Berriak
Eu

Bake eta Bizikidetza Plana amaiera fasean sartu da, gizartea elkartzea ardatz hartuta

2015.eko urriak 14

Euskal gizarteak indarkeriaren amaiera antolatua eta bizikidetzaren printzipio berritzailea eskatzen ditu. Horien premiaren adierazle da aipatutako gizarte-eskakizuna.

Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezek Bake eta Bizikidetza Plana legegintzaldiaren amaiera fasean garatzeari buruzko txostena aurkeztu du gaur goizean. Dokumentu horretan Planaren aurreikuspenak eguneratu dira eta irailaren 9an aurkeztutako kanpoko ebaluazioaren gomendioak bildu dira, gizartea elkartzea jardueraren ardatz hartuta.

Lehendakaritzan izan den prentsaurreko baten, Jonan Fernandezek esan du Eusko Jaurlaritzak bere ahalegina bilduko duela “indarkeriaren amaiera antolatua eta bizikidetzaren printzipio berritzailea lortzen, horixe baita gizartearen eskakizuna”. Gizartearen eskakizun horrek trakzio-eginkizuna izango du trantsizio-aldi honetan, adierazi du.

Diagnosia

Fernandezek bake eta bizikidetzaren arloko diagnosi-berrikusketa bat egin du. Bake eta bizikidetzaren arloan egoerak ez du okerrera egin; are gehiago, aurrera egin du eta oraindik hobetzeko tartea du. Dena den, nahi baino mantsoago aurrera egiten ari dela pentsatzen du, oro har, gizarteak. Edonola ere, bi errealitate alderatu behar dira: indarkeriaren amaiera antolatuari jarritako blokeoak eta bizikidetzaren normalizazioan emandako aurrerapausoak. Hiru dira blokeatuta dauden arloak: desarmea, espetxe-politika eta iraganari buruzko gogoeta kritikoa.

Alderdien arteko gorabeherak areagotu izana eta Bake eta Bizikidetza Batzordea blokeatzea ez dira lagungarri izan, eta zeharkako adostasun politikoak eratzeko aukerak neutralizatu dituzte, azaldu du idazkari nagusiak.

Aurreikuspenak

Legegintzaldiaren amaierako fase honetako Jaurlaritzaren ahalegin guztien xedea honako ideia hau da: indarkeriaren amaiera antolatua eta bizikidetzaren printzipio berritzailea lortzea. Helburu hori zazpi lehentasun hauen bidez lortu nahi da:

-Desarmea. Eusko Jaurlaritzak jarraituko du ETAri eskatzen armagabetzeko eta desagertzeko prozesu behin betiko, atzeraezin, baldintzarik gabe, erabateko eta egiaztagarria gauza dezala. Gainera, Espainiako Gobernu berriari desarmeari eta amaiera antolatuari buruzko proposamen berri bat aurkeztu dio, 2014ko abenduaren 21ean aurkeztutakoa eguneratuta eta berraktibatuta. Aldi berean, ekimena eragile politikoei helaraziko die. Eusko Jaurlaritza prest dago laguntzeko, baita desarmearen alorrean nazioarteko ekimenaren kolider izateko ere, baldin eta behin betiko amaitutzat jotzeko bada. Eusko Jaurlaritzak ez du parte hartuko epeka desarmearen berri emateko edo dosifikatzeko diseinatutako operazioetan.

-Espetxe-politika. Eusko Jaurlaritzak, lege eta giza printzipioetan oinarrituz, normaltasun penala eta espetxe-normaltasuna lortzeko jarraituko du lanean, birgizarteratzera eta bizikidetzara xedatua. Zigor- eta espetxe-arloetako politikaren proposamen berria aurkeztuko dio Espainiako Gobernu berriari, Zuzen Bidean eta Hitzeman programetan oinarrituta. Dispertsioaren eta beto kolektiboen amaiera aldarrikatzen jarraituko du, horiekin presoei ukatzen baitzaie banakako espetxe-onurak baliatzea eta gizarteratzeko eta birsozializatzeko bide legalak hartzea.

-Autokritika. Autokritikaren pedagogia bat sustatzen ari da Eusko Jaurlaritza giza eskubideen esparruan, iraganaren kudeaketa politiko eta eraikitzailerako eredu gisa. Zuzendu proposamenean oinarrituta, aurten, urriaren 30ean eta 31n, lehen ekitaldia egingo dugu Donostia 2016rekin eta Globernance Institutuarekin elkarlanean.

-Argitzea. Terrorismoari, indarkeriari eta giza eskubideen urraketei buruzko azterlanetan, ikerketetan eta argitzeko nahiz egiazko prozesuetan sakontzen jarraituko da.

-Biktimak. Biktimen politika publikoekin aurrera jarraituko du Jaurlaritzak. Hainbat programa sustatzen jarraituko du, hala nola, Adi-adian, Erretratuak, Gertu eta Eraikiz. Batera konpromisoa garatuko du, biktimen politikek, iraganera ez ezik, etorkizunera ere begira dezaten, eta biktimen eta gizartearen arteko lotura sustatzearren. Horren osagarri,·giza eskubideak urratu zaizkien aitortu gabeko biktimei aitorpena egiteko legea adosteko proposamena aurkeztuko du aurtengo udazkenean.

-Memoria. Gogora, Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutua abian jartzea izango da, hain zuzen, legealdi amaierako ardatz estrategikoetako bat. Indarkeriari uko egiten dioten eta giza eskubideen konpromisoan eta bizikidetzaren helburuan oinarritzen diren oroimen-politikak sustatuko dira.

-Bizikidetzarako kultura eta hezkuntza. Bizikidetzaren kultura sustatzera xedaturiko ekimenak artikulatzen jarraituko du Jaurlaritzak, hezkuntzaren, partaidetzaren eta konpromiso etikoaren bitartez. Lankidetza-jarduerak sustatuko ditu elkarteekin, hezkuntza-agenteekin, Gazteriaren Kontseiluarekin, EiTBrekin, EAEko unibertsitateekin, PEACE Program-ekin eta Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioarekin.

Erakundearteko lankidetzari dagokionez, foru aldundiekin eta Eudelekin lankidetzan jarduteko asmoa du Jaurlaritzak eta 2016ko Donostiako Kultur Hiriburutzaren Bakearen faroarekin lankidetza estuan jarduteko konpromisoa beteko du.

Zeharkako konpromisoa

Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak adierazitakoaren arabera, proiektu honen gainean Jaurlaritzak duena zeharkako konpromisoa da: jarduera guztietan, ezer baino lehen, adostasuna lortzea izango da helburua. Adostasunik ez badago, “arriskatuko garen lehenak izango gara, egoeraren desblokeoa sustatzeko”, esan du Fernandezek. “Ez gara geldirik egongo”.

Behin hauteskunde orokorrak igarota, Eusko Jaurlaritzak elkarbizitzarako akordio-oinarri baten proposamena prestatuko du. Agiri horren oinarrian egongo dira zoru-etikoa eta Bake eta Bizikidetza Planak jasotzen dituen mikro-akordioen proposamenak. Lanabes bezala aurkeztuko da bizikidetzaren arloan espazio partekatua sortzeko epe ertainean.

Aurrez aipatutako guztiak helburu argi bat du: indarkeriaren amaiera antolatua eta bizikidetzaren printzipio berritzailea bideratzea. Gizartea elkartzea da helburua. “Guztiok eman behar dugu zerbait helburu hori lortzeko” adierazi du Fernandezek, izan ere, “gizartea elkartzea herrialde- eta etorkizun-proiektua da” haren ustez. 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2015.eko urriak 18

    ¿Hay algún informe sobre Memoria Histórica?
    ¿Existe algún proyecto del GV junto a Diputaciones y Ayuntamientos al respecto?
    Mapa de Memoria Histórica, actos organizados por cada Ayuntamiento, etc.

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)