Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2015/10/16)

2015.eko urriak 16

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Julen Arzuaga Gumuzio EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Ibon Iparragirre gaixorik dagoen presoa berriro dispertsatzeari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak «ez dio inoiz utzi» gaixo dauden presoentzako irtenbide humanitarioak proposatzeko eta bilatzeko «ahal duen guztia egiteari», lege-esparruak ematen dituen aukeretan oinarrituta, Ibon Iparragirreren kasua barne. Ildo horretan, ziurtatu du Eusko Jaurlaritza gertutik jarraitzen ari dela haren bilakaera, eta harremanetan eta gestioak egiten ari direla, haren egoera lehenbailehen hobetzeko, baina «diskrezioz» ari direla jokatzen.

Urkulluk hitzaldia baliatu du adierazteko presoak urruntzeko espetxe-politikaren kontra dagoela Eusko Jaurlaritza, eta gerturatzeko prozesu bat antolatzearen aldekoa dela, espetxe-legediak jasotzen duen moduan. Preso gaixoen kasuan, adierazi du Eusko Jaurlaritza prest dagoela prozesu hori azkartzeko neurri humanitarioak ezartzeko. Nolanahi ere, nabarmendu du ez dela erraza espetxe-politikari lotutako arazoei irtenbide praktikoak ematea eta «aldeko baldintzak» sortu behar direla . Horregatik, deia egin dio ezker abertzaleari, «ekintza zehatzak» eginez eta «jarrera eraikitzailea» agertuz elkarlan-guneak sortzeko konpromisoa hartzeko.

Galdera, Laura Garrido Knörr Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, enplegu-arloko helburuak betetzeari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak ukatu egin du Eusko Jaurlaritzak uko egin dionik planteatutako helburuak lortzeari; hain zuzen ere, enplegua da –aurten, % 1,6 haziko da eta datorren urtean % 1,7– oraindik ere helburu nagusia. «Euskadin, krisia hasi zenetik lehenengo aldiz ari da hazten enplegua, baina gu gara lehenengoak nahiko ez dela esaten, eta buru-belarri arituko gara zeregin horretan, harik eta krisialdi aurreko enplegua berreskuratu arte», ziurtatu du.

Horrez gain, lan-bitartekaritzan % 5era iristeko konpromisoari eutsi dio, Eusko Legebiltzarrak finkatutako helburua betetzeko.  Hain zuzen ere, 2013 eta 2014 artean, % 19,2 handitu da bitartekaritza-tasa. Hala, Lanbiderekin lan egin duten enpresen kopurua 5.000tik gorakoa izan da; bi urte lehenago, berriz, 4.000 baino gutxiago ziren. Euskadi Estatuko hirugarren erkidegoa da lan-bitartekaritzaren arloan eta lehenengoa izatera iristea da helburua. Horretarako ekin berri dio, hain zuzen, Lanbide berrantolatzeari.

Lehendakariak PPri gogorarazi dionez, askoz ere gehiago egin lezake Gobernu zentralak Euskadiko lan-bitartekaritza hobetzeko, adibidez: lan-erreformak indargabetu, Gernikako Estatutua bete eta enplegu-politika aktiboko eskumenen kontrako erasoak eten.

Interpelazioa, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, kontzertu ekonomikoaren sistemari eta kupoaren kalkuluari eusteari buruz.

Interpelazioa, Unai Urruzuno Urresti EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Kontzertu Ekonomikoari egindako eraso sistematikoen aurrean hartu beharreko neurriei buruz.

Interpelazioa, José Antonio Pastor Garrido Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Kupoaren Legea adosteko Jaurlaritzak dituen proposamenei buruz.

Interpelazioa, Joseba Egibar Artola Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Kontzertu Ekonomikoaren aurkako kanpainari buruz eta horri aurre egiteko Jaurlaritzaren asmoen inguruan.

Iñigo Urkullu lehendakariak euskal autogobernua eta Kontzertu Ekonomikoaren sistema propioa babesteko konpromisoa eskatu du gaur, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Lehendakariak Kontzertua zerga eta finantza arloko tresna bat baino askoz ere gehiago dela gogorarazi du. «Alde bakarreko arriskua bere gain hartu eta euskal gizartearen ongizatea bermatzen duen bizikidetza politikoko itun solidario bat da», ziurtatu du.

Lehendakariak Eusko Jaurlaritzak Kontzertu Ekonomikoa babesteko aurrera eramango dituen ekimenetako batzuk azaldu ditu. Horietako lehenengoa pedagogikoa da eta esparru hau beste autonomia-erkidego batzuetan eta Europan azaltzea eta ezagutaraztea barne hartzen du. Gainera, iragarri du datorren hilean liburu bat argitaratuko dela Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz.

Bigarren ekimena politikoa da. Ikusirik gaur egungo Gobernu zentralak ez dituela nahi konpondu indarreko kupoaren ordainketaren interpretazioari buruzko desadostasunak, lehendakariak ziurtatu du Espainiako gobernu berriarekin egingo duen lehenengo bilerako agendan egongo dela kupo berri bat finkatzeko proposamena.

Azkenik, hala foru-lurraldeetako batzar nagusiei nola Eusko Legebiltzarrari eskatu die bat egiteko Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta Eudelek asteazkenean, sistema hori babesteko, sinatutako erakunde-adierazpenarekin.

Galdera, Hasier Arraiz Barbadillo EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, pertsonak galdetzeagatik erkidego baten presidentea tribunaletan esertzen dituen Estatuarekin negoziazio emankorrerako aukeren inguruan. 

Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritza «politika judizializatzearen aurka» dagoela berretsi du; orobat baieztatu du Artur Mas presidentearen inputazioak agerian uzten dituela Espainiako Gobernuaren ezintasuna eta erantzun politikoaren falta. Hala ere, azpimarratu du «negoziaziorako atea» ez dela itxi behar.

Urkulluk esan du elkarrizketaren eta negoziazioaren bitartez bakarrik lortuko direla irtenbide politikoak, «ez Espainiako Gobernuaren itxikeriaren eta inposizioaren bitartez». 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)