Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak prestakuntza saio berri bat egin du goi karguen artean gobernantza onaren eta etika publikoaren balioak sustatzeko

2015.eko urriak 22
  • Bartzelonako Unibertsitateko filosofia moraleko eta politikako katedradun emeritu Victoria Camps Cerverak «Etika publikoa eraikitzea» izeneko hitzaldia eskaini du.
  • Etika Publikoaren Batzordearen ekimenez hasitako sei hilean behingo hitzaldi sortan hirugarrena da honakoa eta Eusko Jaurlaritzak baliabide publikoen kudeaketa etiko, eraginkor eta iraunkorrarekiko hartutako konpromisoa islatzen du.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak Eusko Jaurlaritzako eta haren erakunde instrumentaletako goi-mailako zuzendaritza exekutiboa osatzen duten pertsonentzako hirugarren lan-jardunaldia inauguratu du gaur goizean. Oraingoan, Bartzelonako Unibertsitateko filosofia moraleko eta politikako katedradun emeritu Victoria Camps Cerverak eskaini du hitzaldia, «Etika publikoa eraikitzea» izenekoa. Jardunaldian, eguneroko ekinbide publikoa egituratu behar duten printzipio etikoak aztertu eta eztabaidatu dituzte.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) antolatu ditu prestakuntza-saioak eta hauen helburua gobernu honetako goi-kargudunek sinatutako Etika eta Jokabide Kodean jasotako balio, printzipio eta jokabideak ezagutaraztea eta ezartzea da, era horretan, gobernantza onarekiko eta politikaren zentzu morala berreskuratzearekiko konpromisoan sakondu ahal izateko.

Saioa Etika eta Jokabide Kodeari atxikimendua adierazi dioten pertsonei zuzendutako jardunaldi- eta mintegi-zikloaren parte da. 2014ko urrian hasi zen, «Eredugarritasun publikoa» izenburupeko saioarekin, Javier Gomá Lanzónen eskutik. Ondoren, aurtengo martxoan, Carles Ramiók honako hitzaldia eman zuen: «Administrazio moderno baterako lidergo politiko ona».

Sei hilean behingo hitzaldi sorta hau Etika Publikorako Batzordearen ekimenez jaio zen eta Eusko Jaurlaritzari administrazioa etika publikoaren arloan hobetzeko hedapen- eta prestakuntza-programak sustatzeko konpromisoan aurrerapausoak ematea ahalbidetzen dio. 

ETIKA-KODEA

Euskadiko Administrazio Orokor eta Instituzionalean zuzendaritza exekutiboko erantzukizun-postuak dituzten 334 pertsonak sinatu dute Etika eta Jokabide Kodea. Horrek, bada, helburu hauek ditu: ekintza publikoko eredu konprometitu eta arduratsuagoak ezartzea, zuzendaritzako praktika hobeak sustatzea eta herritarren eta zuzendaritza-langile publikoen arteko konfiantza indartzea. Beraz, lortu nahi da batetik eguneroko zereginetan zintzotasuna, gardentasuna, parte-hartzea, erantzukizuna, zerbitzu publikoko borondatea eta beste printzipio etiko batzuk txertatzea, eta bestetik jarduera garatzerakoan gardentasuna, kudeaketa-eraginkortasuna, erabateko dedikazioa, inpartzialtasuna eta beste batzuk oinarri hartzea.

36 GAI EBATZITA

Etika Publikorako Batzordeko kideek Etika eta Jokabide Kodearen ezarpenaren eta garapenaren oso balantze positiboa egiten dute, eta nabarmentzen dutenez, goi-karguek kodea behar bezala betetzeko proposatutako gaiei esker, doktrina-oinarri bat osatu da, eta horrek aukera ematen du arduradun publikoen jarduera bideratzeko, irizpide etiko zorrotzei jarraiki.

Etika Publikoko Batzordeak 36 gai ebatzi ditu 2013ko urrian sortu zenetik gaurko egunera arte. Kasu gehienak goi-karguek egindako kontsultak dira, hain zuzen ere, Gobernuaren eremutik kanpoko jarduerak egiteko bateragarritasunari buruzkoak. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)