Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Euskal herritarrek iritzi hobea dute orain atzerriko etorkinei buruz

2015.eko urriak 14

Eusko Jaurlaritzako Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariak, José Luis Madrazok, eta Ikuspegi–Immigrazioaren Euskal Behatokiaren zuzendariak, Gorka Morenok, gaur aurkeztu dituzte 2015eko Barometroaren emaitza itxaropentsuak, Bilbon, EHUko Bizkaiko Kanpuseko errektoreorde Carmelo Garitaonandiarekin batera. Azterlan horretan, euskal gizarteak atzerriko immigrazioari buruz dituen jarrera eta iritziak jaso dira.

Krisia hasi zenetik lehen aldiz, % 12,4raino jaitsi dira fenomeno horren aurkako iritziak; ez zen 2008tik halako portzentajerik ikusten. Halaber, krisi aurreko mailatan kokatu da tolerantzia-indizea: % 58,04, datu hori kontabilizatzen hasi zenetik bigarren puntuazio altuena.

Eusko Jaurlaritzako Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendari José Luis Madrazoren ustez, emaitzak «etorkinekiko tolerantzia gero eta handiagoa adierazten du, bai eta berresten ere, euskal gizartearen gehiengoak jotzen duela hobetzat ohitura eta usuak partekatzea». 2014an eta 2015ean, % 10,8raino jaitsi da legez kanpoko biztanle etorkinak kanporatu behar direla uste duen pertsonen portzentajea: nabariki beheratu da 2013ko % 16,6ko datuaren eta 2012ko % 21,3ko datuaren aldean.

Gora egin du etorkinak osasun- nahiz hezkuntza-sisteman sartzearen aldeko iritzien portzentajeak ere. Azken urteetan nabariki beheratutako datu bat da, eta krisi aurreko zifretara itzuli da orain.

Inguruko beste gizarte batzuk bezala, euskal erkidegoak modu anbibalentean erantzuten du immigrazioaren fenomenoaren inguruan galdetzen zaionean, eta ekonomiaren zer-nolakoei oso lotuta egoten jarraitzen dute bertakoen iritziek. «Datuek aditzera ematen dutenez, immigrazioarekiko jarrerek lotura hertsia dute abagune ekonomikoarekin: ekonomiaren hobekuntza-itxaropenen eta ekonomiarekiko konfiantzaren baitan daude gizartearen gogo-aldarte baikor nahiz ezkorrak» adierazi du ildo horretatik Gorka Morenok, Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiaren zuzendariak.

Jarrera-multzoen (tolerante, anbibalente, aurkako) azterketak aldaketa garrantzitsuak izan ditu 2015ean. Hala, immigrazioarekiko tolerante diren pertsonen multzoak inoiz lortutako indize altuena lortu du (72,35) eta nabariki egin du gora tamainan –euskal biztanleen % 37,1 izatetik % 43,3 hartzera igaro da–. Multzo horrek gora egin du bai tolerantziaren zabalkundeari bai intentsitateari dagokienez.

Bestalde, talde anbibalentea egonkor mantentzen da: 52,74 puntu lortu ditu indizean eta euskal gizartearen % 41,9 ordezkatzen du. Azkenik, aurkako pertsonen multzoa % 21,8 izatetik % 14,9 izatera igaro da, 31,27 puntuko tolerantzia-indizearekin. Hau da, gutxiago dira eta behera egin du, halaber, tolerantzia-mailak.

Euskadiko Autonomia Erkidegoan, 2015 urte hasieran, 137.397 kide biltzen zituen kolektibo horrek. 2012an, ia 152.000 erroldatu izatera iritsi zen, baina ordutik atzerritar gisa erroldatutako pertsonen kopurua 15.000 gutxiago izateraino jaitsi da. Gaur egun, euskal biztanleen % 6,3 hartzen du talde horrek.

Nolanahi ere, berriz agertzen da gehiegizko ordezkapenaren efektua: hau da, bertako biztanleek benetako bolumenaren oso gainetik hautematen dute atzerritarren presentzia (% 16,5, % 6,3ren aldean). Era berean, galdetutako pertsonen % 46,6k uste du etorkin «asko edo gehiegi» dagoela. Beste erdiak, zehazki % 49,4k, kopurua «egokia edo are txikia ere» dela uste du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Carmelo Garitaonandia, Vicerrector del Campus de Bizkaia de la UPV-EHU, Gorka Moreno, director del Observatorio Vasco de la Inmigración (Ikuspegi)