Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Iosu Madariagak «ingurumen, finantza eta gizarte arloko erronkei aurre egiteko arreta-dei gisa» proposatu ditu Belgikan bai Euskadi bai datorren apirilean Euskadin egingo den Europako Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia

2015.eko urriak 15
  • Brusela: ICLEI European Membership Assembly
  • Mila bat pertsona bertaratuko dira, eta hiru lurraldeetan egingo diren ekitaldietan parte hartuko dute

 

15 10 05 Brusela, Belgika

Iosu Madariagak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak, apirilean Euskadiko hiru hiriburuetan egingo den Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia aurkeztu die gaur ICLEI Europako biltzarkideei, «tokiko eta eskualdeko gobernuei arreta-dei gisa, ingurumen, finantza eta gizarte arloko erronkei aurre egiteko». Mila bat pertsonak parte hartuko dute, hain zuzen, konferentzian.

 

ICLEI hiri eta eskualde jasangarriak biltzen dituen nazioarteko erakunde bat da. Iosu Madariagak erakundearen bilera batean parte hartu du Bruselan, Rhône-Alpeetako eskualdeko presidenteorde Bernard Soulagerekin, REXComeko idazkari eta Helsinkiko alkate Pekka Saurirekin, Europako Batzordearen eskualdeetarako zuzendari nagusi Normunds Popensekin, eta ICLEIren Europako zuzendari nagusi Wolfgang Teubnerrekin.

 

Madariaga sailburuordeak azaldu duenez, Euskadik bizitako aldaketa «ingurumen, gizarte eta ekonomia mailako eraldaketaren adibide da, sektore publiko eta pribatuak beren burua berriro asmatzeko eta ikuspegi industrial huts batean oinarritutako ekonomia batetik, ekonomia moderno, jasangarri eta karbono gutxiko batera igarotzeko agertu duen ahalmenari esker».

 

Madariagak esan du ICLEIk apirilean Euskadin egingo duen konferentziak «mugarria jarriko duela, maila globalean, tokiko jasangarritasunari dagokionez. Lanean ari gara, Aalborgeko Gutunaren eta bertan hartutako konpromisoen bide beretik, nazioarteko bilgune hori erreferentzia izan dadin datozen urteetan garapen jasangarriko politiken arloko jardunean».

 

Sailburuordeak gogora ekarri du Euskadik hondakin-sorrerako indize altua agertzen zuela duela zenbait urte, bai eta aire-kalitate eskasa ere, eta agerikoa zela ibaien ingurumen-kalitatearen eta kalitate ekologikoaren narriadura. «Ideia bat izan dezazuen, Espainiako gobernuak ofizialki izendatu zituen Bilbo eta inguruak atmosfera kutsatuko gune gisa, kutsatzaile kontzentrazio altua zuelako, eta Eusko Jaurlaritzak ez zuen 2000 urtera arte kendu izendapen hori. 70eko hamarkadan zortzi milioi tona hondakin arriskutsu isurtzen ziren Bilbo zeharkatzen duen itsasadarrera. Gaur egun, hondakin arriskutsuen 300.000 tona besterik ez dira sortzen, Euskadi osoan. Egokiro kudeatzen dira, eta lurraldearen % 20tik gora Natura 2000 Sarearen babespean dago».

 

«Euskadiren irudia –azaldu die Madariagak Bruselan bildutako espezialistei– errotik aldatu da. Jasangarritasuna faktore giltzarri izatera igaro da gure ekoizpen-ereduaren jarduera ekonomikoetan. Hala sektore publikoa nola pribatua, biak ala biak egokitu dira joko-arau berrietara, eta akuilagarri gertatu da hori produktu eta zerbitzu berriak garatzeko: eraginkorragoak eta ingurumenarekiko errespetu handiagokoak. 

 

Halaber, Udalsarea 21ek, Jasangarritasunerako Euskal Udalerrien Sareak, 2002an betetako funtzioa nabarmendu du: «izan ere, bide eman zion erakundearteko koordinazioari eta udalerriek aldaketa-prozesu horretan parte hartzeari. Gaur egun, Euskadiko 251 udalerrietatik, 203k hartzen du parte sare horretan. Hau da, Euskadiko herritarren % 97 Tokiko Agenda 21eko ekintza-planak dituen herri eta hirietan bizi da».

 

Jasangarritasun politiken eraginkortasuna islatuta geratu da Udalsarea 21ek oraintsu egindako azterketa batean, non adierazten baita 2,3 euro sortzen direla ekonomian Euskadiko toki erakundeek halako politiketan gastatutako euro bakoitzeko eta 17 lanpostu sortzen direla tokiko jasangarritasunean gastatutako milioi euro bakoitzeko» azpimarratu die Madariagak ICLEIko bileran izan direnei.

 

2020ko Ingurumen Esparru Programa eta Klima Aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategia nabarmendu ondoren –«agerian uzten baitute Euskadik ingurumena hobetzeko duen konpromisoa eta Europako eta nazioarteko gaur egungo estrategiekin bat etortzen dela, ongizatea laguntzeko–», honako hauek bultzatu ditu Madariagak: Bilbo eta jasangarritasun-irizpideetan oinarrituta hiria berroneratzeko eta berregituratzeko prozesua; Vitoria-Gasteiz "European Green Capital 2012", eraikuntza-estandar berriei eta azpiegitura berdeen estrategiei jarraitzen dien hiri atsegina; eta Donostia, "Europako 2016ko Kultura Hiriburua", bizi-kalitate handia ematen duen mugikortasun jasangarri eta motorizatu gabeko baten aldekoa».

 

«NBk onartu berri dituen Garapen Jasangarriko helburu berriei eta abenduan egingo den Klima Aldaketari buruzko Parisko Konferentziari (COP21) esker, arreta-dei bihurtuko da Bilboko Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia; hain zuzen, tokiko eta eskualdeko gobernuek Europako ingurumen, finantza eta gizarte-mailako erronkei aurre egiteko» esan du Iosu Madariagak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernard Soulage,Pekka Sauri, Normunds Popens,Wolfgang Teubner