Berriak Osasuna
Eu

Arabako Unibertsitate Ospitaleak zerbitzu telematiko berria abiaraziko du bihar, Erregistro Zibilari jaiotzen berri emateko

2015.eko urriak 14

Osasun Sailak Arabako ospitalea hautatu du zerbitzu honen proba pilotua egiteko; abenduan, EAEko ospitale guztietan egongo da martxan

Bihartik aurrera Lege berri bat jarriko da indarrean eta, lege horri esker, jaioberriak telematikoki erregistratu ahal izango dira; EAE izango da proba pilotua egiten duten lehen autonomia-erkidegoetako bat

 

Arabako Unibertsitate Ospitalearen Txagorritxuko egoitzan ospitalean bertan izandako jaiotzen berri Erregistro Zibilari emateko zerbitzu telematikoa abiaraziko da bihar, haur horiek erregistratu ahal izateko. Osasun Sailak Arabako ospitalea hautatu zuen proiektuaren garapenean parte hartzeko zentro pilotu izateko, eta bihar Lege berria onartzen denetik aurrera erregistro telematikoa egin ahal izango du; hartara, Estatuko ospitaleen artetik, proiektu honen proba pilotua egiten duten lehen ospitaleetako bat izango da, eta zerbitzu hori martxan jarriko duen Euskadiko lehena; izan ere, abenduan EAEko gainerako ospitaleetan baliatu ahal izango da zerbitzu hori.

Zehazki, azaroan honako ospitale hauetan hasiko da martxan: Arrasateko, Zumarragako eta Mendaroko ospitaleetan; eta abenduan, aldiz, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, Donostiako Unibertsitate Ospitalean eta Basurtuko Unibertsitatean.

Jon Darpón Eusko Jaurlaritzaren Osasuneko sailburuaren esanetan, zerbitzu berri hau Gobernu honen konpromisoaren beste adibide bat da; hain zuzen ere, Gobernuak pertsonekiko duen konpromisoaren adibide, osasun-sistema gero eta irisgarriagoa eta hurbilekoagoa eskaintzen dien aldetik.  «Osasun Sailak lan handia egin du zerbitzu hau abiarazteko; gure ustez, neurri ona da, gurasoek ez baitute Erregistro Zibilera joan beharrik izango, eta semea edo alaba erregistratzeko administrazio-izapidea errazagoa izango da», nabarmendu du Osasuneko sailburuak.

Horrenbestez, osasun-zentroa beharrezko teknologiarekin –ordenagailuak eta eskanerrak– hornitu eta sistemak behar bezala funtzionatzen duela Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailaren eta Arabako Erregistro Zibilaren arduradunen laguntzarekin egiaztatu ondoren, bihartik aurrera gurasoek osasun-zentroan bertan izapidetu ahal izango dute seme-alaba jaioberrien izen ematea. Horretarako, ordutegi zabala izan beharko du ospitaleko sarbide-puntuak.

Formulario ofiziala bete behar da, eta horrekin batera, jaioberriaren identifikazioa eta ospitaleko langileek egindako amarekiko filiazioaren egiaztapena aurkeztu beharko dira; ospitaleko zuzendaritzak 72 orduko epea izango du eskaneatutako dokumentua Erregistro Zibilera igortzeko, eta Erregistro Zibiletik frogagiri bat bidaliko zaio familiari, erregistroa ongi burutu dela bermatzeko.

Hori guztia Justizia Administrazioaren eta Erregistro Zibilaren eremuko administrazioa eraberritzeko neurriei buruzko Legeari jarraiki; izan ere, bihartik aurrera, hau da, urriaren 15etik aurrera indarrean hasiko den Legearen testuaren arabera, derrigorrezkoa da organo horri komunikazio telematikoa helaraztea ospitaleetatik.

 

                                            Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 14a

                                                                                  

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @HUAospitalea
    2015.eko urriak 14

    Comentario de Twitter:
    El HUA pone en marcha mañana el nuevo servicio para la comunicación telemática de los nacimientos al Registro ... http://t.co/cbHrPevshH

  • @HUAospitalea
    2015.eko urriak 14

    Comentario de Twitter:
    Arabako Unibertsitate Ospitaleak zerbitzu telematiko berria abiaraziko du bihar, Erregistro Zibilari jaiotzen be... http://t.co/znE3eBfMIx