, eta, hauteman duenez, Boli Kosta edo Maroko moduko herrialdeetan egon ohi dira delitugileek erabilitako zerbitzari informatikoak. Hala ere, horrek ez du esan nahi ezinbestean hor daudela egileak.

Halako delituen biktima ez izateko, arretaz jokatzea gomendatzen du Ertzaintzak: ezezagunekin sare sozialetan erlazionatzeko garaian eta irudi intimoak edo eduki sexualekoak grabatzean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau