Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatu du Euskadin lan egiten duten finantza entitate nagusiekin

2015.eko urriak 14

Finantza entitateek bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzen ahalegintzeko konpromisoa hartzen dute

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean Euskadin lan egiten duten finantza entitate nagusiekin. Ekitaldia Euskadiko Artxibo Historikoan ospatu da.

Hitzarmena sinatu duten finantza entitateak ondorengoak izan dira: BBVA, Laboral Kutxa, Banco Santander, Kutxabank, Bankoa Crédit Agricole, Caixabank, Caja Rural de Navarra, Banco Popular eta Banco Sabadell Guipuzcoano.

Gernikako Autonomia Estatutuaren arabera, euskara eta gaztelania biak dira hizkuntza ofizialak Euskadin, eta hemengo biztanle guztiek dute bi hizkuntza ofizial horiek ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea. Gainera, Estatutuak berak eta Euskararen Legeak betebehar zehatz bat ezarri zien euskal herri-aginteei: neurri egokiak hartzea euskara erabiltzeko eskubidea egiazki bermatzeko gizarte bizitzako arlo guztietan.

Denok gara kontsumitzaileak eta denok gara erabiltzaileak. Denok gara finantza entitate baten bezero. Eta denok gara hizkuntza eskubide batzuen jabe, kontsumoaren alorrean ere. Eskubide horietan lehena da, nahi dugun hizkuntza ofiziala baliatu ahal izatea, euskara nahiz gaztelania, zerbait erosterakoan, kontu bat zabaltzerakoan, mailegu bat eskatzerakoan... Halaxe aitortzen digu legeriak.

Eta lankidetza hitzarmen hau, hain zuzen ere, bide horretan elkarrekin aurrera egiteko pentsatuta dago: herritarren hizkuntza eskubideen alorrean elkarlana zehaztu eta egonkortzeko, eta indarrean dagoen araudiak aitortutako hizkuntza eskubideak bermatzeko, sinatzaile bakoitzari dagokion eremuan.

Lankidetza hitzarmenaren edukia:

Lehenik eta behin, finantza entitateek bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzen ahalegintzeko konpromisoa hartzen dute. Horretarako, eta indarrean dagoen legeriarekin bat eginik, hainbat jarraibide gauzatzen ahaleginduko dira.

  1. Idatzizko harremanetan, euskaraz eta gaztelaniaz izango dira:
  • Txekeak, kreditu txartelak… eta bezeroei eskaintzen dizkieten gainerako dokumentu guztiak.
    • Seinale guztiak, toponimikoa barne.
    • Jendaurrean jartzeko kartel edo errotuluetan ageri den informazio finko edo aldakorra.
    • Jendearen eskura dauden inprimaki edo katalogoak.
    • Bezeroek bete behar dituzten inprimakiak.
  1. Ahozko harremanetan:
  • Bezeroari arreta emateko zerbitzu eta departamentuek bezeroari arreta emateko prest egon behar dute, bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan aritzen dela ere. Eta, ondorioz, pertsonal berria hartzerakoan, betebehar hau bermatzeko neurriak hartuko dira.
  • Telefono bidez, era pertsonalean edo automatikoki, eskaintzen den zerbitzuan ere, euskararen erabilera bermatuko da.

Finantza entitateen konpromisoen ondoren, hitzarmenak Eusko Jaurlaritzarekiko lankidetzaren ildoak zehazten ditu. Honako hiru hauek dira:

  1. Informazioa eta ezagutza trukatzea.
  2. Aholkularitza ematea. 
  3. Eskura dituen hizkuntza baliabideak eskaintzea.

Gainera, Jarraipen Batzorde bat eratuko da, hitzarmenean jasotakoaren ebaluaziorako.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak liburuxka bat argitaratuko du kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideen gaineko oinarrizko informazioa eskaintzeko. Liburuxka hori, hitzarmena sinatzen duten finantza entitate gehienetan jarriko da bezeroen esku.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak esan du: “Hizkuntza eskubideak bermatuz denok irabazten dugu, eta, gainera euskarari leku handiagoa eta erosoa egiten dioten neurrian beren burua lehiakorrago egiten dute enpresek, baita finantza entitateek ere”.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak esan du: “finantza entitateentzat beren bezeroen hizkuntza eskubideak ez dira bigarren mailako eskubideak, eta euskara ez da bigarren mailako hizkuntza, baizik eta lehen mailakoak dira euskara eta hizkuntza eskubideak ere”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)