Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Gobernu Kontseiluak berretsi egin du sindikatuekin sinatutako akordioa, Lanbideko langileen lan baldintzak hobetzen dituena. (2015-10-13(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko urriak 13

 

Erabakia. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren funtzionario nahiz lan-kontratupeko langileen sektore-mahaiaren aurreakordioa onesten da, zeinaren bidez Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren langileen berariazko alderdiak arautzen diren.

LABURPENA

Erakunde autonomo horren egitura berrantolatzen ari zen, modernizatzeko, jasangarritasuna bermatzeko eta uneko enplegu- eta prestakuntza-beharrei erantzuteko laguntzen du akordioak.
Langileen % 70aren baino gehiagoren ordezkaritza sindikalarekin sinatutako akordioak ordainsari-osagarri bat barne hartzen du, eta, horri esker, une honetan Lanbiden lan egiten duten pertsona guztiek soldata-mailari eutsi ahal izango diote.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak langile lan-kontratudun finkoak funtzionario bilakatzeko prozesua hasteko epeak zehazten dira, eta formula zehatzak ezarri ditu erakunde autonomoko langileen enpleguari eusteko.

Gobernu Kontseiluak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Mahai Sektorialean ordezkaritza duten sindikatuek lortutako akordioa. Horri esker, enplegu publikoari eutsi ahal izango zaio, bai eta erakunde autonomoan gaur egun lan egiten duten pertsonen soldata-maila ere.

Akordioa joan den irailaren 30ean sinatu zuten LABek, CCOOk eta UGTk -Lanbideko langileen % 70 ordezkatzen dute zentral sindikal horiek-, eta Lanbideren egitura berrantolatzeko prozesuari amaiera ematen dio. Berrantolaketa horren helburua modernizatzea, jasangarritasuna bermatzea eta euskal herritarren uneko enplegu- eta prestakuntza-beharrei erantzutea da. Hori horrela, urriaren 1az geroztik, lanpostuen zerrenda berria dute Lanbideko langileek. Zerrenda berriak 918 postu ditu; aurrekoak baino 104 gehiago (hots, % 12,77 gehiago).

Orain dela bost urte transferitu ziren enplegu-politika aktiboak, eta epe hori igarota amaitu da Lanbideren berregituraketa, Eusko Jaurlaritzak kalitatezko enplegu publiko eta egonkorrarekiko duen konpromisoari jarraiki. Prozesuaren helburuetako bat Lanbideren bitartekotasun-tasak txikitzea izan da, bitarteko langileek urteetan lortutako ezagutzak eta abileziak galdu gabe, hau da, administrazioa kapitalgabetu gabe.

ERABAKIA

Hemendik aurrera, Lanbideko langileek ordainsari-osagarri errebalorizagarri bat izango dute, soldata-mailari eutsi ahal izateko. Gainera, erakunde autonomoko langile lan-kontratudun finkoa funtzionario bilakatzeko prozesua hasiko da 12 hilabeteko epean, eta langile lan-kontratudun mugagabeei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan garatu ahal izango diren aldi baterako enplegua finkatzeko prozesuen bitartez beren enpleguari eusteko aukera emango dieten formula guztiak bultzatuko dira.

Halaber, datorren 31ra arte gutxika amaitzen joango diren programetako behin-behineko langileei geratzeko aukera ematen saiatuko dira, lanpostuen zerrenda berrian sortu berri dituzten lanpostuen bitartez edo Euskadiko Administrazioko lan-poltsetan sartuta.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak lan-orientatzaileen lan-poltsa sortzeko hautaketa-prozesua deituko du, eta horretan aktibo dauden langileak sartuko dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau