Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erkoreka: «Ez du ez bururik ez buztanik gobernu-presidente bat herriaren ahotsari entzuteagatik auzipetzea»

2015.eko urriak 15

Eusko Jaurlaritzako eledunak ziurtatu duenez, datozen hauteskunde orokorretan gobernua aldatzea izango da «arazo gehienen konponbidea»

Eusko Jaurlaritzako eledun eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak esan du ez duela «ez bururik ez buztanik», erregimen demokratiko batean, gobernu-presidente bat parte-hartze prozesu bat sustatzeagatik eta «herriaren ahotsari entzuteagatik» deklaratzera deitzea. Onda Vasca irratiari emandako elkarrizketa batean egin ditu Erkorekak adierazpenok; hain zuzen, Artur Masek azaroaren 9ko kontsulta deitzeagatik Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenean deklaratu behar duen egunean.

Euskadiko gobernuaren eleduna oso kritiko agertu da Gobernu zentralaren eta PPren jarrerarekin, ez soilik Katalunian gertatutakoagatik, baita hemen Euskadin ere: orain arte Euskadiko Alderdi Popularreko presidente izan dena bizikidetza-ponentzia bat eratzeko mozioa alboratzera behartu dute, eta kargua uztera eraman du horrek. «Normalizazio politikoaren eta bake eta bizikidetzaren esparruan Gobernuaren jarduna gidatu duen immobilismoaren erakusgarri, beste behin. Jarrera zurrun eta itxiak izan ditu, elkar-ulermenaren aurkakoak» esan du.

Erkorekaren ustez –ikusirik Gobernu zentrala ez dela gai beste alderdi politikoekin elkar ulertzeko eta akordiorik lortzeko– datozen hauteskunde orokorretan gobernuz aldatzea izango da «arazo gehienen konponbidea».

KONTZERTUA ETA DIRU-BILKETA

Kontzertuaren aurkako hots kritikoen inguruan, Eusko Jaurlaritzako eledunak baieztatu du «ezjakintasunaren ondorio direla», baina baita «berriz zentralizatzeko asmoaren fruitu ere». Orain arte ez da erabaki jakin batean hezurmamitu, beraz, autogobernu ekonomikoaren inguruan elkarrengana biltzeko deia egin die euskal erakundeei.

Ildo horretatik, gogorarazi du joera positiboa islatzen dutela atzo Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan ezagutarazitako diru-bilketa datuek, baina oraindik sendotu eta bermatzeke dagoela joera hori, bere isla izan dadin enpresarien konfiantzan, eta, horrenbestez, baita langileen kontratazioan ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)