Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta "la Caixa" Gizarte Ekintzak lankidetza hitzarmena sinatu dute, Lanbide Heziketako ikasleen ekintzailetasunari bultzada emateko helburuz

2015.eko urriak 13

“la Caixa” Gizarte Ekintzak 110.000 euro bideratuko ditu Urratsbat programaren bidez Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikastetxeetan ikasleek sortutako enpresak finantzatzen laguntzeko

2004-2005 ikasturtetik, Lanbide Heziketako ikasleek 521 enpresa sortu dituzte Urratsbat programaren bidez. Horietatik %72,75 jardunean dira egun

Jorge Arevalo, Lanbide Heziketako sailburuordeak Ikaslan Gipuzkoa (Lanbide Heziketako Institutu Publikoen Elkartea) eta “la Caixa” Gizarte Ekintzaren arteko lankidetza hitzarmena sinatzeko ekitaldian parte hartu du gaur goizez Donostian. Akordio honi esker, “laCaixa” Gizarte Ekintzak finantziazioan lagunduko die Urratsbat programaren bidez Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikastetxeetan 2015ean zehar ikasleek sortutako enpresei.

Gaur goizez sinatutako akordioaren bidez, “la Caixa” Gizarte Ekintzak 110.000 euro bideratuko ditu elkarlan honetara. Ikaslan Gipuzkoa elkarteak funts hori dagoeneko legalki osaturik dauden Lanbide Heziketako ikasleen enpresa proiektuen artean banatuko du –edozein direlarik ere hauek hartu duten forma juridikoa eta sektorea-, beti ere enpresok Urratsbat programaren bidez 2015ean sortuak badira. Diru-kopuru horren zati bat ekintzaile-kultura sustatzeko eta Urratsbat programari zabalkundea emateko ekintzetara ere bideratuko da.

Era berean, akordioan jasoa gelditu da 52 beka eskaintzea ere. Ikaslan Gipuzkoa elkarteko ikastetxeek Erasmus+ programan praktikak egiteko aukeraturiko ikasleei zuzenduko zaizkie beka horiek, bidaia gastuak ordaintzeko lagungarri.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera parte hartzaile izan dira: Ruben Riaño, CaixaBank-en Euskadi eta Kantabriako Erakunde-Zuzendaria; Iñaki Mujika, Teknika Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroko Zuzendari Exekutiboa; eta Nicolas Sagarzazu, Ikaslan Gipuzkoako Presidentea.

Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak akordioaren balorazio oso positiboa egin du, “esparru publiko eta pribatuaren arteko elkarlan hau oso eremu garrantzitsuan gauzatu baita: ekintzailetzari eta ekintzaile-kultura barneratzeari dagokion eremuan. Are garrantzitsuagoa da akordio hau –gehitu du- krisitik irteten ari garen garai honetan. Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat ehun produktiboa lehenera ekartzea da, eta horretan, Euskadiko Lanbide Heziketa funtsezko lana ari da burutzen”, nabarmendu du sailburuordeak.

Bestetik, Ruben Riañok, CaixaBank-en Euskadi eta Kantabriako Erakunde-Zuzendariak, “la Caixa” Gizarte Ekintzaren lehentasuna gazteen arteko enplegua sustatzea dela azaldu du. Horretarako, aurten 500.000 € baino gehiago bideratuko dituzte euskal unibertsitateekiko hitzarmenetarako, Lanbide Heziketako elkarteetarako, eta hiru lurralde historikoetako patronaletarako eta helburu hori duten beste hainbat Gobernuz Kanpoko Erakunde nahiz eragilerentzako. Incorpora programa ere nabarmendu du. Bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonak kontratatzea ardatz duen programa honek aurtengo urtarrila eta iraila bitartean 569 lanpostu erraztu ditu Euskadin, 298 enpresaren lankidetzari esker.

Urratsbat programa

Lanbide Heziketako ikasleen ekimen sortzailea sustatzen duen programa bat da Urratsbat, ikastetxeak enpresa-inkubagailu bihurtzen dituena. Horretarako, programan parte hertzen duten ikastetxeek ekintzailearen bulegoa jartzen duten ikasleen eskura, baita beren instalazioak ere, proiektua merkaturatze-fasean dagoenean garatzeko. Lanbide Heziketako ikasleei beren enpresa sortzen laguntzea du helburu nagusia programak.

Urratsbat programan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak programa dinamizatzeko arduradun bat dauka: “irakasle dinamizatzailea”. Pertsona hau ekimen sortzailea sustatzen duten jarduerak planifikatzeaz eta antolatzeaz arduratzen da, eta baita enpresa-ideia bat aurkezten duen ikasleari prozesu horretan laguntzeaz ere.

Ikastetxeak ikasle ekintzaileari formazioa, tutoretza eta proiektuaren jarraipena eskaintzen dizkio, irakasle dinamizatzailearen laguntzaz. Gazte ekintzaile hauek, gainera, Lanbide Heziketako ikastetxearen instalazioak eta tresneria ere erabil ditzakete  euren enpresa-proiektuaren hastapenetan.

Tknika, Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa, programaren koordinazioaz eta ikastetxe-sarearen dinamizazioaz arduratzen da. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak berriz, programarako beharrezko bitartekoak ipintzen ditu, Lanbide Heziketaren IV. Euskal Planaren ardatzetako bat baita ekintzailetza.

Urratsbat programa Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleei nahiz ikasle ohiei zuzendua dago, baina baita ikastetxearekin ikastaroen bidezko harremana duen beste edozein pertsonari ere.

521 enpresa sortu dira, %72k jardunean jarraitzen dute

2004-2005 ikasturtean programak ibilbidea hasi zuenez geroztik, bertan parte hartzen duten ikastetxeek ia 1.200 proiektu ekintzaile tutorizatu dituzte. Baina daturik esanguratsuena sortutako enpresa kopuruari dagokiona da: 2004-2005 ikasturtetik 521 enpresa sortu dira Urratsbat programaren bidez eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan. Joan den 2014-2015 ikasturtean bakarrik, Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleek 71 enpresa sortu zituzten, horietatik 27 Gipuzkoan. Egun, programa martxan jarri zenetik sortu diren enpresa guztien artetik %72,75ek jardunean jarraitzen dute.

Ekintzaile-kulturaren inguruan ikasleekin egiten den sentsibilizazio lana da, zalantzarik gabe, aurreko datu horiek azaltzeko gako nagusietako bat. Azken hamaika urte hauetan, Urratsbat programaren bidez, Lanbide Heziketako 53.751 ikaslek jaso dute ekintzailetzaren inguruko sentsibilizazioa, horietatik 9.194k azken 2014-2015 ikasturtean. Egun, Euskadiko 55 ikastetxe ari dira Urratsbat programan parte hartzen, horietatik 14 Gipuzkoakoak.

Lanbide Heziketako ikastetxeetan sorturiko enpresa hauen forma juridikoari dagokionez berriz, gehiengo zabala, %61, enpresario autonomo gisa sortzen dira hastapenean. %27k sozietate formaren bat hartzen dute (SL eta Koop. Elk.), eta gainerako %12, aldiz, ondasun-erkidego eta sozietate zibil gisa sortzen dira. Urratsbat programaren bidez sorturiko enpresa berri bakoitzak, bataz beste, 1,64 langilerekin hasten du ibilbidea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ruben Riaño (Caixabank), Iñaki Mujika (Tknika), Nicolas Sagarzazu (Ikaslan Gipuzkoa)